Hilaren 19ko galdeketa babestu du Tolosako udalbatzak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 9a, 10:42

Otsaileko ohiko osoko bilkura martxoaren 7an izan zen, inauteriek hitzordua atzeratuta; Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala ere onartu zuten.

Otsaileko azken astearteak hartu behar zuen ohiko osoko bilkura, baina inauterien azken txanpak astebetez atzeratu zuen bilkura, pasa den asteartera. Mozioak nagusi izan ziren plenoan, eta datorren martxoaren 19ko galdeketarako deiak hartu zuen protagonismoa: EAJk eta EH Bilduk beren babesa eskaini diote Tolosaldeko Giltzarriak antolatutako galdeketari.

Giltzarriak «herritar ororen bilgune» izan nahi duela zioen mozioak eta, «erabakitzeko eskubidea, emaitzaren gainetik, gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena» dela. Horrela, beraz, mozioa onartuta, Tolosako Udalak dei egin die herritarrei, galdeketan parte hartu eta norbere iritzia gauzatzera.

«Eskatzen ari garena ez da kontu arraroa». Halaxe azaldu zuen Olatz Peon alkateak, Eusko Alderdi Jeltzalearen izenean: «Europan antzeko prozesuak egin dituzte, errespetu osoz eta elkarrekin. Gainera, legeek ezin dute printzipio demokratikoen gainetik egon».

Euskal Herria Bilduren ustez, berriz, «etorkizunaren jabe izateko ariketa praktikoa» izango da datorren martxoaren 19ko galdeketa, eta «eztabaida publiko bat mahai gainean jartzeko modutzat» jo zuen hitzordua, Ibai Iriartek: «Halako egitasmoek elkarbizitza sustatzen dute, nahiz eta batzuek gizartea zatitzen dutela esan. Hori hala balitz, hauteskunde prozesu oro litzateke zatitzailea. Gure ustez, pertsonek legeen gainetik egon behar dute».

Bi alderdi abertzaleen botoa jasota onartu zuten Tolosaldeko Giltzarriaren mozioa, izan ere, Cristian Fernandez PSE-EEko zinegotziak konstituzioa hizpide izan zuen hitza hartutakoan, galdeketaren egitasmoa zalantzan jarriz: «Espainiako Konstituzioaren erreforma bat proposatu behar da, eta hori egitea Eusko Jaurlaritzari dagokio, autogobernu ponentzian».

MOZIOEN PLENOA

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira ere, adierazpen instituzionala aho batez onartu zuen udalbatzak. Eudelek proposatutako testuak kargu publikoetan ari diren emakumeak jarri zituen erdigunean. Horrela, Tolosako Udalak emandako aurrerapausoak azpimarratzearekin batera, oraindik egiteko dagoen bidea gaia zeharka landuz egingo dutela baieztatu zuten.

Halaber, Guernica Gernikara eramateko mozioa, Garoña ixteko eskatzeko mozioa, alkate kurduei elkartasuna adierazteko mozioa eta Altsasuko gazteen auzia Iruñean epaitzeko eskaera ere onartu zituen udalbatzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!