Gaztelera nagusi den arren, euskara lekua hartzen

Imanol Garcia Landa 2017ko ots. 12a, 18:01
Tolosako Korreo kalea da denda gehienetarik duena.

Galtzaundi Euskara Taldeak Tolosako neguko merkealdi kanpainako paisaia linguistikoaren behaketa egin du, 2015, 2016 eta 2017 urteetan. Imanol Artola Galtzaundiko teknikariak azaldu duenez, bi ondorio nagusi atera daitezke behaketa horretatik: «Batetik, Tolosako paisaia linguistikoan egun gehiengoa erdaraz dela. Bestetik, hori ala izanik ere, ematen du euskarak paisaia linguistiko gehixeago duela 2017n 2015ean baino».

Hiru urte hauetan Aldaketa bat sumatu dela gaineratu du Artolak: «2015etik 2016ra jaitsiera bat izan zen euskararen ikusgarritasunean, baina 2017an, 2015koa baino hobea da». Idatzi motaren arabera ere bereizketa bat egin daiteke: «Zantzu nagusienak dira, eskuz eta momenturako egindako idatzietan joera erdaraz idaztekoa dela. Aldiz, idatzi landuxeagoa, finkoagoa den horietan, dendariek joera hartzen dute euskaraz egiteko».

Behaketa Galtzaundi Euskara Taldeak bere ekimenez egindakoa da, eta aurreko astean Tolosako Udalaren Euskara Batzordean eman zuten datuen berri. «Galtzaundiren helburua da Tolosako euskararen normalizazioan aurrera pausoak ematea. Alor ezberdinetan egiten dugu lana, eta 2015etik hasi ginen aztertzen Tolosako paisaia linguistikoa», azaldu du Artolak. «Euskaltzaleen artean kezka azaldu zen paisaia linguistikoaren inguruan, ea gero eta erdaldunagoa bihurtzen ari ote zen. Beraz, Galtzaunditik behaketa egitea pentsatu zen, uste hori horrela zen ikusteko».

Paisaia linguistikoaren behaketa egiteko, ez dira Tolosako denda guztiak kontuan hartu. Hain justu, Alde Zaharrean eta Erdialdean egin da behaketa. Bestetik, merkealdi garaia hartu da, Artolak arrazoitu duenez: «Dendek garai horretan botatzen dute amua jendea erakartzeko, paisaia linguistikoan berrikuntza bat suposatzen du, eta horregatik erabaki genuen garai hori aztertzea».

Behaketa egitean ez dira denden barruan sartu. «Lasai ibili gara oinez, fitxa batekin, eta kanpotik denda horrek eskaintzen duena behatu dugu». Hainbat alorretan banatu dute lana: errotulu nagusia; plakak, hau da, ordutegia, irekita-itxita, bultza diotenak; urte guztian izaten dituzten ageriko idatziak, «taila handiak ere baditugu», esaterako; tarifak eta etiketak; eta bereziki merkealdiaren paisaia linguistikoari dagokionez, kartel nagusia nola duen, ehunekoak nola dauden, eta baita azpi-idatziak ere, «dena 5 euroan» bezalakoak. (Taulan ikusi daitezke behaketaren datu zehatzak).

Paisaia linguistikoaren garrantzia

Euskararen normalizazioan paisaia linguistikoak bere garrantzia duela dio Artolak: «Hainbat soziolinguistek esaten dute hizkuntza batek funtzioak edo zertarakoak behar dituela. Hizkuntza gutxitu batek esparru ezberdinak hartzen doan heinean hizkuntza hori normalizatzen doa, esparru ezberdinetara heltzen ari delako». Era berean, paisaia linguistikoa psikologikoki ere herritarrentzako garrantzitsua dela dio: «Zuk hizkuntzarekiko hartzen duzun uste edo iritzia aldatu dezakezulako. Hau da, Tolosako kaleetan euskaraz ikusten baduzu paisaia linguistikoaren gehiengoa, tolosarrak berak, ume batek, esaterako, pentsatu dezake euskara garrantzitsuagoa dela. Aldiz, kartel guztiak erdaraz ikusten badira, ez dela garrantzitsua izango pentsatuko du. Eta hori dena inkontzienteki jaso daiteke».

Tolosak kanpora begira eman dezakeen irudian ere garrantzia duela dio Artolak: «Esaterako, ETBko eguraldikoak etortzen badira jendeari elkarrizketak egitera, atzean ikusten denak Tolosari buruzko irudia ematen du. Edo kanpotik norbait etortzen bada, eta ikusten badu erakusleiho gehienak euskaraz daudela, pertsona hori norbaitengana joaten denean hitz egitera edota denda batera sartzerakoan, bere hizkuntzaren hautua paisaia linguistikoak berak zehaztu dezake».

Behin behaketa eginda, Galtzaunditik ere garrantzitsua ikusten dute paisaia linguistikoan euskararen presentzia areagotzea. «Azkenean tolosarren gehiengo handi batek euskararen jakintza badu, kartelak euskaraz jarrita gehiengoarengana iristen zara. Askotan denengana iristeko erdaraz jartzen da. Baina beste alderako pausoak eman behar direla uste dut hizkuntza baten normalizazioan», esan du Artolak.

Aurrera begira, lanketa bat egiteko beharra ikusten dute Galtzaunditik. «Gure proposamena da elkarlana behar dela, udalaren, merkatarien, elkarteen eta Galtzaundiren artean», azaldu du Artolak. «Asmoa da, inor behartu gabe, pauso batzuk ematea. Kanpainekin ez da nahikoa, bestelako gauza batzuk ere eskaini behar dira euskararen presentzia areagotzeko. Datuak labetik atera berri dira, eta oraindik gogoeta sakonago bat egin behar da. Denborarekin ikusiko dugu zer egin behar den». Artolak garbi du paisaia linguistikoak eragina duela euskararen normalizazioan: «Irudi bat ematen duzu; gero erosle bakoitzak emango dio bere balorea horri. Komunitate bat eraikitzen da, kideak komunitate sentitzen diren momentutik. Zuk sinistu behar duzu izan ahal izateko».

Udala, elkarlanareko prest

Jokin Azkue Tolosako Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak Galtzaundi Euskara Taldeak egindako lana eskertu du. «Gai hau udalean askotan ateratako kontua da», esan du Azkuek. «Galtzaundik egin duena mahai gainean datuak jartzea da. Aurreko urtean ere planteatu genuen eta gure asmoa da aurten gaiari heltzea».

Udalaren asmoa Tolosa&Co elkarteari behaketaren datuen berri ematea da. «Elkarteko kide dira dendari asko. Gure asmoa da datu horiek aurkeztea eta beraiekin batera ikustea zein urrats eman ditzakegun euskararen erabilera areagotzen joateko», zehaztu du Azkuek. «Gure ustetan oso garrantzitsua da kalean dabilen herritarrak, erostunak, aukera izatea berak erosi nahi dituen produktu horiek saltzen dituzten dendetan euskararen presentzia bermatzea edo gutxienez urtetik urtera indartzea».

Asmoa ez dela erraza gaineratu du Azkuek. «Azken finean horrek eskatzen du denda horretan prestatuta izatea zenbait eduki, eta baita ere gaitasuna izatea era horretako dokumentu eta testuak edo iragarkiak euskaraz jartzeko. Eta horretan gutxieneko gaitasuna behar da eta askotan hori ere falta da». Euskararen erabilera areagotzeko bidean, idatzi finkoak indartzea eta bereziki etengabe elikatu behar diren horietan euskararen erabilera zabaltzea da helburua.

Denda eremu pribatu bat dela kontuan hartu zuten azkeneko Euskara Batzordean. «Egia da merkatalgune handietan legeak ezartzen dituela gutxieneko betebehar batzuk, baina denda txikietan ez dago horrelako betebeharrik», zehaztu du Azkuek. «Eraginkorrena da dendariak sentsibilizatzea eta ikustea ona dela bere negozioarentzat euskara erabiltzea, kontsumitzaile gehiago erakartzeko bide bat dela. Bide hori jorratu nahi dugu beraiekin batera». Azkuek gaineratu duenez, «dendariek beraiek egin behar dute bidea, eraginkorra izango baita hori bere barnetik burutzen bada. Gure planteamendua hortik joango da, dendariek eta elkarteak berak sustatzea hori indartzeko».

Bide horretan udalak lagundu dezakeela esan du Azkuek: «Guk babestu eta baliabideak jarri ditzakegu gure neurrian. Itzulpen zerbitzua dugu eta aurreikusi dezakegu zenbait baliabide ekonomiko hori indartzeko. Aurrekontuetan ere onartu da horretarako kopuru bat, baina azken finean esfortzua egin behar dutenak eta protagonismoa dutenak dendariak dira». Hurrengo pausoa, beraz, Tolosa&Co elkartearekin hitz egitea izango da, Azkuek zehaztu duenez: «Galtzaundik egindako lana aurkeztu eta ikusi egin beharko dugu zein bide jorratu dezakegun euskararen erabilerak indar gehiago izan dezan, beti ere kontsumitzaileen ikuspegitik zerbitzu hobea emateko».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!