#BadatozInauteriak 2017

Inauterietarako hondakin bilketa indartuko dute

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 22a, 18:21

Udalak inauteriak ingurunearekin errespetagarriak izan daitezen, hondakinak era egokian bereizi eta dagokion edukiontzian botatzea eskatu du.

Hondakin bolumen handia sortu ohi diren egunak izanik, ondorengo puntuetan bandejak jarriko dituzte, beti ere, ohiko eran sailkatu ezin daitezkeen hondakinak jasotzeko: Enperadore kalean, Musika Eskolan, Soldadu kalean eta Oria hotelaren ondoko aparkalekuan bandeja bana jarriko da eta bina berriz, Kale Barrenan eta Euskal Herria plazan.

Udalak edukiontzi sarea indartuko du inauterietako egunetan. Euskal Herria plazan eta Lapurdi plazan, beira edukiontzi bana eta kartoia, plastikoa, organikoa eta errefusa biltzeko 1.000 litroko launa edukiontzi jarriko dira. San Frantzisko pasealekuan berriz, lau puntu egokituko dira eta plastikoa eta organikoa jasotzeko edukiontziak jarriko dira horietako hiruretan eta beste puntu batean, 1.000 litroko errefusa, kartoia eta plastikoa biltzeko edukiontziak egongo dira. Zerkausian, amaitzeko, beira edukiontzi bat eta 1.000 litroko kartoia, plastikoa, organikoa eta errefusa biltzeko edukiontzi bana jarriko dira.

Bestalde, ez ohiko beira edukiontziak jarriko dira Alde Zaharrean: Musika eskolan, Soldadu eta Enperadore kaleetan eta Euskal Herria eta Lapurdi plazetan.

BIRZIKLATU ETA GUTXITU

Gaurtik asteazken arte, sortzaile berezien kartoi bilketarik ez da egingo (edukiontzietan utzi beharko dute kartoia) eta arrandegien hondakin bilketa, bihar, otsailak 24 eta etzi, otsailak 25ean gauzatuko da eguerdian.

Tolosako Udalak urte osoan garatzen duen hondakinen prebentzioarekin jarraituko du. «Inauterietan birziklatu, berrerabili eta zaborra gutxitu behar dugu. Aldi berean, herria garbi mantentzea guztion lana da. Hondakinak era egokian bereizi eta dagokion edukiontzian botatzea eskatzen dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!