«Jendeak, oro har, ez du ezagutza nahikoa energiaren inguruan»

Jon Miranda Labaien 2016ko abe. 9a, 11:25

Iaztik ari da lanean Xabier Esteban Alonso (Lasarte-Oria, 1972) Tolosaldeko energia teknikari gisa. Energia kontsumoa jaistea eta iturri berriztagarriak erabiltzea egingarria dela uste du, “epe luzera”. Horretarako, “guztion ahalegina” beharrezkoa dela dio.

Zer da Piztu Tolosaldea?

2014. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiko parte hartze zuzendaritzatik partaidetzazko aurrekontuen egitasmoa jarri zen martxan Tolosaldean, eta herritarren eskaeretako bat izan zen energia plana egitea. Iaz, Tolosaldeko egoera energetikoaren diagnosi bat egin zen. Lan horrek erakutsitako egoera energetikoa aztertu, helburu batzuk finkatu, eta ekintza batzuk zehazteko energia plana lantzen jardun dugu Tolosaldea Garatzen-en. Piztu Tolosaldea izena jarri diogu, burmuina piztu eta energiaren inguruan dagoen iluntasunari argia eman nahi diogulako.

Zergatik dago tamaina honetako ezjakintasuna energiaren inguruan?

Sektore energetikoaren atzean dagoena ilun-iluna da. Ez dakigu zer den ordaintzen ari garena. Benetan kobratzen diguten adina kostu al du energia elektrikoak? Gure fakturetan aspaldi amortizatuta dauden azpiegiturak ordaintzen ari gara. Bere garaian eraiki ziren, eta gaur egun, energia beharra hainbestekoa ez denean, horiek ordaintzen segitzen dugu. Nik nire negozioan hanka sartzen badut, inork ez nau erreskatatzen. Sektore energetikoan, ordea, hori gertatzen da gobernuak enpresa hauekin hainbat konpromiso bere egin zituelako.

Energia tailerrak eta aholkularitza bulegoak jarri dituzue martxan ekintza planaren lehen urrats bezala. Zein helbururekin?

Informazioa eman eta sentsibilizatzeko helburuarekin. Herritarrek badute susmoa behar baino gehiago ordaintzen ari direla. Berez, etxean jasotzen dugun fakturak informazio asko dakar, baina ia ulertezina zaigu. Jendeak, oro har, ez du ezagutza nahikoa. Formazio gehiago behar da.

Energiaren erabilpen desegokia egiten al dugu?

Etxe bat alokatu edo erosten dugunean, ez digute erabilbide eskulibururik ematen. Berokuntza edo sukaldean aritzeko orduan ez digute erakusten nola egin modu eraginkorrean. Maiz izaten ditugu argiak piztuta, edo etxetresna elektrikoak standby egoeran. Izozkailuan elikagaiak modu batean edo bestean kokatzeak ere badu zerikusia. Ohitura horiek aldatzea gure esku dago.

Nola jaits daiteke energia kontsumoa geure etxebizitzetan?

Modu askotara, eta guk herriz herri eskaintzen ditugun tailerretan horren berri ematen dugu. Orain, neguan sartzear gaudela, etxebizitzaren berokuntza sistemari jar diezaiokegu arreta. Energia kontsumoaren %40 esan nahi du berokuntzak, eta gehienetan erabilera desegokia egiten dugu. Goizean etxetik ateratzen garenean berogailua itzali eta gero iluntzean iristen garenean hotz aurkitzen dugu etxea. Orduan, berogailua topera jarri, eta hozten den aire bolumen hori denbora gutxian berotu nahi dugu, gastu energetiko handia eginez. Hori ekiditeko, programazioa balia dezakegu, tenperatura eta ordutegia kontuan hartuta.

Eta neurri horiek hartuz gero emaitzak gero nabari al dira?

Bai, noski, gure energia kontsumoa jaitsi egingo da, baita gure fakturan ordaintzen dugun diru kopurua ere. Energia bulegoetan faktura optimizatzeko ariketa hori egiten dugu herritarrekin. Beste ahalegin berezirik egin gabe, ausartuko nintzateke esatera etxe batzuetan %10-15 egin daitekeela behera energia kontsumoan, ohiturak soilik aldatuta. Gero, pixkanaka joan gaitezke bestelako inbertsio batzuk eginez, gero eta etxetresna zaharragoak eduki, orduan eta kontsumo handiagoa egiten baitugu. Etiketa energetiko oso ona duten etxetresnak urtebetean edo urte eta erdian amortiza daitezke, eta merezi du horrelako inbertsioak egiteak.

Pobrezia energetikoaren inguruko lanketa ere egiteko asmoa duzue. 

Udaletako gizarte zerbitzuekin harremanetan jarrita, kalteberatasun egoeran dauden familientzako ekintza bat prestatu dugu. Abian ipiniko dira etxeen egoera energetikoa hobetzeko neurri batzuk: aholkularitza, etxebizitzaren diagnosi energetiko xumea, energia fakturazioaren azterketa eta etxetresnen eta instalazioen erabilera egokia egiteko iradokizunak eta hobekuntzak proposatuko ditugu. Tolosaldea Institutuarekin ari gara lan hori egiten.

Energia azokak antolatzen ari zarete herriz herri. 

Bai. Aspaldi hasi ziren antolatzen aldundiaren eta Usurbilgo Lanbide Eskolaren bitartez. Azoka ibiltariak izaten dira, eta teknologia berriztagarriak eta eraginkorrak erakusten dira: argiteria, ibilgailu elektrikoak, etxetresna eraginkorrak, berokuntzarako teknologia onenak… Informazioa fisikoki ikus dezake bisitariak, eta irakasle eta teknikarien azalpenak jaso.

Alternatibak badaude?

Bai, eta asko, gainera. Espainia mailan energia elektrikoaren kontsumoan ehuneko oso handia betetzen da berriztagarriekin: eolikoa, fotovoltaikoa, hidraulikoa… Biomasa ere indar asko hartzen ari da, eta, eguzki indarra baliatuta, hemen, Euskal Herrian, ur bero sanitarioaren beharra %30 bete dezakegula frogatu ahal izan da. Gero, ikusi beharko da zein estrategia erabiltzen dugun, energia sortzeko zentral hauek nola antolatu nahi ditugun, zein eskalatan.

Jendea ari al da energia berriztagarriak eta eraginkorrak direnak erabiltzen?

Oso pixkanaka doa kontua. Iaz egin genuen diagnosiak datu gogorrak eman zizkigun. Tolosaldean kontsumitzen den energiaren %98 kanpotik dator, eta oso ehuneko txikia da tokian bertan ekoizten den energia kopurua. Gainera, eskualdean kontsumitzen den energiaren %87 erregai fosiletatik dator: ikatza, petrolioa edota gas naturaletik. Tamalez, datu horiek ez dira oso desberdinak beste eskualdeetan jasotakoekin alderatuta.

Erakunde publikoek izan behar dute gai honetan aitzindari?

Etxebizitza arruntetan azken urteetan, poliki bada ere, beherantz egin du energia kontsumoak, eta orain mantentzen ari da. Izan liteke krisiaren eragina edota urteotan egin den sentsibilizazio lanaren ondorioa. Alderantziz, garraioarekin lotutako erregai fosilen kasuan, kontsumoa gorantz doa. Uste dut gure mugikortasun ereduan dagoela arazoa. Nire ustez, administrazio publikoak eragin behar du jarduera pribatuan, garraioan, industrian, edo etxebizitza sektorean. Ez du eraginkorra eta eredugarria izan behar soilik bere esparru publikoan. Eskura dituen neurriak erabili behar ditu energia kontsumoa gutxitzeko, pizgarri fiskalak bultzatuz edo sentsibilizazio kanpainak eginaz, adibidez. Etsenplua ematea denoi dagokigu. Aitzindaritza ez dugu soilik administrazio publikoaren esku utzi behar, gure etxetik abiatu daiteke aldaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!