Ekosistema digital bilakatuko da Usabal, hamaikagarrenez

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 13a, 18:54

Ostiralean zabalduko dute 11. Gipuzkoa Encounter, 400 ordenagailu eta 600 parte hartzailerekin; segundoko 10Gb-eko internet konexioa izango dute.

Hamaikagarren urtez, Tolosako Usabal kiroldegiak modu berezian zabalduko ditu ateak, ostiralean: Gipuzkoa Encounter party erraldoirako. Atzo aurkeztu zuten aurtengoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan eta, urterokoa egiturari jarraituko dio topaguneak, berrikuntzen sokari tiraz. Horrela, iaz sortutako OpenGunean herritarrek parte hartzeko aukera izango dute, eta enpresei begirako hitzaldiak eskainiko dituzte, gainera.

Aurkezpenean izan ziren Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatua, Olatz Peon Tolosako alkatea, Aitor Cobanera SPRIko teknologia eta berrikuntza zuzendaria, Nerea Lupardo Euskalteleko harreman instituzionaletako zuzendaria eta Sabino San Vicente Euskaltel Konektako zuzendaria. Guztiek ere bat egin zuten, halako hitzordu batek Gipuzkoari nahiz Tolosari dakarkion onura nabarmentzerakoan.

Izan ere, izena eman dutenekin bakarrik, 600 pertsona bertaratuko dira, ostiraletik igandera, Tolosara. 400 ordenagailurentzako lekua izango da Usabal kiroldegian, eta segundoko 10Gbeko internet konexioaz gozatu ahal izango dute party-ko parte hartzaileek.

Horrekin batera, ordea, OpenGuneak ere jende asko erakartzea espero dute antolatzaileek, Sabino San Vicentek azaldu zuenez: «Iaz 500-600 pertsona espero genituen gune ireki horretan, eta 2.000 bertaratu ziren. Horrela, aurten, gutxienez, iazko marka berdindu nahi dugu». Eta, hori horrela izan dadin, hitzaldi, tailer nahiz tresna gehiagoz hornituko dute gunea.

Batetik, haurrei begirako tailerrak prestatu dituzte, led-en programazioa, argi efektuak, koloreak nahiz mugimenduak sortu ahal izateko; micro-bit plaka elektronikoekin lan egiten ere irakatsiko diete.

Bide beretik, gainera, edozein herritarrentzat, enpresentzat internet bidezko salmenta, zibersegurtasuna edo Instagrama promoziorako eta espezializatutako herritarrentzat ere datuen inteligentzia, argazkigintza, matte painting-a, renoise trackerra nahiz biltegiratze masiboa izango da hitzordurik, ostiral eta larunbatean.

Azkenik, aipatzekoa da Gipuzkoa Encounterrek proiektu berri baten finala ere hartuko duela aurten: Euskaltel e-gamesen finala. Sabino San Vicenten azaldu zuenez, bideo jokoetan semi-profesionalak direnen txapelketa antolatu du Euskaltelek, estreinakoz, eta Tolosan izango da finala.

«HARRIBITXI BAT»

Aurkezpen agerraldian parte hartu zuten guztiak azpimarratu zuten Gipuzkoa Encounter bezalako party baten «harribitxi» izaera; jakintza partekatzeko gunetzat jo zuten, eta baita, askotariko jendea elkartuz, egitasmo berrien sorburutzat ere. «EAEko informatika party-ak erreferentzia dira Europan, konektibitateari dagokionez», zehaztu zuen Nerea Lupardok.

Teknologiari lotutako onurekin batera, baina, Olatz Peon Tolosako alkateak nabarmendu nahi izan zuen, party-ak herriari ekartzen dion onura: «Ostatu eskaintza guztia beteta dago Tolosan, eta zerbitzuen sektoreari onura ikaragarria ekartzen dio asteburu horrek; gure agendetan ekitaldi bat gehiago da. Jende guztia prest izaten da laguntzeko, eta hori seinale ona da».

Antolakuntzako kideek, esaterako, landetxe oso bat eta Zuloaga Txiki aterpetxea hartzen dituzte eurentzat, San Vicentek zehaztu zuenez: «250 parte hartzailek, berriz, Laskorain ikastolan izango dute, aurten, lotarako lekua; gainontzekoek Tolosan hartzen dute aterpe. Gainera, badakigu Eroski supermerkatuak produktu gehiagoz hornitzen duela bere denda, asteburu horretan, eta Larrea katerinak ere otorduak eskaintzen ditu, hala nahi dutenentzat». Halaber, antolakuntzak urtero egin ohi duen galdeketaren arabera, Gipuzkoa Encounterreko parte hartzaile bakoitzak, bataz beste, 250 euroko gastua egiten du asteburuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!