Manu Azkarate

[GUTUNA] Manu Azkarateren egoeraz hausnarketa

Sare Tolosa 2017ko ots. 7a, 16:34

Tolosaldeko Sare herritarrak Manu Azkarateren egoeraz gogoeta egin du eta mobilizazioa deitu, ostiralean, otsailak 10, 19:00etan Tolosako Trianguloan:

Euskal jendartean bake eta konponbidearen aldeko urratsak eta aldarrikapenak nagusi badira ere, Madril eta Parisko gobernuek sufrimendua eragiten segitzen dute, eta ez dute azken urteotan euskal presoekin darabilten kartzeletako politika gogorra arindu. Horren adierazlerik latzena kartzelan preso dauzkaten gaixoen egoera da. Honi gehitu behar zaio, larriki gaixo dauden presoen kopurua handitu egin dela eta beraien egoerak okerrera egin duela.

 

Horren adibide da Manuren kasua. Bere osasun egoera larria dela eta duela hainbat urte espetxetik atera zuten. Gaixotasun horren jakitun izanik ere Manu berriro espetxean eta osasun egoera larrian dago.

 

Giza eskubideen adierazpen unibertsalean jasotako bizitza eskubidea urratzen du Espainiako eta Frantziako kartzela-politikak; ez da zilegi gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan edukitzea. Ez da gaurko arazoa. Urtetako sufrimenduak ez du amaierarik, Madril eta Parisko agintariek ez dute jarrera aldatzeko asmorik. Jendartean, aldiz, konponbidean aurrera egiteko asmo eta bake oihartzunak zabaltzen ari dira, etorkizunean, presorik, iheslaririk eta deportaturik gabeko jendartea eraikitzeko.

 

Egoera urgentea da, Manuren egoera larria da. Minutu oro da erabakigarria. Gaixotasunak ez daude erritmo politikoei eta batzuen zein besteen interesei begira. Gaixotasunek okerrera egingo dute sendabiderik jartzen ez bazaie. Horregatik, Manuren askatasuna lehenbailehen gauzatu dadin exijitzen dugu, larriki gaixo daude gainontzeko 13 euskal presoen askatasuna bezala.

 

Hori eskatzeko, ostiralean mobilizazioa burutuko dugu 19.00tan Tolosako Trianguloan. Ideologia ezberdinen gainetik, giza eskubideen aldeko aldarrikapen honekin bat egitera deitzen ditugu herritarrak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!