[GUTUNA] Jaiki, jaiki sofa horretatik eta txosnetara!

Tolosako Txozna Batzordea 2017ko ots. 21a, 19:33

Edozein ostegun, arratsaldeko 19:43ak. Berriro ere berandu. Pintxo-potean lasai daudenen artean lekutxo bat egin eta kalea arineketan igaro duzu. Kurba hartu eta inoiz kontatuko ez dituzun baina nekatzen zaituzten eskailerak igotzera behartu dituzu oinak. Eraikinera sartu eta gelako atea ireki duzu. Beti dago “orain ere berandu” dioen bat. Baina ez dira denak iritsi. Ez gaude denok.

Ez gaude denok. Azken esaldi hori izan daiteke Tolosako txoznen oinarrietako bat. Euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko borrokatik hasita, aldarri sozial, politiko eta ideologikoa ahopean daukaten eragileek bultzatzen dute Euskal Herria plazan urtero altxatzen den txosna. Ez gara asko ostegunero bileretara biltzen garenak. Ikasle Abertzaleak, Ernai, Euskal Herria Sozialista eta Tolosako Gazte Asanblada (Otsabi batzuetan ere) ordezkatuz biltzen gara astero. Gure proposamenak eztabaidatzen ditugu, urtero lez eskualdeko epizentro bihurtzen den inauterietarako gure gune alternatiboa eskaintzeko. 

Gure festa herrikoien aldeko apustua ez da jai giroa bakarrik sortzeko izaten. Hots, beti dugu helburu edota konpromiso sozio-politiko bat. Aurtengoan gainera, hein batean konpromiso horrek bultzatu gaitu lanari inoiz baino kementsuago heltzea. Izan ere, bada urtebete eskas Tolosako hiru gazte muntaia polizial baten sarean erori zirela. Eta baita Tolosako Gazte Asanbladaren okupazio saiakera batengatik jasotako isunak eta horietako biri leporatu nahi dieten kartzela zigorra ere. Tolosako gazteen aurkako jazarpen hauei aurre egiteko grina eta gogoa izango dira gehienbat aurtengo txosnen euskarria. 

Beti saiatu izan gara autogestioaz landutako proiektuek espiritu bat izan dezaten. Jai giro ezberdin eta alternatiboa eskantzearekin batera, gure printzipioei jarraitu, eta herri mugimenduaren baitan hedatu eta moldatu dadin. Horregatik nabarmendu nahi dugu auzolana eta konpromiso sozial, politiko, ideologiko eta kultural baten aldeko lanketa egiten dugula. 

Txosnak ostegun eguerditik astelehen gau arte egongo dira zabalik eta berrikuntza batzuekin gatoz. Barra handiagoa izango da; beraz tragoak azkarrago aterako ditugu. Materialaren espazioa ere beste modu batera antolatzen saiatuko gara jende gehiago sartu ahal izateko. Eta txosnetako kantari dagokionez, Laketeko gure lagunei esker gure kantak txarangako doinu propioa izango du! Kaleetan entzun eta dantzatzeko aukera izango duzue beraz!

Eraso sexisten aurkako brigadei dagokienez, erasoak salatzeko telefono bat jarriko dugu, salaketarik egin nahi duenak deitu eta guk geuk neurri zorrotzak indarrean jartzeko. Ez dugu inolako eraso matxistarik onartuko eta gure txosnagunea eremu askea den bezala errespetatzea eskatzen dugu. Ez esateak garbi esan nahi du ezezkoa eta ez da inolako ukipen, mespretxu edo sexu jazarpenik toleratuko.  

Besterik gabe, giro apartaz gozatu eta aldarriz betetako gure gune autogestionatura gonbidatzen zaituztegu! Ez zaituztegu loturik nahi, ez zaituztegu telebistaren aurrean nahi! Kalean behar zaituztegu! Gora Tolosako txosnak!  

 “… eta askatasun bako mundu erraustu honetan, bizirauteko aukera bakarra, zure existentzia hutsalak errebeldia ohoratuko duen bezain libre bihurtzea dela. Zapalduz kraskatu gura dituzten orbelen udazkena. Eta jarraitu kale hotzetan borrokan; izan kale kantoiko oihartzun. Baina ekarri bueltan izango direnen irribarreak. Mendekurik ederrena”.

(Gazteak Kalean dokumentaleko poema zatia). 

Tolosako txosnak.

Erlazionatuak

Prest da Tolosako txosnen egitaraua!

Tolosaldeko Ataria 2017 ots 09 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!