Emakumeak mahaian

IƱigo Terradillos 2017ko ots. 23a, 09:56

Gure Kaiola elkartean ezohiko argazkia izango da gaur; egin duten arau aldaketarekin, bazkideekin batera emakumeek ere afaldu ahalko dute.

Joxe Mari Arakamak, Gure Kaiola elkarteko bazkideak, 2007 urtean proposatu zuen betiko ohitura aldatu beharra zegoela, eta emakumeei sarrera eman behar zitzaiela Ostegun Gizen egunean: «Bazkide bakoitzak eskubidea izan behar zuela nahi duen pertsona gonbidatzeko aldarrikatu nuen, emakume izan, edo azal beltzekoa izan». Bazkideek «oso gaizki» hartu zutela aitortu du Arakamak, eta ondorioz, hurrengo urtean araua aldatu zuten.

Azken hamar urteetan, arau aldaketaren eraginez, gonbidatzen zituzten bi pertsonen izen-abizenak jartzera behartuta egon dira bazkideak, «gonbidatuak emakumeak izan zitezkeela azaleratzeko, edo, beste era batera esanda, emakumeei sarrera galarazteko». Hala ere, Ostegun Gizenean bi emakume gonbidatu zituen Arakamak, eta urte horretan bakarrik afaldu zuten. «Hiru lagun geratu ginen afaltzen, gainerako guztiek gonbidatuen artean emakumeak zeudela ikusi, euren izenak zerrendatik kendu eta Kasinora joan baitziren afaltzera».

Hori gertatu ostean, berriro araua aldatu zuten, eta bazkideentzat soilik jarri zuten Ostegun Gizenean afaltzeko aukera, alegia, gonbidatzea debekatu zen. Orain arte mantendu da horrela, aurten lehengora itzultzeko proposamena onartu den arte. Beraz, bazkide bakoitzak bi gonbidatu eraman ahalko ditu Ostegun Gizenean, gonbidatu horiek nortzuk diren zehaztu beharrik gabe.

Arakamak dio «pozik» dagoela aldaketarekin, eta Tolosako hainbat elkartetan egoerari buelta eman zaiola uste du: «Zenbait elkartetan oso modu naturalean onartu da emakume bazkideak sartzea, beste batzuek aldiz, oso irmo eusten diote emakumeen sarrera galarazteari». Oso poliki bada ere, aurrerapausoak ematen ari dira bere ustetan: «Badakit, halaber, udala ere ari dela plangintza bat bultzatzen». Bere kasuan, Garbiñe Biurrun emaztearekin eta Iñigo Lamarka ararteko ohiarekin egin du Ostegun Gizenean afaltzeko hitzordua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!