Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoa, abian

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ots. 2a, 15:21

Tolosako Udalak Hiri Ekonomia indartzeko Plan Estrategikoa aurkeztu du. Ekonomia suspertzeko aldaketak eman behar direla diote eta merkataritza, kultura, azokak eta turismoa uztartzea dela gakoa.

Hiri Ekonomia indartzea du helburu Tolosako Udalak, eta horretarako Plan Estrategikoa egin du Ikertalde enpresaren laguntzaz. Hiri Ekonomia aipatzean merkataritza etorriko zaio burura bati baino gehiagori, baina hori baino gehiago dela esan du Olatz Peon alkateak. «Merkataritzaz gain, plan honek Hiri Ekonomia osatzen duten gainontzeko agenteak uztartzen ditu, hala nola, turismoa, kultura, azokak...». Tolosak badu Merkataritza Indartzeko Plan Berezia eta plan estrategiko berria hori osatzera dator, «eragile guztien norabidea zuzenduko duen tresna» izango delarik. Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoa osatzeko Ikertaldek 305 saltoki eta ostalarirekin bildu da, 10 sakoneko elkarrizketa egin ditu hainbat eragilerekin, 5 taldekako lan saio egin ditu eta herritar zein eragileek Internet bidez bete ahal izan dituzten inkestak jaso ditu.
Plan estrategikoak funtsean, bisitariak erakarri ahal izateko lerroak zehazten ditu, horiek izango baitira Tolosako eta Tolosaldeko ekonomia suspertzen lagunduko dutenak. Horretarako hainbat lan-ildo zehaztu ditu Ikertaldek. Iñigo Artetxek eman du enpresak egindako diagnosiaren berri eta zehaztu duenez badira abian jartzeko baldintza objektibo egokiak «merkataritza eta turismoa bilduko dituen hiri-ekonomiaren estrategia bideragarria jorratzeko eta hori ahalbidetuko duten lankidetza pribatu-publikoko estrategiarako egiturak taxutzeko».

Diagnosia eginda Ikertaldek zehaztutako ardatzak sei taldetan bildu dituzte. Batetik, Tolosaldeko herritarrak Tolosara kontsumitzera erakarri beharraz mintzatu da Artetxe eta baita, Donostiak erakarritako turistak hona erakartzeko, landa-giroa eta benekotasuna ideiak lantzeaz. Hirugarren ardatz moduan, Tolosan beti dago zerbait ideiari lotuta, sektore guztien eskaintza integratu bat egin beharra nabarmendu du. Publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan formula berriak bilatzea da laugarren ardatzaren muina. Puntu honetan sartu dute ere, Tolosa Smart izeneko ideia, hau da, gaur egungo teknologia ‘adimentsuak’ erabiltzea mugikortasunari lotuta, esaterako. Eta azken bi ardatzak Tolosako enpresen lehiakortasuna indartzea eta hiri-eremua eraldatzea dituzte erdigunean.

Plan Estrategikoak zehaztutako puntu guztiak betetzeko denbora beharko da eta horretarako udalaren, Tolosa&Co-ren, Tolosaldea Garatzenen, herriko merkatari eta ostalarien, Topic-en, Gorrotxategi Museoaren eta oro har, eskualdeko profesional guztien elkarlana beharko dela esan du Nerea Letamendia Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak.

2017an burutuko diren ekintzak

  • Tokiko bezeroak
    Tokiko bezeroak fidelizatzeko datu base bateratua sortu.
  • Hiriaren kanpoko proiekzioa indartu
    T marka berria garatzen jarraitu; Bidaia koadernoa; webgunearen eraberritzea turismo atal propioa gehituz; Tolosari buruzko spot bat egin; eta Donostiarekin elkarlan zuzena eduki.
  • Tolosa erakargarri egin
    Larunbateko Azoka eta azoka bereziak sustatu; larunbat arratsaldean merkataritzak irekitzeko helburua garatu; eta agenda kudeaketa kolaboratzailea egin.
  • Bisitarien harrera gaitasuna hobetu
    Euskal Herria plazako alojamendu berria.
  • Hiri espazio lagunkoiak sortu
    Nafarroa etorbidea eraberritu; Gudari kalearen inguruko azterketa egin; eta Gune Biziak proiektua landu Errementari kalean.
  • Enpresen lehiakortasuna indartu
    Singular Dendak programa garatu; eta Eusko Jaurlaritzaren Berriz programa garatu saltokietako belaunaldi aldaketa bermatze aldera.
  • Jarrera elkarkorra sendotu
    Eragile guztiak koordinatu eta elkarren arteko sinergiak sortzeko Hiri Ekonomia Mahaia sortu eta koordinatu.
  • Lankidetza publiko-pribatua
    Eragile eta administrazioarekin lankidetzan jarraitzea.
Erlazionatuak

Ikertalderen diagnostikoa

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 ots 02 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!