Hamalau urteko ziklo bat eraberritzera dator Herrikide ikastetxea

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 15a, 10:22
Iaz Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin elkarlanean osatu zuten Haur Hezkuntzako unitate didaktiko bat.

Azken hamalau urteotan Hirukide ikastetxea izandakoa Herrikide ikastetxea izango da, aurrerantzean; barne hausnarketa baten ondorio izan dela diote arduradunek

Hiru eta Herri. Letra berberarekin hasten dira, eta bina silaba dituzte. Batek, ordea, iragana adierazten du jada, eta jorratzeko duten etorkizuna besteak. Tolosako Kristau Eskola Herrikide izango da aurrerantzean, barne-hausnarketa baten ondorioz.

Gainberri, San Jose eta Eskolapioak ikastetxeen arteko proiektu bateratua gorpuztu zuen, orain hamalau urte, Hirukide ikastetxeak. Hamarkada pasatxo lanean aritu eta gero, ordea, «aurrerapauso bat» eman nahi izan du ikastetxeak, «hirukoiztasun» hori nolabait ezabatuz: «Hiru proiektutik proiektu pedagogiko bakarra indartzen aritu gara azken urteotan, eta hezkuntzaren esparruan hainbat berrikuntza txertatu ditugu ikastetxean. Izen berriarekin ez dugu, inola ere, lehengoarekin erabat puskatu nahi izan, baina izenari ere batasun kutsua eman nahi izan diogu. Gainerakoan, gure egitasmoa lehengoaren jarraipen eta hobekuntza bat izango da».

Hala nabarmendu du Joseba Antxustegietxarte Herrikideko irakasleak, ikastetxeko berrikuntza ildoak azpimarratuz. Batetik, estimulazio goiztiarra eskolan lantzen «aitzindari» izan direla nabarmendu du, eta KIDE proiektua ere hizpide izan du: eskola jazarpenaren prebentziorako egitasmoa.

Beste zenbait ikastetxek erreferentziatzat hartu duten proiektua dela dio, eta sukaldeko lan handia eskatzen diela: «Kidetasunerako Dinamikak Eskolan da izen osoa, eta bizikidetza positiboa sustatzen du. Akronimoa KIDE da, eta ez da kasualitatea, noski: guk sortutako proiektua da, tolosarra, Made in Basque Country. Hau ez da Finlandiatik ekarritakoa, edo New Yorketik edo Malasiatik ekarritakoa, hemen landutakoa da».

Jada abiarazitako lerro estrategiko horiei jarraipena emango dion izen eta tresnatzat jo du Herrikide, eta herri hitzaren aterkia azpimarratu: «Duela hamalau urte gauza bat uler zitekeen herri hitzarekin, eta orain beste gauza asko. Gizarteko aldaketa guztiak islatu nahi izan ditugu, eta zentzu global bat eman ikastetxeari: Tolosarekin edo Tolosaldearekin pentsatzen dugu, baina baita Euskal Herriarekin edo munduarekin ere. Txikitik handira joatearekin».

Bide horretan, orain arte bezala, Kristau Eskolaren sarean jarraituko du Herrikidek: «Kristau Eskola gara, baina horrek ez du esan nahi ikasle kristauak bakarrik hartzen ditugunik. Herrian musulmanak, kristauak, ateoak,... Denetik dago, eta gu horri guztiari erantzuteko gaude», azaldu du Antxustegietxartek.

Marka berria publiko egin bezain laster Herrikide izenarekin lanean hasi zen ikastetxea, eta egin beharreko aldaketa ofizialekin buru-belarri ari dira orain; 1.300 ikasle inguru dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!