«Gurasoek euskarara hurbildu behar dituzte kultur erreferentziak»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ots. 3a, 09:02

Gurasoen Hizkuntza Erabileraren Neurketa egin du Galtzaundi euskara taldeak, eta datu bat nabarmendu dute: haurrekin ez daudenean, guraso askok gaztelerara jotzen dute.

Galtzaundi euskara taldeak bildutako gurasoen hizkuntza ohiturak aztertu ditu Xabier Bengoetxea tolosarrak. Gurasoak haurren ispilu diren heinean, ezinbestekotzat du helduek beren ohituren inguruko kontzientzia hartzea eta, bide horretan, guraso izaten ari diren eta izango diren gazteen belaunaldian du itxaropena.

Zein garrantzia du gurasoen hizkuntza ohiturak?

Sekulakoa, sekulako garrantzia du. Batetik, haurrentzako ispilu dira eta, umeek, zer ikusi, hura ikasten dute. Horregatik, gurasoek erabiltzen duten hizkuntzarekin ez dira soilik seme-alaben eredu: hizkuntza horrekiko duten atxikimendua ere adierazten dute. Hizkuntza horri zein prestigio edo balio ematen dioten ere transmititzen dute. Beraz, gurasoak asko esaten ari dira, era batera edo bestera hitz egiterakoan eta, azken finean, baloreak transmititzen ari dira.

Ikastetxean D ereduan ikastea, beraz, ez da inolako bermea.

Ikerketa askok erakusten dute, eskolak, berak bakarrik ezin duela, oso mugatua baita: ikasleak bere egunaren %15 bakarrik pasatzen du eskolan eta, gehienetan, entzule izaten da, gainera. Haurrek euskara ikasi eta erabiliko badute, eskolaz gain, beste harreman sareetan ere hizkuntza hori erabili behar dute. Fishmanek eta beste hainbat autorek aspaldi ikertu zuten hori, eta Soziolinguistika Klusterraren azken Arrue ikerketak ere horixe dio: zenbat eta gehiago izan erabilera eremuak, orduan eta indartsuagoa izango da hizkuntza erabilera eta ezagutza. Hori begi bistakoa da.

Tolosako eskola inguruetan egindako neurketa da, eta nahiz eta haurren erabileraren inguruko datua nahiko ona izan, helduena ez da hain pozgarria: bakarrik daudenean, haurrik gabe, errazago alboratzen dute euskara.

Hori beti gertatzen den fenomeno bat da, eta egindako ikerketa guztietan errepikatzen da, gainera; bai Tolosan, bai beste lekuetan. Hizkuntza erabileraren azterketa aitortua denetan ere –hau da, hiztunak bere ohitura neurtzen ari direla badakienean–, fenomeno hori oso nabarmena da. Helduek, seme-alabekin daudenean, portzentaje handi batean, euskaraz egiten dute. Baina, haurrak urruntzen direnean, datu hori jaitsi egiten da, eta nabarmen, gainera. Hori etxe barruan ere gertatzen da, ikasleei egindako galdeketetan ikusten baita: gurasoek haurrari euskaraz egiten diotela erantzuten du haurrak, baina, gero, beren artean, gazteleraz egiten dutela diote hainbatek.

Errealitate hori mahai gainean jarri, eta zer egin daiteke aldatzeko?

Uste dut lehendabiziko urratsa ohartzea dela, konturatzea, askotan nahiko ohitura inkontzientea izaten baita. Beraz, hasteko, norberak ispilu batean ikusi behar ditu bere hizkuntza ohiturak eta jarrerak. Horretarako, diagnosi edo neurketa horren emaitzak gurasoei jakinarazi egin behar zaizkie: «Hau da dagoena». Gero, zer egin daitekeen horren aurrean? Behin hori gertatzen zaigula ohartzen garenean, erabaki batzuk hartu behar dira. Ohitura aldatzen hasteko zenbait estrategia bideratzea, adibidez, edo hizkuntzaren ezagutzan sakontzeko aukerak baliatzea. Talde erabakiak hartzea ere garrantzitsua da: guraso taldeetan edo eskolako euskara batzordeetan euskararen erabilera areagotzeko erabakiak hartzea. Eta, noski, gurasoek euskarara hurbildu behar dituzte beren kultur erreferentziak. Izan ere, askotan, helduen kultur kontsumo guztia erdal mundukoa izaten da, eta horrek ere eragiten du: zer jan, hura izan. Zenbat eta euskal munduko erreferentzia gehiago izan, orduan eta gehiago elikatuko dugu hizkuntza hori eta hizkuntza horrekin doan kultura; erraztu egingo dugu euskararen erabilera. Zertzelada handitan esanda, beraz, aldaketarako bideek hortik joan beharko lukete: ohartzea eta, horren aurrean, zenbait estrategia, erabaki eta aukera baliatzea. Adibidez, euskaraz irakurtzeko ohitura, euskal komunikabideak irakurri eta entzutea, harreman-sare horietan euskarari lehentasuna ematea,... Mila erabaki posible dira.

Eta, zein etorkizun ikusten diozu euskaraz hitz egiteko ohiturari?

Nik baikorra izan nahi dut, egia esan, datozen gazteek ezagutza sakonagoa eta erraztasun handiagoa baitute euskaraz egiteko. Horregatik, askotan, klik txiki bat egitea nahikoa da harreman-sare horietan ohiturak ezartzeko. Helduekin ez naiz hain baikorra, esan bezala eredu direlako, eta ohiturak oso sustraituta izaten dituztelako. Adin batetik aurrera, oso zaila da zenbait ohitura aldatzea, baldin eta ez bada inguruko harreman-sare hori aldatzen. Esan bezala, datozen belaunaldiek, ezagutza sakonagoaz gain, kultur kontsumoa euskaraz ere egiten dute eta, Tolosan, kalera ateratzea besterik ez dago: gazte talde asko euskaraz lasai-lasai eta ondo aritzen dira. Hala ere, erdal munduetatik –gazteleraz gain, ingelera eta beste zenbait hizkuntzena– kultur inbasio moduko bat dugu, eta hori ezin da saihestu, denok baikaude horretan murgilduta. Horrek zaildu egiten du guztia, izan ere, inork erdal prentsa irakurtzen badu, erreferentzia erdaldunak izatearekin batera, erdara elikatzen ari da. Era berean, norbaitek euskal komunikabideak ez baditu ikusten, irakurtzen edo entzuten, nekez elikatzen ariko da hizkuntza hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!