«Gertutasuna da dugun tresnarik aberasgarriena, saltoki handiek ezin baitute horrelakorik eskaini»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 14a, 10:26
Skunk Funk dendako arduraduna da Ainara Etxeberria.

Singular Dendak proiektua Tolosan martxan jarri aurretik, Ainara Etxeberriak (Tolosa, 1976) Donostian ekin zion beren denda hobetzeko lanari, duela bi urte; aitzindari izan ziren Tolosan, beste komertzio batekin batera.

Aitzindari izan zineten Singular Dendak proiektuan parte hartzen?

Bai, Donostiara joan ginelako, ikastaroa egitera. La Ratita presumida eta gu, Skunk Funk, joan ginen. Eta, iaz, Tolosan bertan antolatu zuten proiektua, eta bigarren taldea osatu zuten Tolosako merkatari haiek. Bigarren aldi hartan epeak-eta gehiago zehaztu zituzten, proba pilotuak emandako esperientziak horretarako balio izan baitzien, proiektua gehiago egokitzeko. Horrenbestez, orain, zazpi denda tolosar gaude Singular Dendak sarean.

Zerk bultzatu zintuzten horrelako programa batean parte hartzera?

Egia esan, gogoa nuen ikasitako hori freskatzeko, nolabait, motibazioz betetzeko; teoriak-eta ezagutzen dituzu, baina eraberritzea komeni da. Horregatik, proiektu horretan parte hartzea arnas-berritze moduko bat izan zen niretzat. Hasiera-hasieratik, arreta eman zidan egitasmoak, nahiz eta informazio handiegirik ez ziguten bidali.

Merkatariei zer eskaintzen dizuete?

Adituak gure dendetara bertaratzen dira, guk ezer jakin gabe, bezeroak balira bezala. Modu horretan, proban jartzen gaituzte nolabait; bai dendariok, bai komertzio guztia. Gu hemen aritzen gara egunero, beti gauza bera ikusten dugu, eta akaso ez dugu hortik aurrera begiratzen. Horregatik, kanpoko kritika eraikitzaileak jasotzea oso interesgarria iruditu zitzaigun: bezeroek pentsatzen dutena ezagutzea. Eta, hain zuzen, horixe da beraiek egiten dutena.

Behin zuen denda aztertuta, jarraibideak ematen dizkizuete?

Bai, hainbat esparrutan, gainera. Batetik, pauso bisualak liratekeenak zehazten dizkigute: produktuaren beraren itxura, produktua dendan barrena nola kolokatu, packaging-a edo opariak biltzeko modua, logotipoa, erakusleihoa,... Azken finean, horrek guztiak egiten du komertzioa. Era berean, arropa denden kasuan, morfologiari eta fisonomiari ere garrantzia ematen diote. Pertsona bakoitzari zein kolorek ematen dion ondo, azalaren eta begien kolorearen arabera; edo gorputzaren forma bakoitzari zein arropa egokitzen zaion hobekien. Esparru horretan zenbat eta ezagutza gehiago izan, orduan eta gomendio hobeak eskain diezazkiokegu bezeroari. Gurea ez baita saltzea bakarrik; saltzeko gomendioak eskaini behar dira, eta bezeroek eroso sentitu behar dute gurean. Eta, hain zuzen horregatik, Singular Dendak proiektuak horretan ere irakasten digu: bezeroei tratu ona ematen.

Oso garrantzitsua izaten da lehen agurra, eta baita norbere produktuaren ezaugarri guzti-guztiak ondo ezagutzea ere, salerosketari bukaera on bat emateko.

Akatsekin batera, ondo egiten ari zaretena indartzen laguntzen dizuete?

Bai eta, gainera, gerta daiteke norberak pentsatzen ez duen zerbaitetan oso ondo aritzea; horrek sekulako indarra eta motibazioa ematen du lanean jarraitzeko.

Komertzio txikientzat gero eta garrantzitsuagoa al da horrelako proiektuetan parte hartzea?

Bai, nire ustez bai. Gertutasuna da dugun tresnarik aberasgarriena, saltoki handiek ezin baitute hori eskaini. Guk bezeroekin konfiantza sare bat sor dezakegu, eta hori da, gainera, gure helburua: bezeroa lasai egotea, gure gomendioak jasotzea eta, behar izanez gero, jantziren bat etxera eramatea, han lasaiago ikusteko.

Erlazionatuak

Komertzio txikien altxor handiak, plazara

Itzea Urkizu Arsuaga 2017 ots 14 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!