#BadatozInauteriak 2017

Hamabi abesti, 75 inauteri kontatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 10a, 08:00
Asteartita egunean ateratzen hasi eta, gaur egun, lau egunetan irteten da Kabi Alai txaranga (Argazkia: KABI ALAI)

Tolosako Kabi Alai elkarteko txarangak 75 urte beteko ditu datozen inauterietan, eta hamarkadatako ibilbide hori biltzeko diskoa grabatu dute; kalejira egingo dute, gaur, herria girotu eta estudioko lana plazaratzeko.

Badirudi urteak azkarrago pasatzen direla inauteriz inauteri kontatuta, urtez urte kontatuta baino. Hala gertatu zaio, behintzat, Kabi Alai elkarteari: konturatzerako, 75 urte bete ditu beren txarangak. 75. urtea eta 76. inauteriak izango dituzte aurtengoak, eta hamarkada horien guztien sokak emandako bizipen, oroitzapen eta doinuak estudioko lan batean bildu nahi izan dituzte, efemeridearen indarra baliatuz: Kabi Alai txaranga. 75. urteurrena eskuragarri da, jada, inauterizaleenen gozamenerako.

1942ko Asteartita zen, tolosarrek Kabi Alai txaranga estreinakoz ikusi zuten eguna. Artean ez zuten soinean jantzi, gaur egun hain bereizgarri zaien alkandora txuri-urdina, baina Kabi Alai txarangaren grina inauterizaleak mendeen mugak ere zeharkatu zituen eta, gaur egun, oraindik, festaren ezinbesteko pieza horietako bat da, zalantzarik gabe.

Kutunenak

Urtemugaren marrazkia koloreztatzen hasteko, Kabi Alai elkarteak hamabi kantuko diskoa oparitu nahi izan die, tolosar inauterizaleenen belarriei. Azaro erdialdean grabatu zuten, ostiralean hasi eta igandean buka, eta Andoaingo Garate estudioak izan zituzten aterpe, Mikel Krutzagaren nahasketekin.

Asier Peñagarikanok eta Kike Ceak aurkezpenean azaldu zutenez, «beti» izan dute disko bat grabatzeko asmoa: «Urteurrena probestu nahi izan dugu horretarako eta, gainera, oraindik grabatu gabe zeuden bi kantu ere grabatu ahal izan ditugu».

Joxe Mari Amianoren eta Txomin Castroren omenez konposatutako kantuak dira lehen aldiz grabatu dituzten horiek eta, haiekin batera, beste zortzik biribildu dute argitalpena: «Batetik, elkartearekin lotura berezia duten doinuak dira eta, bestetik, Tolosako inauterietan esanguratsuenetakoak diren kantuak». Horrela, Ostegun Gizeneko Sasikoipatsu, Trilingue, Antolinatxo, Praxkuarena, Irureta, Galtzaundi, Los Conformes, Kabi Alai eta Jota entzungai izango dira lan berrian.

Inauterien sekretu txikiak

Guztiak ere, Joakin Ortega Canario eta Ibon Mendibil Incansables txarangako kideek moldatu dituzte estudiokorako, eta ia kantu guztiek dute bitxikeriaren bat atzean.

Trilingue-k, esaterako, ez du egile ezagunik, baina elkarteko kide helduenek Kabi Alairentzat sortua izan zela diote,eta horregatik aukeratu dute diskorako.

Bide beretik, Tolosako inauterien balizko ereserkietako bat ere hautatu dute Kabi Alai txarangaren 75. urteurrenerako: Galtzaundi. Aski ezaguna da Ramos Azkarate zapatari eta idazlearen egiletza hitzena, baina, kontrara, doinu hunkigarriaren jatorria inork gutxik ezagutzen du. Bada, Peñagarikanok eta Ceak argitu zuten, diskoaren aurkezpenean: Jose Rogelek sortu zuen melodia. Antza, 1875ean Valentzian (Herrialde Katalanak) konposatutako El figurín zarzuelaren zati bat da, eta Azkaratek hitzak jarri zizkion 1882an.

Azkenik, labetik atera berri den diskoak Los Conformes doinuaren jatorrizko bertsioa ezagutarazteko aukera ere eskainiko die entzuleei: «1951. urtean Los Conformes txaranga sortu zuten zazpi lagunek, eta Florentino Peñafielek kalejira hori sortu zien. Partituretara jo dugunean, ikusi dugu gaur egun kantua ez dela jatorrizko bertsioari jarraituz jotzen. Horrela, diskoan berezko partitura interpretatu dugu, jendeak ezagutu dezan».

Hamabost egun baino ez dira falta, tolosarren zorion perfektua lehertu, eta astebetez kaosaren munduan murgiltzeko eta, atarikoen ederra baliatuz, Kabi Alai txaranga kalera irtengo da, gaur iluntzean. «Herria girotu nahi dugu eta, bide batez, disko berria ere plazaratuko dugu». Txarangazaleek, beraz, aukera bikaina dute, gaur, inauterien harra baretzen hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!