Maskarak inauterietan eta historian

Fernando Rojo 2017ko ots. 25a, 08:26

Maskaratzearen helburu behinekoena identitatearen ezkutatzea edo, beste helburu batzuk lortzeko xedeaz, identitate-mutazio bat izatea da. Gaur egun inauteriekin hertsiki lotuta daude.

Gaur egun, maskarak eta pertsonaia maskaradunak inauteriekin hertsiki loturik agertzen zaizkigu, baina baita kutsu animista duten, talde etniko ezberdinetako erritualekin ere. Biak ala biak, halaber, elkarrekiko lotura zuzen-zuzena dute, horixe baita inauteria, fosilizatuta baina bizirik dirauen antzinako hainbat erritualen antzezpen edo plazaratzea. Folklorearen barruan, beraz, maskarak eta herri-ohiturak bereizi ezin diren bi elementu dira. Dena den, ezin dugu esan maskarak, oro har ikusita, historian zehar xede bat eta bakarra izan duenik, ezta gaur egun funtzio bakarra duenik ere.

Maskaratzearen helburu behinekoena identitatearen ezkutatzea edo, beste helburu batzuk lortzeko xedeaz, identitate-mutazio bat izatea da. Kasu bakoitzean aldatzen dena testuingurua edo ezkutatze-mutatze horren motiboak dira. Esate baterako, ezagutzen dugun pertsonaia maskaradun zaharrena Frantziako Cave des Trois Freres leizezuloan dugu, historiaurreko horma-artelan bat da eta itxura guztien antzera txaman bat adierazi nahi du. Txaman honek, adituen ustez, irudikatzen duen antilopearen indarrak lortu nahi ditu. Horrela animalien maskarak eta elementuak oso hedatuta egon dira antzinako tradizio eta zibilizazioetan. Baita gurean ere, noski.

Egun ere, maskara munduko gizarte eta kultura askotan dago presente eta, esan dugun bezala, funtzio ezberdinak izan ditu. Horien artean, hiru bereiz ditzakegu, batik bat: funtzio erritualistikoak, funtzio praktikoak eta funtzio ludiko-festiboak. Horregatik, aurkituko ditugu Txinako operan, gasari aurre egiteko gerra kimikoetan, Txamanismoan, Veneziako inauterietan, Maliko Dogonen erritoetan, Unanuko Mamuxarroetan, Erdi Aroko zaldunetan, Minabeko (Iran) azokan emakumeek jantzita, Greziako jai dionisiakoetan eta beste egoera askotan.

Funtzio praktikoari helduta lehenik, adibide xelebre bat aipatuko dugu. Azken urteotan bada nazioartean oso ezaguna bihurtu den maskara bat, anonymus deiturikoa. 1982an David Lloyd komikigileak sortu eta 2005eko V for Vendetta pelikulak zabaldu zuen Guy Fawkes XVI. mendeko errebelde katolikoa irudikatzen duen maskara. Anonymus gaur mundu osora zabaldu da protesta politikoaren sinbolo gisa. Erdi Aroan, berriz, beste adibide esanguratsu bat zaldunek betetzen zuten torneoetan. Zaldun haiek bi xede lortzen zituzten burdinazko kasko-maskara haiekin: batetik, euren burua babestea eta, bestetik, euren identitatea ezkutuan mantentzea. Beste adibide garbi bat, kasu honetan helburu praktikoa duena, gasaren aurkako maskarak dira. Lehen Mundu Gerran, arma kimikoen erabilpen masiboa hasi zenean, ejerzito ezberdinek, zerbait asmatu behar eta, maskara hauek sortu zituzten frontean euren burua arerioaren gasetatik babesteko.

Funtzio ludiko-festiboetan ere topatuko ditugu maskarak, kasu askotan mundu zabalean zehar. Horien artean ezagunena Txinako Operarena izango da seguru asko. Oso kasu berezia da eta agian bakarra; izan ere, kasu honetan maskarak benetako artelanak dira eta bakarrak esan nahi dugu, «<erabili eta botatzeko» estilokoak direlako. Opera horietako protagonistak pertsonaia zehatzak dira, historiko edo mitikoak izan daitezkeenak, baina gainean daramaten maskara ez da «benetakoa», ordu askotako lana eskatzen duten makillajeak baizik, behin antzezlana amaitzean ezabatu egingo direnak. Baliko (Indonesia) antzezlanetan, berriz, egurrezkoak erabiltzen dituzte, deabruak irudikatuz, adibidez. Antzezlanetan pertsonaiak irudikatzeko maskarak erabiltzearen ohitura oso zaharra da; Grezian eta Erroman ere erabiltzen zituzten, batzuetan buru osoa estaltzen zutenak. Gaur egun, ezagun eta gertuago, Veneziako inauterietakoak ditugu, mundu mailan oso ezagunak bilakatu direnak, asko marché paperez egindakoak. Karaktere hauek, jatorriz, Italiako Commedia Dell'Arteko pertsonaietatik eratorritakoak dira, eboluzio bat izan eta Veneziako inauterietako protagonista finko eta zehatzak bihurtu dira.

Hala ere, hasieran esan dugun bezala, maskarak gaur egun inauteriekin eta funtzio erritualistikoekin lotzen dugu batik bat, eta Euskal Herria ez da horretatik salbu geratzen. Esaterako Zuberoako inauteriek Maskarada izena hartzea esanguratsua da, bertako pertsonaien artean batek berak ere ez duenean maskara janzten. Hala ere, gure herrietan barrena bada hainbat adibide maskararen erabilera funtsezko ezaugarritzat dutenak. Baditugu oihalez egindakoak, zakuekin egindakoak edota burdinazkoak. Berezienetakoa, dudarik gabe, Beriain mendi magalean dagoen Unanua herriko Mamuxarroak dira. Zuriz jantzitako pertsonaiok, hurritz makila eskutan dutela herritarrak beldurtzeko aterako dira, karriketan korrika makilkadak ematen topatzen duten neska eta bisitari orori, etxeetan ere ate, balkoi edo leihoetatik sartuz. Katola izeneko maskara hauek kobrez egindakoak dira eta hiru koloretan margotuta daude, bekain lodi eta bibote zabal batzuez itxura pintoresko bat emanez.

Badira aurpegia estaltzeko sailkaezinezko oihal bat jartzen dutenak ere, Lesakako Zakuzarrak edo Lantz, Lizartza eta beste herri batzuetako txantxoak, esate baterako. Lapurdiko inauterietan, Uztaritzen Ponpierrak eta Kotilun Gorriak irteten dira kalera dantzan Kaskarot dantzariei lagunduz. Hauei urre-koloreko lentejuelaz apaindutako oihalezko maskara gorri batek estaltzen die aurpegia, maskara hau ttuntturroan josita zintzilik daramatelarik. Dudarik gabe, ordea, euskal bazterretan dugun maskararik misteriotsuena Pirinio inguruetan dugu, Otsagabian, hain zuzen ere. Inauteriz kanpo, iraila aldean Muskildako Amaren omenezko jaietan, dantzarien gidari den Bobo izeneko pertsonaia bat ateratzen da dantzan. Honek bi aurpegi dituen oihalezko maskara bat darama. Aurretik bata, zuria, eta atzetik bestea, beltza. Bobo pertsonaia bera eta gainean daraman maskara oso zailak dira sailkatzeko, zein den bere jatorria eta zein bere esanahia misterio bat da, baina janzkerari erreparatuz Erdi Aroko bufoi eta Commedia Del'Artekopertsonaietatik hurren dagoela dirudi.

Ez zitzaion arrazoirik falta La Baskonia aldizkariari inauteriei buruz ari zenean XX. mende hasierako ale batean; bertan zalantzan jartzen zen maskara janzten zenik jai hauetan: «El Carnaval no es más que un desahogo de la humanidad, que respira tres días quitándose la careta. Es un breve entreacto en la eterna mascarada de los siglos». Hori ere egia baita, egun xelebre eta bereziotan, maskararen bat janztea baino gehiago eguneroko maskara da kentzen duguna. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!