[GUTUNA] Errespetua bai

Maite Ruiz de Eguilaz Ezkiaga 2017ko urt. 5a, 11:39

Tolosako Udalak eta Tolosa&Co elkarteak, irmotasunez gaitzetsi dituzte joan den astean Tolosako dendek jasan dituzten ekintza basatiak.

Ez nuke aukera hau pasatzen utzi nahi horren gainean dudan iritzia eman gabe.

Onartu egin behar da urteetan mugimendu feministak lan handia egin duela hain biziki desiratutako berdintasuna iristeko asmoz.

Neure ustetan, dendetako pintadak egin zituzten emakumezko edo gizonezkoak oker daude, bai muinean eta bai moduan ere. Beren kezkak lodifobia edo kontsumo matxista badira, jakin beharko lukete Tolosan, azaroan, rol eta estereotipoen gaiaz jardun zela Berdintasun departamenduak diruz lagundutako ikastaro batzuetan. Berriz ere gai horietaz jardun behar dela eta behar adina eragile inplikatzen saiatu behar dela? Ez dago arazorik.

Emakume ekintzaile saiatuek ateratzen dituzte aurrera eraso hauek jasan dituzten dendetako batzuk, eta guztietan daude emakume langileak. Horiei erasotzea al da berdintasunaren alde jokatzea?

Berdintasun departamenduak 2016an zehar egindako kanpainetan Ez, da… EZ! pultserak sanjoanetan, Zerkausiaren argiztapena (LGTBI), Tolosak, EZETZ! A25erako, jostailu gida (dendetan banatua), zeinetan eragile anitzen lankidetza eskatu dugun, erantzunik onena jaso dugu horietatik guztietatik. Egia da beti hurbildu garela errespetuz.

Ez nago ados ez Trastorno Feministarekin ez beste inongo elkarterekin, baldin eta berdintasuna lortzeko errespetua funtsezkoa dela uste ez badute.

 

Maite Ruiz de Eguilaz Ezkiaga, Tolosako Udaleko Berdintasun zinegotzia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!