Barre, pantaila handien neurrira

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urt. 12a, 10:48

Umorezko zinema zikloa antolatu du Tolosako zine klubak, eta oso harrera ona izan du; film klasikoak pantaila handian ikusteko aukera eskaini du egitasmoak.

Aspaldian hartu gabeko itxuraz janzten ari da, egunotan, Leidor aretoa. Zine klubak urtetan eutsitako gogoa gauzatu du, eta film klasikoak eskaintzen ari dira pantaila handian. Ez, ordea, edozein: umorezko film klasikoekin osatu dute egitaraua.

Zine klubeko kideek «denbora» zeramaten ideia horren bueltan hizketan, Eduardo Alegria kideak azaldu duenez: «Umorezko filmak txertatu nahi izaten ditugu gure programazioan, baina, gaur egun oso film umoretsu gutxi egiten dira; eta, umorea dutenek, umore beltza izan ohi dute».

Horrela, beraz, zine ziklo dibertigarri bat eskaintzeko, klasikoetara jotzeko beharra ikusi dute antolatzaileek. Joan den abenduaren 22an hasi, eta urtarrilaren 19an amaituko da umore zikloa. Eta, zikloetan zikloena izango da, gainera, film aukeraketa ere bide horretan egin baitute. «Charlotten eta Buster Keatonen zinema mutua oso barregarria da, eta horiekin hasi ginen, La ley de la hospitalidad eta La quimera del Oro eskainiz. Gero, 1930 eta 1940ko hamarkadetako komedia klasiko bat txertatzea erabaki genuen: Me siento rejuvenecer».

Umorezko zinemaren garapenarekin jarraituz, gaur Ser o no ser eskainiko dute 19:15, 21:45: «Belaunaldi berriek ez dute ezagutuko, baina benetan film entzutetsua izan zen bere garaian». Azkenik, zine mutuarekin hasitako zikloa ia mutua den filmak itxiko du: El guateque-k. Urtarrilaren 19an izango da.

Antolatzaileak «oso pozik» daude egitasmoak izan duen harrerarekin, eta aukeratutako egunak ere egokiak direla uste dute: «Gabonetan halako filma ikustea atsegina da edonorentzat, barre gutxi egiten baitugu», dio Alegriak.

Arrakastaren hariari tinko helduz, beraz, halako zine ziklo bat berriro antolatzeko asmotan dira, aurrera begira.

ZELULOIDEAREN MAITALEAK

1970eko hamarkadan sortu zen Tolosako zine kluba eta, etenaldiren bat tarteko, zeluloidearen maitaleen topagunea da oraindik.

«Leidorren hasi, Iparragirre zinema izandakora aldatu, eta gaur egun Leidor aretoan elkartzen gara berriro. Azken zortzi urteotan, zine bonuen egitasmoarekin, oso osasuntsu dago zine foruma, eta ikusle kopurua ona da», azaldu du Eduardo Alegriak.

Eta, esan liteke irla osasuntsua direla, inguruko herrietan ez baita zine klubik geratzen: «Donostian bada, bai, baina, Tolosa inguruan, ia ez da halako talderik geratzen». Harribitxi bat ote diren galdetuta, Alegriak baietz dio, altxor txiki bat dela Tolosako zine kluba: «Baina ez soilik arrakastagatik, baita programazioagatik ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!