Itxarotea ere bada bizitzea

IƱigo Terradillos - Rebeka Calvo 2017ko urt. 7a, 10:02

Bide Ertzean taldeak etenaldi bat egingo du. Bere jarraitzaileak ez ditu esku hutsik utzi, ordea. Bitxikeria ugari biltzen dituen CDa argitaratu du taldearen ibilbidea biltzen duen liburuarekin batera. Zutaz kantatzeko CD liburuak Bide Ertzeanen 18 urteetako ibilbidearen eta 8 lanen errepasoa egiten du, eta argitaratu gabeko eta moldatutako 14 abesti ere baditu. Jon Eskisabel kazetariak idatzi du liburua, eta etorriko diren proiektuen inguruko hainbat pista ere utzi ditu.

‘Zutaz kantatzeko' bira bukatu berri duzue, zer moduz joan da?
Karlos Aranzegi: Lau kontzertu eman ditugu, Durango, Donostia, Bilbo eta Iruñean. Ondo joan da. Gozatu ditugu, baina ez azkenak izan direlako. Beti gozatu izan ditugu kontzertuak. Ez gara asko elkartzen garen talde bat eta ondorioz, elkartu garenean oso ondo pasatu dugu. Beti gozatu izan dugu asko kontzertuetan. Joserra, Ima, Joni eta laurok elkartzeko aitzakia izan da eta gozatu dugu, asko, beste hainbat kontzertutan gozatu dugun bezala.

Malenkonia puntu batekin al zaudete?
Imanol Ubeda: Ez, nekatuta gaude, baina pozik. Baina, egia da gure inguruan bai sumatu dugula sentsazio hori. Jende asko etorri zaigu pena ematen diola esaten. Guk dena kudeatzen dugulako, baita emanaldiak ere, eta kontzertuen prestaketa lanetan eta kontzertuetan buru-belarri ibili garelako, ez dugu denborarik izan ez malenkoniarako ezta nostalgiarako ere. Hurrengo emanaldiari begira egon gara aste hauetan, eta oraindik txip horrekin gaude. Baina, pentsatzen dut denborak aurrera egin ahala nabaritzen joango garela hutsune hori.

Lanarekin batera atsedenaldia etorriko zela iragarri eta ez al duzue sumatu atsekabea jendearen artean?
I.U.: Baten batek esan digu badirudiela talde batzuk beti egongo direla hor. Guk iaztik bagenekien etenaldiarena. Anaia bikiak, Jonik, bigarren haurraren esperoan zeudela esan zigun, beraz, ezingo zuela jarraitu, ezingo zuela bi umeekin, lanarekin eta musika taldearekin. Gurea bezalako talde batek denbora eskatzen du entseatzeko, kontzertuetara joateko, grabazioak egiteko... Mentalizatuta geunden. Batzuk sorpresaz hartu dute, baina nik uste dut hitzez nahiko ondo adierazi dugula gero arte bat dela, etenaldi mugagabe bat, eta berriz ere entseatzeko eta kontzertuetarako baldintzak ematen direnean itzuliko garela.
K.A.: Nik beti esan dut Imak eta Jonik kristoren meritua dutela. Nik soilik musika egiten dut; aldiz, Jonik eta Imak musika egiten dute, kazetari ere aritzen dira, kantak egiten dituzte,  kontzertuak... oso lotua da. Jonik albistea eman zigunean, guztiz ulertu nuen. Oso arduratsuak dira eta ez dute ezer erdizka egin nahi. Pena da bai, baina nik ere ez dut bukaera bat bezala ikusten, gero arte bat da, azken kontzertua egingo dugu orain, baina egongo dira gehiago, ez dakit noiz.

Eta orain zer?
I.U.: Bagabiltza zerbaitekin, kontua da oraindik gauza asko daudela egiteko. Jon Eskisabelek bere liburuan egiten du iradokizun bat bukaeran. Beste egitasmo batean pentsatzen ari gara, pausoren bat edo beste eman dugu, baina nahiago dugu bukatzerakoan hitz egin.

Bide Ertzean Deabruak Teilatuetan taldearen etenaldi batetik sortu zen. Ez ote da orain, etenaldi honetatik beste talde bat sortuko?
I.U.: Ez dakit historiak beti berdin errepikatzen diren, eta ez dakit mimetismo horrek balio dezakeen kasu honetan, baina agian arrazoi duzu. Etenaldi honetan bagabiltza zerbait makinatzen eta denborak esango du. Lehen esan dut, Bide Ertzeanekin baditugu gauzak esateko, baina orain ez da une egokia, eta etorriko da aurrerago. Deabruakekin argiago zegoen bukaera bat zela.

Argitaratu gabeko abestiak bildu dituzue disko-liburuan.
I.U.: Beti egin ditugu kantu asko eta normalean grabatzera joaterakoan beti zeuden grabatutakoak baino kantu gehiago. Edo, beste era batera esanda, beti uzten genuen kanturen bat bazter batean. Disko guztietako bazterkin horiek gorde egin ditugu, lehendabiziko diskotik bertatik. Lehen disko txiki hark bost kantu zituen, baina berez 6 kantu grabatu genituen. Eta, horrela, pilatzen joan dira abestiak. Zutaz kantatzeko honetan badaude ere irrati saioetan edo zuzenekoetan egindako emanaldi kurioso batzuk, badago ere remixen bat edo beste, maketekin egin dugu lan beti, diskoak grabatu aurretik, eta badago maketaren bat, eta badago ere Zutaz kantatzeko bilduma honetarako propio grabatutako pare bat abesti ere. Horietako bat da Joan zinetenetik. Poeta desberdinekin egin izan ditugu errezitaldi musikatuak eta horietako bat Jon Benitorekin egin genuen, Ez zaitut abandonatuko, 2012an. Ikuskizun horretarako propio prestatu genuen kantu hori, baina ez zegoen gure diskografian, eta bilduma horretarako propio grabatzea egokia iruditu zitzaigun. Beste abestia Esan bare, konposatuta geneukan, baina ez genuen inoiz grabatu. Joan zinetenetik kantuaren sesio berdinean grabatu genuen. Badago hirugarren bat, Zurekin dantzatu nahi nuke Don Inorrezen atera zen abestiaren rock bertsioa edo. Bitxikeria moduan.



Nondik sortu zen taldearen ibilbidea biltzen duen liburua argitaratzeko ideia?
I.U.: Bitxikerien CD-bilduma honetan pentsatzen hasi ginenean, lana merkaturatzerako garaian akaso beste zerbait behar zuela pentsatu genuen, eta taldearen inguruko liburuxka bat egitea bururatu zitzaigun, taldearen barne historia erakutsiko zuena. Izan ere, normalean talde bati buruz dakiguna prentsaurreko edo aurkezpenetan egiten diren adierazpenen edo elkarrizketaren baten bidez dakigu. Baina ez da sakontzen taldearen ibilbidean edo ez da esaten taldearen barruan zein gorabehera dauden. Eta familia edo lagun talde guztietan bezala, gurean ere egon dira. Tartean, gainera, Bide Ertzean asko izan dira, musikari asko igaro baitira taldetik. Garrantzitsua iruditu zitzaigun ikustea beste jende batek nola bizi izan duen Bide Ertzean, esperientzia hori. Lan hori egitea, Jon Eskisabeli eskatu genion. Taldearen barruko hori guztia islatzea eskatu genion.

«Zutaz kantatzeko». Taldearen lehendabiziko disko hartako ‘Bide ertzean’ kantuan entzun genituen hitz horiek. Nolabait, ibilbidea borobiltzeko jokoa egin nahi izan duzue.
K.A.: Eskisabelek hartu eta egin du joko hori, bai. Eta, gainera, oso ondo doakio taldearen ibilbideari. Lehenengo kantu horrekin liburu baten izenburua atera du Jonek. Egokia da, oso.

Kantu horretan ikusten zen jada poesiarekin uztartuko zenutela zuen musika.
I.U.: Nahiko konfesionala da abestia. Esango nuke hor, gutxi asko, aurreratzen direla gerorako hainbat elementu. Kantu honek oso ondo borobiltzen du zeintzuk izan diren taldearen konstanteak. Poesiarako joera, gertutasun batetik abestekoa... memoria historikoa eta bestelako gaiak lantzeko joera hori hartu du Bide Ertzeanek. Lehen disko txiki hartako lehen kantu hori ia profezia izan da, bertan esaten denetik asko bete egin da.

Lehen disko txiki hura ateratzerakoan, beste mota bateko musika zen nagusi, gogorragoa. Joera hori hautsi zuen nolabait, Bide Ertzeanek.
I.U.: Bide Ertzeanek egiten duenaren moduko musika egiten zen orduan ere. Baina, ez zitzaion behar besteko arreta jartzen, ez dakit zergatik. Beste estilo batzuk, musika egiteko modu eta joera batzuk egiten eta hauspotzen ziren, egia da. Pop musikak, gure moduko musikak, ez zuen beste estilo batzuk zuten oihartzun hori. Eta ondo dakigu hori, zeren Deabruaketik gatoz, eta Deabruakekin beste testuinguru bat ezagutu genuen. Bide Ertzeanekin hasi ginenean ikusi genuen toki batzuetara ez gintuztela deitzen, edo besterik gabe ez zutela gustuko gure musika, normala dena. Joerak beste batzuk ziren. Baina, denborarekin, beste estilo batzuk entzuteko jarrera aldatu da. Orain eskaintza oparoagoa da eta beste estilo batzuei egiten zaien harrera hobea da. Berez aldatu da hori, 20 urte hauetan eman da horrelako zabaltze moduko bat. Orain ohikoagoa da estilo desberdinetako taldeak kartel berean ikustea.

Zer da zuentzat kantuak egitea? Barruan duzuen hori ateratzeko ariketa, behar bada?
I.U.: Oso galdera konplikatua da hori. Ea zergatik jarraitzen dugun konposatzen galdetzen digutenean ez dakit zer erantzun. Euskal Herriko pintore bati buruz aurrekoan entzundako zerbait esango dut. Berak esaten zuen koadro bat bukatzen duen aldiro poztasun berezi batekin joaten dela ohera. Koadro bat abiatzen duenean baduela kezka hori, baina bukatzen duenean alaitasuna sentitzen duela barruan edo. Gau horretan poztasun berezi batekin oheratzen dela. Ez dakit zein den arrazoia, baina sentsazio horrekin asko identifikatzen naiz. Ez dakit zergatik margotzen duen margolari batek edo zergatik idazten duen idazle batek, ez dakit zergatik egiten ditugun kantuak, baina badugu sentsazio hori; barrenak askatzen ditugulako edo besterik gabe kantu bat egiteak berak oreka bat ematen digulako edo beste ezerk ematen ez digun poztasun hori sentitzen dugulako. 20 urtetik gora daramatzagu hau egiten eta oraindik oso zaila egiten zait erantzun bat ematea. Baina denbora bera bada erantzun bat.

Kantuak oroitzapenak ere badira ezta? Musikak nonbaitera eramaten gaitu.
K.A.: Zauden bitartean ez zara horretan pentsatzen jartzen, bidean zoaz eta honaino iristen zara. Etenalditxo hau egongo ez balitz, nik uste ez ginatekeela horretan pentsatzen ariko. 18 urte pasa dira, konturatu gabe, nire buruan ez dira 18 urte pasa, eta oroitzapenak etortzen zaizkizu. Ematen dizu zer pentsatua. Emanaldietan etorri izan da jendea bere seme-alabekin eta ikusten duzu nola igaro den denbora. Denok ditugu une musikalak geure buruan. Ariketa polita da, geratu eta pentsatu. Bestela, beti gaude aurrera begira, eta horrelako momentuak izatea ere polita da. Musikak oroitzapen onak eskaintzen ditu, eta oso atseginak gainera.

Hasierako urte haietaz ari garela, orduan hor zeuden Labrit, Fran Iturbe... Kolaborazioak izan dituzue, bakoitzak bere puntua emango zion taldeari, ezta?
K.A.:  Pasa diren guztiek eman digute zerbait. Labrit, Fran, Joserra Senperena... Ekarpen guztiak dira onerako. Guk hirurok badugu gure estiloa eta kanpotik eraginik edukiko ez bagenu konturatu gabe hor geratzeko arriskua izango genuke. Kolaborazioekin baten eta bestaren iritzia jasotzen duzu, eta taldea osatzen zoaz. Lagun musikariak izateak alde on hori du, eta horrela, hazkuntza azkarragoa eta desberdina ematen diozu taldeari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!