Bisita gidatuak berriz ere larunbatetik aurrera, Topic zentroan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko urt. 12a, 15:20

Txotxongiloen etxea oso ondo ezagutzen duen pertsona batek, modu berezi batean erakutsiko ditu bertako txoko guztiak

Tolosako Topic zentroak larunbatetik aurrera, eta hilabetean behin, bisita gidatu dramatizatuak antolatu ditu museoa ezagutu nahi duten guztientzat.

Ibilbideek ordu beteko iraupena izango dute eta familia guztiari zuzendutakoak izango dira. 11:30ean hasiko dira euskarazko saioak eta 12:30ean emango diete hasiera gaztelerazkoei.

Larunbat honetan egingo dute urteko lehen saioa, eta urtarrileko bakarra. Hurrengoak, otsailaren 11n, martxoaren 11n, apirilaren 22an, maiatzaren 20an eta ekainaren 10ean antolatuko dira.

ESPERIENTZIA AHAZTEZINA

Bisitak taldeka egingo dira, eta beraz, bertaratu nahi duenak, izena emateko 943 65 04 14 telefono zenbakira deitu edota cit@cittolosa.com helbide elektronikora email bat bidali beharko du.

Gutxienez 5 eta gehienez 15 pertsonez osatutako taldeak izango dira, eta prezioei dagokienez, 12 urte bitarteko haurrek 4 euro ordaindu beharko dituzte, eta adin horretatik gorakoek, 6 euro. Bertatik adierazi dutenez, bisitaren esperientzia ahaztezina izatea espero dute, eta tolosarrak bertako sekretuak ezagutzera gonbidatzen dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!