[GUTUNA] Kaleak Garbi

Gazteak Kalean plataforma 2017ko urt. 18a, 13:49

Eguberriak pasa dira jada eta Tolosako kaleak garbi esnatu dira gaur ere, isilik, zirimiriaren itzalpean ez da sumatzen zapalduon ahotsa islatzen duen oihartzunik.

Herrian zehar margoketa ugari zeuden orain arte «gazteak kalean» edota «muntaia polizialik EZ» lelopean. Zein ederra den zapalduon oihuek herriko paretak okupatzen dituztenean, salaketak itzalpetik argira ateratzen direnean. Ederra da bai, etengabe isilarazi nahi izan den ahotsak herritarren begi aurrean isla gorri zein beltza izatea.

Askok, zalantzan jarriko duzue lanabes komunikatibo hau; beste batzuei, begiak betzulotik atera herri maitea margoketez «zikinduta» ikustean. Gu ordea, amorruz betetzen gaitu bost kide espetxeratze arrisku larrian egon eta hau salatzeko egindako aldarriak pinturaz estaltzen dituztenean.

Indar dominatzaileak, hots burgesiak, ekoizpen baliabideak bezalaxe, bere egin ditu baliabide komunikatibo-mediatikoak, eta honen aurrean molde komunikatibo propioak behar ditugu zapalduok kaleetan isla eduki dezaten gure dinamikek, pintaketak adibide.

Honen aurrean, salaketa zuzen bat egin nahi dugu. Tolosako kaleetatik gure margoketak selektiboki izan dira garbituak, gure dinamikarekin zerikusirik ez duten pintaketa mordoa baitaude oraindik bertan. Kasu batzuetan, bi margoketa egonik bata bestearen ondoan, soilik gurea izan da ezabatua. Honek helburu bakarra duela uste dugu, gure dinamika isilarazi eta gazte mugimendua kolpatzea. Onartezina deritzogu gure pintaketak duten mezu politikoagatik ezabatzea.

Orain, egunerokotasunera buelta, Eguberriak pasa dira jada eta Tolosako kaleak garbi, isilik esnatu dira gaur ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!