Gabonak hurbiltzen hasten direnean, oparien zain jartzen dira gaztetxoak. Baina, Shanti Torneoa ere ez zaie burutik aldentzen. Urteroko ohitura bilakatu da Gabonetan zehar partidak jokatu eta errege egunaren inguruan finalak jokatzea.
Urduritasun, kezka eta ilusioa tarteko, goizeko 9:30etan eman diote hasiera benjamin mutilen partidekin. Betelu taldeak irabazi du 2-1 Excavaciones Peruren aurka.
Jarraian, benjamin nesken txanda izan da. Beastiko Tigreak izan dira garaile Neska Alaien aurka; 5-1 amaitu da partida.
Benjamin mutilek jarraitu dute berriro ere. Arpajoleak, Egarri Tigrearen aurka aritu dira eta bigarren honek irabazi du 0-3.
Ondoren, alebin nesken partida ikusteko aukera izan da. Anoetako Kukuak eta Izarren arteko partida parekatuaren ostean, 2-2 amaitu dute eta penaltietan anoetarrak izan dira garaile.
Festari amaiera emateko, alebin mutilek jokatu dute azken partida. Intxurre A taldea aritu da All Blaksen aurka eta hauek ere penaltiak jaurti behar izan dituzte 3-3ko emaitzarekin amaitu baitute. Penaltietan, Intxurre A taldeak irabazi du.
Goiza bukatzeko, ilusio eta irribarre artean sariak jaso dituzte irabazle eta irabazle izan ez direnek. Ondo pasatzea eta disfrutatzea baita txapelketa honen gakoa.