[Gutuna] Balorazioa inauteriez

Tolosako EAJ eta EGI 2017ko mar. 14a, 12:09

Balorazioak egiteko garaia iritsi da, eta Tolosako EAJk eta EGIk ere tolosarren ekintzailetasuna, partaidetza, umorea eta errespetua azpimarratu eta txalotu nahi ditu.

Aurtengo Inauterien atarian argi adierazi behar izan zuen Tolosak ezetz! oihukatzen duela; ez batek zera adierazten duela, ezetz! Kanpaina honek oihartzuna izan du, eta zoriontzekoa da. Bestalde, Ostegun Gizenetik hasita, umorea, kolorea, irribarrea nagusitu dira, eta zoriontzekoa da. Herritarrek egindakoa zoriondu, aitortu eta txalotu besterik ez dugu. Sariak ere banatu dira, sailkapen bat eginez, baina denek merezi dute aitortza; konpartsa, aisialdi talde, zein familia edo kuadrillek.

Erruz erakutsi du Tolosako herriak zer den giro bikainean eta errespetuz aritzea. Tamalez, Ostegun Gizenean umorearen ildotik urrun haserrea ere piztuko zuen baten batek, izan ere Tolosako kaleetan pintaketak egin zituen, ustez, Inauteriak oso ongi ulertzen ez dituen batek. Esan gabe doa, bertakoak zein kanpotik etorritakoak, egindakoa guztiz lekuz kanpo dagoela, eta honelako «ekintzak» ez datozela bat inolaz ere Inauterien izpirituarekin. Beraz, EAJren eta EGIren gaitzespena adierazi nahi dugu.

Baina ez dira horrelakoak izango Inauterietan protagonista, ez, lehen esan bezala. Udalak berak gazteak eta kontsumoaren inguruan egindako lana txalotu nahi dugu. Nabarmena izan da aldez aurretik egindako lana, alegia, prebentzioarena. Astelenitan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako lana ere guztiz eskertzekoa da. Oso bestelakoa izan da tolosar guztion kezka izaten den auzi honek Inauteriez eman dezakeen irudia. Argazkia aldatu da aurten. Eskerrik asko.

Eskerrak eman nahi ditugu era berean, kale eta bazterren berehalako garbiketaren kudeaketan udalak egin duen esfortzua. Txalogarria.

Zerbitzu publikoaren eskaintza zabala eta aberatsa izan da. Herritar askoren joan-etorria erosoa izan da ondorioz, eta aukerak zabaldu herrira gerturatzeko.

Asko dira kontuan izatekoak, eta txalotzekoak, hemen aipatutakoak batzuk baino ez dira. Balorazio oso positiboa egiten du EAJk eta EGIk aurtengo Inauteriez, eta bide batez, herritar guztiak zoriondu nahi ditugu.

EAJ eta EGI  Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!