Eskolako paretetatik harago ere saretu nahi dute hezkuntza

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urt. 18a, 09:48
Samaniego ikastetxean iragarri zuten egitaraua, atzo. J.ARTUTXA

Datorren ostiralean hasi, eta urtarrilaren 27a bitarteko egitaraua prestatu dute; hainbat hitzordu ireki antolatu dituzte, herritar guztiei zabalik

Duela hiru urte ekindako proiektuak emaitza onak eman dizkienaren seinale, Samaniego eta Orixe ikastetxeek laugarren kultur astea antolatu dute, datozen egunetarako. «Interes orokorreko gaiak hartu, eta hezkuntza eskolako paretetatik harago zabaltzeko helburuz», horrela, astebeteko egitaraua prestatu dute, eskola barrurako zein kanporako.

Samaniego eta Orixe ikastetxeekin batera elkarlanean aritu dira Gorosti eta Asmo Berri guraso elkarteak ere, eta Tolosako Udalak babesa eskaini die. Bide horretan, aurkezpenean izan dira, Arantxa Menendez Samaniegoko zuzendariarekin eta Joserra Zalakain Orixeko zuzendariarekin batera, Olatz Peon Tolosako alkatea, Miren Intxausti Gorosti guraso elkarteko kidea eta Inma Biurrun Asmo Berri guraso elkarteko kidea ere.

Alkateak «inplikazioa» azpimarratu nahi izan du, kultur astearen balio erantsien artean eta, gaineratu du, «hezkuntzak ez duela ikastetxe barruan geratu behar».

Hain zuzen jomuga horri helduz, bada, ikastetxe barruko jarduerekin uztartu dituzte tolosar guztientzat zabalik izango direnak. Berdintasuna, etxeko lanak eta ikaslearen protagonismoa jorratuko dituzte kanpoko saioetan, eta ikastetxean izango dira, besteak beste, Karlos Zurutuza kazetaria, Lande Egia bidaiaria, Lander Zalakain musikaria, Juantxo Arakama abeslaria, Jaione Auzmendi ikertzailea, Irene San Sebastian arkitektoa, Ane Izagirre irakaslea eta Garikoitz Goikoetxea kazetaria.


SAMANIEGO-ORIXEKO IV. KULTUR ASTEA

Urtarrilaren 23a, astelehena

17:30. Maitasun kontzeptuaren eraldatzea hitzaldia, Topic zentroan, Susana Manzanedo psikologoaren eskutik (psikologoa eta berdintasun gaietan aditua).

Urtarrilaren 24a, asteartea

17:30. Etxerako lanen gorabeherak hitzaldia, Samaniegoko Haur Hezkuntzako erabilera anitzeko gelan, Joxe Amiana EHUko pedagogia irakaslearen eskutik.

Urtarrilaren 26a, osteguna

17:30. Ikaslea ikasketa prozesuaren erdigunean kokatu hitzaldia, Javier Touron Errioxako unibertsitateko irakaslearen eskutik, Topic -en (gazteleraz).

Urtarrilaren 27a, ostirala

16:45. Haur ikuskizuna eta txokolate jatea, Zerkausian.

Urtarrilaren 28a, larunbata

11:00-13.00. Ate irekiak Samaniego ikastetxeko HHko eraikinean.

Otsailaren 1a, asteazkena

18:00. Ate irekien eguna, Orixe ikastetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!