Ia 25 milioi euro, Tolosa «eraikitzeko»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abe. 30a, 15:58

Tolosako Udalak 2017rako aurrekontuak onartu ditu. Nafarroa etorbideko urbanizazio lanak egiteko erabiliko dute diru gehien; EH Bildu abstenitu egin zen.

Urteko azken osoko bilkura egin zuen Tolosako Udalak atzo iluntzean. Bilkurako gai nagusia 2017rako aurrekontuen onarpena zen, baina tartean baziren nabarmentzeko beste hainbat puntu ere; urtarrilaren 1etik aurrera gauzatu diren bi liberazio, hiru mozio eta Euskal Herriko plazan egingo duten hotel-jatetxe-kafetegiko hotelaren esleitzea, besteak beste.


Manu Azkarate
Bilkura Manu Azkarateren atxiloketa dela eta EH Bilduk eta EAJk prestatutako mozioarekin hasi zen. Tolosarra Marsellan atxilotu zuten abenduaren 15ean eta tratu txarrak salatu berri ditu. Azkarateren senitarteko eta lagunak gerturatu ziren osoko bilkurara. Mozioak «elkarrizketa, akordio eta bizikidetza sustatzeko» garaiak direla dio eta zentzu honetan «agente politikoek eta sozialek bizikidetza eta bakearen aldeko espazioak sendotze aldera lan egin dezaten» eskatzen dutela gaineratu. Era berean, ETAk su-etena iragarri zuela 5 urte pasa direla eta «espainiar zein frantziar estatuek konponbiderako aurrerapausoak eman baino, iraganeko politika eta jarreretan lan egiten dihardute» jasotzen du mozioak. «Bake eta normalizazio politikoa lagundu beharrean prozesua oztopatzen ari dira», gaineratzen du. «Jazarpen, bortxa edota edozein eskubideren urraketen aurka» agertzen gara. Horregatik legezko tresna erabiltzea eskatzen dugu Manu ahalik eta bizkorren gerturatua eta etxeratua izan dadin. Manuren sendiari elkartasuna adierazi nahi diogu», dio mozioaren azken puntuak. PSE-EEko Crhistian Fernandez zinegotziak ere bere egin zuen mozioa «giza eskubideen urraketen aurka» daudela adieraziz.

Manu Azkarateren senitartekoek iheslari ohiaren ibilbidearen berri eman zuten eta bere askatasuna eskatu zuten, «legea aplikatzea besterik ez dugu eskatzen», esan zuten. Era berean, Frantziako poliziak Azkarateri eragindako tratu txarren argazkiak erakutsi zituzten eta senitartekoek dispertsioaren ondorioz bizi duten sufrimenduaz ohartarazi zuten. Bukatzeko, larriki gaixo dauden euskal presoak gogoan izan zituzten, «familiaren izenean elkartasuna adierazi nahi diegu» eta «lanean jarraitu behar dugu» nabarmendu zuten.


Tolargi
Tolargirekin zerikusia duten erabakiak ere hartu ziren osoko bilkuran. Udalbatzak aho batez onartu zuen Tolargiri saldu eta eskualdatzea energia elektrikoaren banaketako elementuak eta instalazioak erostea. Gastua amortizatuta dago, udalari ez diolarik gasturik ekarriko.

Taxien tarifa
Agitax eta G-Taxi taxi elkarteen eskariz 2017an 2016ko tarifekin jarraitzea ere onartu zuen udalbatzak, aho batez.
Aurrekontuak onartu aurretik Korreo kalean dagoen Iturriza jauregia erosteko proposamena ere izan zuten eztabaidagai. Aho batez onartu zuten. Eraikin guztiarengatik 421.934,50 euro ordaindu beharko ditu udalak. Bigarren ordainketa egingo dute 2017an eta aurrekontuetan zenbatekoa aurreikusi dute, 140.000 euro. Udal lursailen Mustad 1eko kalifikazio juridikoa aldatzea ere adostu zuten.

Bide Bide Tolosa
Aho batez onartu zuten ere, Euskal Herria plazako 1-B eraikinean egingo duten hotel-jatetxe-kafetegiko hotelari dagokion lotea esleitzea. Lizitazio egintza baliozkotzat jo zuten eta Bide Bide Tolosa enpresari adjudikatu diote hotelaren zerbitzua 30 urtetako. Urtean 9.000 euro + BEZari dagokion kanona ordaindu beharko du.

Aurrekontuak
24.848.975 euroko aurrekontua izango du Tolosako Udalak 2017rako. EAJ eta PSE-EEk prestatutako aurrekontuak onartu zituzten osoko bilkuran eta EH Bildu abstenitu egin zen. Sarrera eta gastuen arteko aldea inbertsioak egiteko erabiliko dutela esan zuten, 2.262.542 euro, alegia, aurrekontu osoaren %9,10.
Inbertsiorik handiena Nafarroa etorbideko urbanizatze lanek emango dute, guztira 1.252.148 euroko inbertsioa aurreikusi dutelarik. Asmoa Nafarroa etorbidea oinezkoena eta komertziala izango den kalea izatea da, beti ere "irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatuz".

Hirigintzari lotutako beste hainbat ekintza ere jaso dituzte aurrekontuan. Antiguoko pasabidearen moldaketa (28.314 euro), Almirante Rekalde kaleko (38.400 euro), Batxiller Zaldibiko (40.000 euro) eta Pedro de Tolosako 5 eta 7 zenbakietako (60.000 euro) lanak, eta baita Unipapeleko teilatuaren konponketa (45.000 euro) ere.

Era berean, Tolosaren «garapen ekonomikoa bermatzeko» 812.951 euro inbertituko dituzte, iaz baino %8,5 gehiago. «Ekonomiaren sustapenean estrategikotzat du Tolosako Udalak Oriaburu eraikina eta 66.000 euro bideratuko ditugu eraikin honen lehen solairua moldatzera», esan zuten. Etxabean egun Tolosa&Co dago eta orain lehen solairuan moldatzearekin bat co-working espazio bat egingo dute. Hiri ekonomiaren plan estrategikoa ere burutu berri du udalak eta Euskal Herria plazan 54 plazako ostatu bat sortuko dute.

Beste hainbat proiektu gauzatu ahal izateko azterketak egitea ere aurreikusi dituzte aurrekontuetan; Oria ibaiaren berreskurapenarena (31.000 euro), eraikuntza publikoena (30.000), Alde Zaharreko birgaikuntzarena (25.000), auzoetako birgaitze irisgarritasuna era eraginkortasun energetikoarena (25.000), Mugikortasun Plana definitzekoa (40.000), Olarraingo irisgarritasun proiektuarena (6.000) eta guraso gazteen hizkuntza ohiturak ikustekoarena (6.000).

Tolosatzen partaidetza proiektua ere aipatu zuten osoko bilkuran bertan ateratako ondorioak ere aurreikusi baitituzte aurrekontuetan, 40 proiektu, zehazki. 400.000 euroko inbertsioa egingo dute. Atal honi dagokionez,  Amarotzeko parte-hartze proiektua aipatu zuten. Hasi berri den urte honetan auzotarrek aukeratzen duten proiektuan 50.000 euro inbertituko dituztela errepikatu zuten.
Olatz Peon alkateak aurrekontuak sozialak direla eta gizarte gaiak lantzen dituztela esan zuen, «%25a gizarte gaiei begirakoak dira», esan zuen.

Ika-mika ere sortu zen aurrekontuak onartzerakoan, izan ere, EH Bilduk aurrekontuak «eskasak» direla eta proiektu berririk ez dutela aurreikusten azaldu zuen Lore Agirre zinegotziak. «Abenduaren 15ean aurkeztu zenizkiguten aurrekontu itxi hauek. Ekarpenak landu ahal izateko ia denborarik gabe egon garelarik. Zaila da aurrekontu hauei onarpena ematea, horregatik abstenituko gara. Erronka bat plazaratzen dugu hala ere, has gaitezen elkarrekin lanean eta garapen ekonomikoaz hitz egiten. Lan egiteko beste modu bat eskatzen dugu, adore politikoa eskatzen dugu», esan zuen. EAJko Begoña Tolosa zinegotziak erantzun zion eta hitz egiteko ados daudela eta ateak zabalik eduki dituztela esan zuen. Ondoren, EH Bilduk aurkeztutako 16 proposamenen inguruan hitz egin zuen. Horietako hiru onartu dituztela –merkataritzan euskara sustatzeko plana gauzatzea, gurasoen hizkuntza ohituren inguruko azterketa eta lanbide heziketako azokan euskarazko eskaintza sustatzeko diru laguntzak– eta  besteak zergatik ez dituzten onartu azalduz. «Dena den esan behar dugu zuen ekarpenak bai direla eskasak, gehiago espero genuen. Azalpen gutxi dute, dotazio ekonomikorik ere ez dute. Mediatikoki erabiltzeko egindakoak dira», esan zuen Tolosak. Lore Agirrek erantzun zion esanaz, aurretik egindako bozeramaileen bileran «erantzun ona» jaso zutela eta ez zituztela une horretan egindako kritikak ulertzen. «Eskua luzatuta jarraitzen dugu hala ere, eta beste bilera bat eskatzen dugu», gaineratu zuen.

Liberazioak
Aurrekontuek bi liberazio berri ere aurreikusten dituzte. «Udal gobernuaren beharrak eta dedikazioa gehitzen joan dira, horregatik udalaren beharrei aurre egiteko, beharrezkoa ikusi da udal gobernuko beste bi zinegotziren liberazioa, bata egun osoz, eta bestea, %40ko dedikazio partzialarekin». Batetik, Nerea Letamendia Merkataritza, Feriak eta Turismo batzordeburua liberatuko dute, hortaz. %100ean liberatu dute eta 42.500 euro gordin jasoko ditu urtean. Bestetik, Nuria Carbonell Gazteria saileko zinegotzia liberatuko dute %40ko lanaldiarekin eta urtean 17.500 euro gordin jasoko ditu.

Mozioak
Manu Azkarateren inguruko mozioez gain, PSE-EEk elikagaien bankuarekin eta kontsumorako egokiak diren baina salmentarako baztertuta dauden elikagaiekin lotutako mozioa eta poliomilitisak jota izan ziren eta gaur egun post-polioa duten pertsonak laguntzeko mozioa. Biak onartu ziren, baina elikagaien bankuaren ingurukoan EH Bilduko Onintza Lasak demagogiarik ez egiteko eskatu zuen. «Badaude honetan lan egiten duten taldeak, eta horiekin hitz egin gabe mozioak ateratzea demagogia da», esan zuen. Bukatzeko, EH Bilduko Inaki Irazabalbeitiak Grezian errefuxiatuak laguntzeagatik atxilotutako bi euskal herritarrei elkartasuna eta «mirespena» adierazi nahi izan zien EH Bilduren izenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!