Eskualdeko norabidea marraztuko duten proiektuak

Jon Miranda Labaien 2017ko ots. 16a, 08:02

Bizi biziki enpresaren, Lur-lan baserritarren kooperatibaren eta Zumardia elkartearen proiektuak lagunduko dira diruz 2017an.

Tolosaldea Saretzen plataformak proiektu estrategikoetarako bigarren deialdia egin zuen iaz eta eskualdearen garapena bultzatzeko sortu diren hiru proiektu gauzatzen laguntzeko hiru eragile saritu ditu. 2017ko Aktibatu jardunaldiak prestatzeko laguntza jasoko du Bizi Biziki enpresak (28.056 euro); Tolosan duen denda eta jatetxea kultur jardueretarako handituko du Lur-lan kooperatibak (81.196 euro); eta Zumardia elkarteak eskualdeko pertsonen bizitza aktiboa sustatuko du, natur inguruko kirolen eskaintza berritzailea eginda (10.741 euro).

Eskualdeko parte hartze sistema iraunkor eta integrala diseinatzeko prozesua 2012an hasi zen lantzen. Eragile sozial eta ekonomikoek tokiko garapenean inplikatu eta parte hartzeko foro baten beharra sumatu zuten eta 2014ko azaroan sortu zuten Tolosaldea Saretzen kontseilua.

«Eskualdeko eragile publiko eta pribatuz osatutako plataforma eta eztabaidagune parte hartzailea da Tolosaldea Saretzen», Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariaren esanetan. «Tolosaldeko garapen iraunkorraren alde sortzen diren ideia eta proiektu estrategikoak gauzatzen laguntzeko eta eskualdeko garapenaren alde bisio partekatua eraikitzeko balio du».

28 udalerriek hartzen dute parte egitasmoan eta diru funtsa bat sortzen dute egon daitezkeen proiektuak diruz laguntzeko. 120.000 euroko kapitala osatu dute 2017rako eta Peonek azpimarratu duenez, «aukeratu diren hiru proiektuen %50 finantzatuko da diru horrekin».

Garbiñe Mendizabal, Tolosaldea Garatzeneko udal saileko teknikariaren ustez bost helburu nagusi ditu egitasmoak: «Proiektu estrategiko baten sentimendua sortzea eta elikatzea bilatzen dugu. Izaera anitzeko eragile ezberdinak lankidetzan jarriz, kultura berritu baten oinarriak ipintzen eta eskualdeko garapenaren lehentasun estrategikoak finkatzen joaten dira. Tolosaldea Saretzen trukerako gunea da eta erronka estrategikoen gainean proposizio emailea ere bai».

Sei proiektu aurkeztu dira 2016ko deialdira eta Mendizabalek zehaztu ditu zein irizpide erabili dituzten egitasmoak baloratzeko: «Erreferentzialtasuna, euskararen presentzia, ingurumenarekiko errespetua eta gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna bezalako irizpideak hartu dira kontuan. Horrekin batera, eragile ezberdinen arteko proiektua izatea eta sektore berritzaile bat izatea edo ohiko sektorea modu berritzailean lantzea baloratu da. Amaitzeko ekonomikoki bideragarria izatea ere hartu da aintzat, guk emandako laguntza gabe ere martxan egon ahal izateko proiektua izatea nahi dugu».

HIRU EGITASMO ESTRATEGIKO

Martxoa bukaeran egingo ditu Bizi Biziki enpresak Aktibatu jardunaldiak. Bosgarren aldia izango da antolatzen dutena eta aurten Tolosaldea Saretzenetik jasotako laguntzarekin topaketa bi egunetara zabalduko dute eta sarea hobetzen saiatuko dira. Ekaitz Zubeltzu enpresako arduradunaren esanetan, «mundu osotik etorriko da jendea eta apustua egingo dugu enpresa publiko eta pribatuen arteko elkarlana bultzatzeko. Programa berezia prestatuko dugu harremana sustatzeko». Bigarren egunean berriz, ikastaro ezberdinak egingo dituzte lehen sektorea, turismo aktiboa eta iraunkortasuna lantzeko. Herritarrentzat jarduerak ere egingo dituzte jardunaldien amaieran.

Joseba Beitia, Lur-lan baserritarren kooperatibako kideak aipatu du zertarako baliatuko duten aurten jasoko duten laguntza: «1997tik ari gara baserriko produktuak jende multzo berri bati helarazi nahian eta helburu horrekin zabaldu genuen 2011n denda Tolosan». Baserriko produktuen salmenta eta dastatzea izan dira gune horren ardatza orain arte, baina bide berri bat urratu nahi dute aurrerantzean. «Aisialdirako espazio hori, landa eremuko kultura arloko eskaintza egiteko egokituko dugu». Plaza Berrian duten denda zabaltzeko obrak hasiko dituzte aurki.

2015ean hasi zen eratzen Zumardia natura, hezkuntza eta kirol elkartea. Bertan jarduten du Agurtzane Uzinek eta azpimarratu duenez Tolosaldea Saretzenetik jasotako laguntza falta zaizkien egiturak osatzeko erabiliko dute. «La Selva izenez ezaguna den eremua orain artean auzolanean egokitu eta berritu dugu. Orain, falta diren egiturak jarriko ditugu eta haurrek naturaz, kirola eginez goza dezaten gune aproposa osatuko dugu». Besteak beste, Oriaren ertzean ontziratokia prestatuko dute.

Bigarren deialdian lagunduko diren egitasmoak dira, baina Peonek azpimarratu duenez, «Tolosaldea Garatzeneko administrazio kontseiluak dagoeneko erabaki du edizio berri baterako diru funtsa osatzea». Aurreko bi edizioen balorazioa egingo dute aurrena, lagundu diren proiektuek eskualdeari zein bultzada eman dioten aztertzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!