Konfiantza eta konpromisoa lantzeko saioa, Lehiberrin

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 17a, 13:55

Lehiberri zentroak Tolosaldeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko hasitako Kudeaketa Eskolaren barruko laugarren saioa egingo du urtarrilaren 26an.

Lehiberri zentroak pasa den urrian hasi zuen Kudeaketa Eskola. Helburua «eskualdeko enpresei bereziki egokitutako formakuntza bat eskaintzea» da eta jada laugarren saioa ere antolatu dute. «Tolosaldeko enpresa gehienak enpresa txikiak dira eta horrek bere berezitasunak ematen ditu. Horregatik antolatu ditugu saio berezi hauek», esan du Lehiberri zentroko Unai Andueza teknikariak.

Hasi berri den urteko lehen saioa urtarrilaren 26an izango da eta bertan lantokietan konfiantza giroa eta enpresarekiko konpromisoa lantzeko gakoak emango dituzte. Anduezak esan duenez, «ikerketek diote giro ona dagoen lantokietan absentismoa jaitsi dela. Oso garrantzitsua da konfiantza giroak eta konpromisoak lantzea».

Saioa Impulsako Janire Jaurrietak eskainiko du. «Pertsonak enpresarekiko duten konpromisoan hobetzeko gakoak emango dira, lan egiteko konfiantzazko giroa sustatzeko tresna zehatzekin lan egingo dute», gaineratu du.

Datozen bi saioak martxoan izango dira. Berez, hilean behin egiten dituzte Kudeaketa Eskolak enpresen lehiakortasuna lortzeko hainbat gai landuz, baina otsailean ez dute saiorik egingo Tolosako inauteriak direla eta.

Datozen bi saioak beraz, hil berean egingo dituzte. Martxoaren 9an enpresetako produktibitateaz ariko dira. «Enpresa txikitan lan asko egin behar da, jarduera asko eta denbora gutxian; gauza asko egin behar izaten dira eta lantalde txikiak dira. Horregatik landuko dugu produktibitatearen gaia, denbora gutxienean lana egin ahal izateko gakoak emango ditugu, denboraren optimizazioaz ariko gara, azken finean», azaldu du Unai Anduezak.

Martxoaren 30eko saioa berriz, zerga-kenkarien ingurukoa izango da.

IZEN EMATEA

Saioa. Konfiantza giroa eta enpresarekiko konpromisoa sustatzeko estrategiak.

Eguna. Urtarrilak 26, osteguna.

Ordua. 09:30-13:30.

Lekua. Lehiberri zentroa (Apatta Erreka industrigunea, 1, Tolosa).

Izen ematea. Urtarrilaren 23a da azken eguna. Lehiberrira atxikituta dauden enpresek izango dute lehentasuna. Parte hartzea sarrera-hurrenkeraren araberakoa izango da eta printzipioz enpresa bakoitzeko parte hartzaile bakarra onartuko dute. Partaide kopurua mugatua da. Informazio gehiagorako edota izena emateko 943 65 45 01 telefono zenbakiko 2. luzapenean edo lehiberri@tolosaldea.eus helbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!