Prebentzio kanpaina, gaikako bilketari eusteko

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 4a, 08:02

Tolosako Udaleko Ingurumen sailak 'Esku ona al duzu?' kanpaina abiarazi du akats ohikoenak zuzendu eta «birziklapen maila altua» mantentzeko.

Tolosako Udalak jakinarazi du, 2016ko urtarriletik azaroa bitarte %70etik gorako gaikako bilketa mantendu dela.

Udala pozik dago jasotako datuekin eta hauek otsailean ezarritako sistema berriaren eraginkortasuna nabarmentzen dutela esan du Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak. Gogoratu behar da errefusa eta organikoa txip bitartez eta edukiontzietan biltzen zela lehenik eta otsailean sistema aldatu eta bosgarren edukiontzia jarri zutela, materia organikoa eta errefusa edukiontzi irekietan bilduz.

«Sistema aldaketak ez du sailkatze maila jaitsi, eta herritarren erosotasunean, ekonomikoki eta herriaren garbitasunean irabazi dugu», esan du. Tolosan, bataz beste, biztanleko eta eguneko kilo bat hondakin sortzen dela esan du Amantegik eta Gabonetan murgilduta gauden honetan herritarrei hondakinak egoki sailkatzen jarraitzeko deia egin die: «Normalean data hauetan hondakinen sorrera handitu egiten da eta gaikako bilketa gutxitu. Ekidin eta enfasia jarri behar dugu ondo sailkatzean. Dugun esku ona eta arreta erakutsi behar ditugu», esan du.

Datuak eskuan eta «hobetzen jarraitzeko asmoz», prebentzio kanpaina bat abiarazi du udalak. Esku ona al duzu? izenpean. Tolosaldeko Mankomunitateak karakterizazio azterketa bat egin du azken bi urteetan eta bertan detektatutako akats ohikoenak zuzentzeko helburua dute.

PEGATINAK

Kanpainak hiru erpin ditu. Batetik kaleetan zehar, lurrean, 200 pegatina jarri dituzte. Pegatina hauetan esku bat irudikatu dute eta galdera bat, Esku ona al duzu?.

Bestetik, pegatinak jarri dituzte edukiontzietan. Pegatina hauek karakterizazioan antzemandako akatsak hobetzeko mezuak dituzte. Edukiontzi marroietan, esaterako, plastiko poltsarik ez erabiltzeko eta material organikoa bakarrik sartzeko gogoratzen dute. Azkenik, internet bidez erantzun behar den galdetegi bat prestatu dute eta asmatzaileei eskumuturreko bat oparituko diete.

AZTERKETAREN ONDORIOAK

Tolosaldeko Mankomunitateak errefusaren poltsen barruan botatzen dena aztertu du azken bi urteetan eta bertan, oraindik ere birziklagarriak diren gaiak botatzen direla ikusi ahal izan du. Azterketa Mankomunitatea osatzen duten herrietan egin dute. Edukiontzi grisetan jasotakoa da neurtu dutena. Emaitzetan ikusten da 2015 eta 2016 artean errefusa bera eta materia organikoa gutxitu dela eta bestelako gaiak gehitu.

Patxi Amantegik datuak ikusita azterketa honen ondorioak baliagarriak direla esan du: «Udalerri bakoitzean hobekuntzak planteatzeko bitarteko dira». Era berean, errefusan oraindik ere birziklagarriak diren materialak botatzen direla esan du eta nahiz eta portzentajeak ez izan oso garrantzitsuak «ezin dugu horrelako balioa duen materiala galtzen utzi», esan du.

Azterketak materia organikoan «inpropioen» ehunekoa batazbeste %7,2koa dela dio. Honen haritik Amantegik esan du udalaren helburua ehunekoa 5etik beherakoa izatea dela. «Nahiz eta orain arte konpostatze guneetan arazorik ez dugun izan, komeni da gogoratzea materia organikoaren edukiontzira ezin dugula plastikorik bota eta beraz, erabili behar diren poltsak konpostagarriak behar dutela izan».

Zentzu honetan zinegotziak gogoratu du udalak 60.000 euro bideratzen dituela poltsa konpostagarriak erostera eta gaineratu du «doan izanik, ez erabiltzeak ez du zentzurik. Eta aldiz, erabiltzeak konposta egitearen prozesua errazten du». Zabor poltsa horiek zezen plazan eta kultur etxean dauden makinetan eskuratu daitezke 24 orduz eta doan.

Bukatzeko esan du lanean jarraitu behar dela, «etengabeko hobekuntzan».

 

KARAKTERIZAZIOAREN DATUAK

Edukiontzi girsean aurkitutakoa

Errefusa. %49,64 2015ean, eta %45,1 2016an.

Materia organikoa. %23,76 2015ean, eta %21,13 2016an.

Papera eta kartoia. %9,99 2015ean, eta %10,74 2016an.

Ontzi arinak. %8,71 2015an, eta %12,45 2016an.

Bereziak eta arriskutsuak. %5,08 2015ean, eta %7,58 2016an.

Beira. %2,82 2015an eta %3 2016an.

Oharra. Datuak Tolosaldeko Mankomunitateko kide dire herrietako edukiontzi grisetan azken bi urteetan jasotakoak dira. Poltseoa kontuan hartu gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!