Zaldunita bezpera 2017

«Ez dut txarangarik gabeko inauteririk irudikatzen Tolosan»

Mikel Iraola 2017ko ots. 25a, 09:07

Mozorroa azken unean prestatzen duten horietakoa da Iñaki Odriozola. Inauteriak nola biziko dituen galdetuta, ezinbestean pertsonalitate bikoitzari egin behar izan dio erreferentzia: «Bi zati izango ditut. Musikari gisa lehenengo; kuadrillarekin mozorrotuta, ondoren».

Aurrez guztia prest duen horietakoa zara, ala azkenerako uzten duenetakoa?

Pentsatuta izaten dut, badakit zer jantziko dudan. Baina justu-justu aurreko egunean prestatzen dut, beti azken unean ibiltzen naiz.

Eta nola osatzen duzu mozorroa, etxeko gauzekin edo erositakoekin?

Egunaren arabera. Ostegun Gizenean beti etxetik hartutako gauzekin ateratzen naiz, eta ondorengo egunetan kuadrillan erabakitzen dugunaren arabera.

Nola biziko dituzu aurtengo inauteriak?

Bi zati izango ditut. Musikari gisa lehenengo; kuadrillarekin mozorrotuta, ondoren. Ostegun Gizenean Pintxana txarangarekin ateratzen naiz urtero; Ostiral Mehean emakumeen danborradako txarangan. Larunbat goizez Udaberrik antolatutako Dantzari Txikian ibiltzen gara, eta arratsaldean, berriz, helduen danborradan jo behar dut bandarekin, baita igandeko dianan ere. Igande eta asteartean, sukaldariz jantziko naiz kuadrillakoekin, eta Astelenitan, Kazkabarrarekin. 

Gogorra al da musikari lana?

[Barreak]. Zertxobait bai. Kanpotik ikusten da parrandan gabiltzala, baina asko gozatzen badugu ere, ordu asko dira, eta leher eginda amaitzen duzu azkenerako. Ezetz badirudi ere, nekatzen du, bai. Dianaren kasuan, adibidez, luzea da gogorra baino gehiago.

Zer zara gehiago, inauterizale ala txarangazale?

Txarangazale esango nuke.

Zein da inauterietako zure unerik kuttunena?

Asko gustatzen zait Ostegun Gizen bezperan egiten den txupinazoa. Lehengusuek afaria egiten dugu aurretik, eta urtero joaten gara. Berezia da, giro bikaina izaten da, guztiok hurrengo goiza iristeko gogoz gaudelako.

Eta txarangazale gisa gehien atsegin duzun unea?

Dianaren hasiera edo Ostegun Gizenean lehen notak jotzen ditugun unea, une horietatik aurrera guztia ahazten duzulako. Inauterietan murgiltzen zara.

Inauteriak hasi aurretik txaranga doinuak jartzen dituzu, edo beharrik ez?

Jartzen ditut, jartzen ditut. Kotxean eta etxean, gehienbat.

Zer lirateke inauteriak txarangarik gabe?

Ez dakit, ez dut horrelakorik irudikatzen. Oso ezberdinak lirateke. Txarangak Tolosako inauterien bereizgarrietako bat dira.

Zer dira ba zuretzat Tolosako Inauteriak?

Dagoen festarik onena da. Astebetez burbuila moduko bat sortzen da Tolosan, eta hemendik kanporako guztiaz ez zara jabetu ere egiten. Batzuetan egunerokotik ateratze hori oso ondo etortzen da.

Eguraldiak axola al du?

Bai. Giroan nabari da, jendeari nabari zaio. Eguraldia edozein dela ere gu berdin aterako gara kalera, baina eraginik ez duenik ezin esan. Euririk ez bada jende gehiago gerturatzen da, eta giro hobea izaten da.

Eta Inauteriak amaitzean zer? Urteko gainontzeko egunetan ere inauteria bizi duen horietakoa zara?

Inauteriak bukatutakoan lanera buelta. Hori bai, aste horretan aurreko egunetako argazki eta bideoak ikustea tokatzen da. Berriro martxa hartzen hastea kostatzen bada ere, bizitakoa berrikusteak neke hori arintzen du. Gainontzean, ezer berezirik ez. Gabonen ostean hasten naiz pixkanaka pentsatzen. Txarangekin ere berdin. Urtean zehar entzuten ditudanean gehiago gozatzen dut beste doinu batzuk entzuten, inauteritakoak beharrean.

 

MOTZEAN

Eguna ala gaua? Eguna.

Kantu bat? Galtzaundi.

Mozorro bat? Pailazoarena. Duela urte batzuk horrela mozorrotu nintzen, eta inork ez ninduen ezagutu, aurpegia margotuta nuelako. Hori da azken batean inauteriek duten xarma.

Egun bat? Ostegun Gizena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!