«Euskara egunerokotasunean landu behar dugu»

Imanol Garcia Landa 2017ko ots. 12a, 18:03

Tolosako Errementari kalean dagoen Nerea dendaren jabea da Eguzki Tobes. Garrantzia ematen dio dendan dituen kartelak euskaraz jartzeari.

Zein kartel dituzu euskaraz dendan?

Egia esateko, eta hemengoa izanik, denak euskaraz jartzen ditut. Ordutegia, orain merkealdiko kartel nagusia, ehunekoak… Hori da aspaldidanik pixkana egiten joan garena, eta argi daukat horrela izan behar duela.

Zergatik hartu zenuen erabaki hori?

Batetik, garrantzitsuena, euskalduna naizelako, eta badakigu non gauden. Orduan, bezeroentzat ere garrantzitsua da, eta identifikazio bat ere bada jakiteko jendeak euskarak duen garrantzia eta horren alde egin behar dugula.

Garrantzia ematen diozu, beraz, bezeroek ikustea kartelak euskaraz daudela.

Bai. Guk zortez jaso ditugun ikasketak euskaraz izan dira, eta horretan gogoan ditut gurasoak. Zortez, Tolosan gaude eta euskara da garrantzitsuena.

Bezeroek zerbait esaten dizute euskaraz daudelako kartelak?

Oso gutxi dira zerbait esaten dutenak, urtean behin edo bitan, eta pentsatzen duzu zaila dela sinistea baten batek horrelako zerbait esatea... Tokatu izan zait norbaitek «hablame en cristiano» esatea, baina aspaldi ez da gertatu.

Eta gauza positiboak euskaraz daudelako?

Orokorrean ez ditugu gauza onak esaten; baloratuko ditugu, baina kostatzen zaigu horiek esatea. Halere, hemen jendeak asko begiratzen du eta nire sentsazioa da jendeak baloratzen duela.

Bezeroak dendan sartzerakoan normalean gazteleraz hitz egiten hasten dira?

Orain gutxiago. Urte asko darama dendak martxan, eta datorrenak badaki nora datorren. Oraindik ohitura hori badute inguruko herrietatik larunbatetan etortzen direnek, iruditzen zaie ez dakigula euskaraz. Eta segituan konturatzen dira euskaraz badakizula, eta azkenean beraiek ere eskertu egiten dute. Harremanetan ere konturatzen zara beste konfiantza batekin, beste lasaitasun batekin, aritzen direla jakinik euskaraz dakizula. Eta konturatzen naiz Donostiatik eta kostatik etortzen direnak, horiek badutela ohitura euskaraz hasteko, eta asko baloratzen dute dendariak euskaraz jakitea.

Tolosako komertzioetan nola ikusten duzu paisaia linguistikoa orokorrean?

Izan naiz erakusleihoak ikusten, jakinik elkarrizketa egingo genuela, eta iruditu zait, esaterako, gehiago direla euskaraz jarri dutenak merkealdiko kartel nagusia.

Egokia ikusten duzu kanpainaren bat egitea euskararen erabilera bultzatzeko komertzioetan?

Dudarik ez. Elkarrizketa hau egitean ere kontzienteagoa naiz nola jartzen ditudan kartelak. Azkenean dendariak gara, eta salmentara eta fakturak egitera eta hainbat kontuetara jarrita duzu burua. Baina euskara egunerokotasunean landu behar dugu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!