'Txotx!' egingo du Casino elkarteak, elkartasunez

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 6a, 16:53

Datorren otsailaren 10ean elkartasun afaria izango da, Tolosako Zerkausian; txartelak eskuragarri daude jada.

Tolosako Casino elkarteak elkartasun egitasmo bat prestatu du datorren otsailaren 10erako, Zerkausian. Herritar guztiei zabalik egongo da, gainera, otordua; hori da, hain zuzen, antolatzaileen helburua. Zaporea Gobernuz Kanpoko Erakundeari diru ekarpena egiteko prestatu dute guztia eta, zaporearen bidetik, sagardotegiko afaria egingo dute, Tolosako erdigunean.

Chios inguruan (Grezia) dauden errefuxiatuei janaria eta azpiegiturak eskaintzen aritzen da Zaporea elkartea eta, afari solidarioaren bitartez, Casino elkarteak «urrats berri bat» eman nahi izan du: «Elkartean egiten ari garen jarduera berritzaileen zerrendan bat gehiago izango da honakoa eta, estreinakoz, helburu humanitario baten alde ariko gara. Guri ere badagokigu munduan gertatzen dena, eta horretara dator elkartasun txotxa». Zaporeak taldetik, Casino elkartea «eskertu» nahi izan dute, horrelako ekitaldiak antolatzeagatik, eta horrelako lanei esker, errefuxiatuei «elikagaiak baino gauza gehiago transmititu ahal izango dizkietela» azpimarratu du.

Egitasmoa, bere horretan, xinplea izango da: sagardotegiko afaria 200 pertsonarentzat. Zerkausia izango dute jangela, eta gonbidatu bereziak ere bertaratuko dira: Besteak beste, Juan Martinez de Irujo pilotaria eta Iker Galartza aktorea. Horrez gain, laguntzaile eta babesle ugariren diru-laguntza eskertu nahi izan du Kike Mocoroa elkarteko kideak, eta afarian bertan, «hainbat sari potoloren zozketarako tiketak erosteko aukera izango dela» aipatu du.

Otorduari 20:30ean ekingo diote, etea foie, onddo txistorra, txanpinoi nahaskia, bakailaoa, txuleta eta gazta izango dira jateko. Menuaren antolatzailea Ordiziako Martinez jatetxeko Xabier Martinez izan da, eta bere esanetan, «jendea sagardotegian bezala sentitzea» nahi dute. Afalondoan, gainera, Joxe Mendizabalen eskutik musikaz gozatzeko aukera izango da. Txartelak salagi daude jada, 25 euroan, Orbela eta 19/90 tabernetan. Bestela, Casinon bertan ere egin litezke erreserbak, 19:30etik 21:00era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!