#BadatozInauteriak 2017

«Sarritan, sokarik gabe egongo banintz bezala ibiltzen naiz»

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko ots. 17a, 13:04

Gorputz iletsua, aurpegi beldurgarria, eta soka luze bat. Kaldereroetako hartzak, ez du besterik behar, konpartsaren atzetik joan eta ingurukoei negar malkoren bat edo beste eragiteko. Bi aldeetan daudenei oihu egin, eta, batera eta bestera, korrika ibiltzen da. Askotan, etxeko txikienei (eta besteei ere) susto ikaragarriak ematen dizkie.  Irten aurretik, Ataria-rekin egon da, azken urteetan bizitakoak kontatzeko.

Zer da zuretzat Kalderero eguna?
Egun polita da, baina baita neketsua ere. Oso ondo pasatzen dut, batez ere, txikienekin, helduagoak direnekin ez horrenbeste. Baina, guztiekin ere gustura aritzen naiz.


Zein lotura du hartzak Hungariako kaldereroekin?
Ez dakit zein den lotura zehatza. Esan beharra dago, hemengo ijitoak irudikatzen dituen animalia, edo behintzat, beraiek ondoan eramaten dutena, ahuntza izaten dela. Kasu honetan, ni naiz hungariarren maskota, baina ez dakit zergatik.


35 urte jada konpartsarekin batera ateratzen zarela. Zer nolako zama du lan honek?
Ez da astuna izaten, eta urtetik urtera, errazagoa egiten zait. Jantzi, kalera irten, korri egin, eta haurrak izutzea da nire eginbeharra, eta ez dut zailtasunik izaten, gustura aritzen naizelako.


Zein izaten da zure eginkizuna?
Lehen aldian, mezu bat bota zidaten: Korri egin eta haurrak ikaratzeko. Askotan, ez dira beldurtzen; hortaz, korri egiten jarraitu behar izaten dut. Joan den urtekoa, pixka bat berezia izan zen; lehen aldiz, gozokiak banatu genizkien txikienei. Gazteen gainera ere bota izan naiz askotan, asko, uneoro sokatik tiraka eta oihuka aritzen direlako. Azken finean, nire lana ondo egiten badut, umeek ondo pasatzen dute, eta hori da helburua.


Haurrek dei egiten zaituzte zu erakartzeko. Ongi pasatzen duzu beraiek ikaratzen?
Ez dakit benetan beldurtzen diren. Atzetik lasterka joaten naiz, eta beraiek ere korri egiten dute, buruhandiekin gertatzen den moduan. Txikienak ikaratzea lortzen dut, dudan aurpegi beldurgarriak inpresio handia eragiten baitu, eta negar egitera ere heldu dira horietako asko, baina orokorrean, gozatu egiten dut.


Berez, ondoan izaten duzun zaintzaileak, soka batekin lotzen zaitu.
Bai. Baina, sarritan, sokarik gabe egongo banintz bezala ibiltzen naiz. Nahiko bihurria izaten naiz, eta alde egitea ere lortu izan dut.


Zer dela eta? Haserretu egiten zara?
Ez, ez da hori. Txantxa moduan egiten dut. Zaintzaileari askatzeko eskatzen diot, eta joan egiten naiz, nahita.


Urte guzti hauetan, denetariko umeak aurkituko zenituen. Urteren batean harritu al zaitu horietakoren baten erreakzioak?
Badira geroz eta jokabide okerragoa izaten dutenak. Iaz, esaterako, haur batzuk jo egin ninduten, dei egin eta kasurik egiten ez nielako; asko ostikoka hasten ziren. Horrela, ez dut ondo pasatzen, sufritu egiten dut, eta hori egiten zutenak, okerrenak ziren, nahiz eta gutxi batzuk izan. Gainera, kontuan hartu behar da, bero izugarria izaten dudala, nekaturik eta izerditan blai amaitzen dudala. Halere, bestelako erreakzioak ere izan ditut; batzuetan, ez dut haurrak ikaratzea lortu, eta askotan, muxuren bat edo beste eman izan didate, baita gurasoek ere.


Horren umeak ez direnak ere ez dira libratzen...
Ez. Guztiekin jolastea gustatzen zait.


Eta, baduzu urte hauetan bizitako anekdotarik kontatzeko?
Bai. Behin, jolas moduan hasi, eta zerbait gehiago izatera heldu zenarena. Dendari batekin izan zen. Kalean zegoen, eskailera batera igota. Berarengana hurbiltzean, segituan ohartu eta denda barrura sartu zen, atzetik segika nindoala ikusi eta zerbait larria gerta ez zedin. Baina, sartu zenerako, bere atzean nintzen, eta jauzi egin ondoren, lurrera bota nuen. Ondoan zituen bere ilobek, guztia ikusi eta sekulako sustoa hartuta, erabat beldurtu ziren. Oraindik ere, izututa jarraitzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!