Arantxa Iturberen hitzak Intxaurragak mundu bihurtzen ditu

Imanol Garcia Landa 2017ko ots. 10a, 08:03

'Koadernoa zuri' antzezlana ikusi ahalko da gaur, Tolosako Leidor aretoan, 20:30ean. Hika Teatroak taularatu du, eta gidoia Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak egin dute, azken hau Hika Teatroaren zuzendaria. Intxaurraga bera da antzezleetako bat, eta besteak, protagonistak, Itziar Ituño eta Miren Gojenola dira.

Bi ahizpen arteko istorio bat da Koadernoa zuri, Iturberen hitzetan: «Ama oso fededun, kristau, itxi, zorrotz, esango nuke kasik zikiratzaile baten etxean jaio ziren. Alabak beti bide zuzenetik eta arau oso zorrotzen pean hezi nahi izan dituen ama baten etxean. Eta bi alabak oso ezberdinak dira. Batek ihes egiten dio ama horri, egoerari, eta alde egiten du Afrikara. Beste alaba, aldiz, zintzoa, otzana, ahulagoa esango genuke, geratzen da amaren nahietara. Obra hasten den momentuan ama hil da, eta kanpoan zegoen alaba etorri da amaren etxera, ahizpari ezer esan gabe, eta ustekabean biek topo egiten dute etxe horretan. Handik aurrera elkarri 20 urtetan esan ez dizkiotenak esateko unea da».

Lerro artean istorio bat dagoela uste du Iturbek: «Emakume edo gizon, berdin dit, edozein garaitakoa izanda ere, arau zorrotz batzuen aurrean, jarrera bat baino gehiago hartu litezke. Bat izan daiteke kontra egitea, borroka egitea; bestea ihes egitea; bestea otzana izan eta bizitzak jarriko ditu gauzak bere lekuan pentsatzea».

Iturbe eta Intxaurragaren arteko harremana aspaldikoa da. «Ai ama! argitaratu nuen, semea izan eta bi urtetara, ama izateari buruzko nire esperientziaren berri emanez. Agurtzanek liburua irakurri zuen justu bera ama izatera zihoan unean. Eta oso kuriosoa da, haurra izan eta gero, liburua irakurtzen zuen, eta esaten zuen: 'Emakume honek zenbat sufritu duen'. Agurtzanerentzat oso esperientzia ona izan zen amatasuna, zoragarria, pozik zegoen. Ez zen nire kasua, eta behin presentatu zitzaidan irratian, eta esan zidan irakurri zuela nire liburua, eta asko gustatu zitzaiola batez ere ez zeukalako nire esperientziarekin zerikusirik. Horren inguruan antzezlan bat idatzi ote genezakeen galdetu zidan». Idatzi zuten bien artean Ai ama!, eta harrezkero hainbat lan egin dituzte elkarrekin. Iturberentzako «oso lan polita» da, «batez ere oso ezberdinak garelako. Berak dena ikusi egiten du eta nik dena entzun. Nik hitza sortzen dut, eta berak hitz hori gero mundu eraikitzen du».

«Oso osagarriak» direla dio Iturbek. «Oso argi dugu nirea hitza dela eta berea antzerkia dela. Konfiantza asko dugu, hainbeste urteren ondoren. Berak garbi duenean testua esku artean duela, hor amaitzen da nire lana. Eta hor hasten da plazarakoa. Eta niretzat oso lan erosoa da. Berak defendatzen du, berak bere irudimenaren arabera egiten du lana. Eta ez naiz prozesu horretako parte. Bai eman dezaket nire iritzia, oso harreman ona daukagu alde horretatik. Baina antzerkia berea da, eta hitza nirea. Eta ikusten dena biona da».

Ez zaio Iturberi berak idatzitako antzezlanak ikustea gustatzen. «Paniko eszenikoaren beste adar bat da. Antzerkia da mundu bat oso gogorra egiten zaidana. Antzezleei begira jartzen naiz pentsatzen ea hurrengo esaldia ahaztuko ote zaien. Eta neroni han goian banengo baino askoz ere urduriago egoten naiz. Entsegu orokorrera joaten naiz, baina estreinaldira ez naiz inoiz joaten. Gaizki pasatzen dut, eta miresgarria iruditzen zait aldi berean hori egiteko gai izatea pertsona batzuk».

Ez du bere burua taula gainean ikusten Iturbek: «Txikitan esaten nuenean idatzi egin nahi nuela, gogoan dut, eta nerabezaro garaian ere bai, irudikatzen nuela nire burua atiko batean bizitzen, katu batekin eta kapela jantzita. Ez zen sekula jende aurrerako gauza bat, baizik neuronentzako gauza bat. Eta horretan ez naiz aldatu txikitatik. Jende aurreko horrek erreparoa ematen dit. Deseroso sentiarazten nau».

ARANTXA ITURBE-ri egindako elkarrizketa osoa igandean izango da irakurtzeko moduan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!