Euskararen Nazioarteko Eguna 2016

Zubigileei eskainitako zubia

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 3a, 13:24
Irudian, Amando Hernandez Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendaria eta Olatz Peon Tolosako alkatea.

Euskararen Nazioarteko Eguna baliatu du, Tolosako Udalak, Araba etorbidea eta Iurre auzoa elkartzen dituen oinezkoen zubia Euskaldun berria zubia izendatzeko.

Oria ibaiaren gain-gainean, errekonozimendu eta txalotze ariketa bat egin du, Tolosako Udalak, abenduaren 3ko efemeridea dela eta: Euskaldun berria zubia izendatu dute, euskarara zubiak eraiki dituztenei, zubi bat eskainiz.

2015era egin behar da atzera, ideia horren sorburura jotzeko. Izan ere, iazko azaroko ohiko osoko bilkuran onartu zuen, udalbatzak, heldutan euskara ikastea erabaki duten pertsonen lana bistaratzeko jarduerak burutzea. Horrela, iazko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira aho batez onartutako adierazpen instituzionalaren bitartez, udalak konpromiso zehatza hartu zuen “udalerriko kale, plaza, lorategi, iturri, areto edo guneren bati Euskaldun berria izena jartzeko”.

Bide beretik, HAKOBAk –Herri Administrazioen arteko Koordinaziorako Batzordeak– ere aho batez onartu zuen, iaz, aurrerantzean abenduaren 3ko euskararen eguna modu bateratuan ospatzea: ardatz eta lelo beraren bueltan, alegia. Horren harira, Olatz Peon Tolosako alkateak agerraldian nabarmendu du, gaurko egunaren bueltan itzulinguruka dabilen leloaren garrantzia: "Zer egin dezaket nik euskararen alde? leloa aukeratu dute, jarrera proaktibo bat sustatze aldera, eta hizkuntza gutxituen balioa azpimarratzen duela iruditzen zait. Eta, noski, euskaldun berriak dira jarrera horren erakusle argienetako bat". 

Bide luzeak, betirako fruitua

Alkatearekin eta EH Bilduko udal ordezkariekin batera izan dira, zubiaren izendatzean, Euskara Saileko eta Tolosako Udal Euskaltegiko langileak.

Amando Hernandez euskaltegiko zuzendariak azaldu du, bera ere euskaldun berria dela eta, testuinguru serioetan euskara "errespetuagatik" ikasi zuela esaten duen arren, aitortu du arrazoia beste bat izan zela: "Inbidiagatik hasi nintzen euskara ikasten, kuadrillakoak entzun eta nik ere egin nahi izaten nuelako".

Horrela, jendea animatu nahi izan du, "euskaltegian ez bada, etxean, kalean edo lagunartean", euskarara inguratzera: "Guk euskaldunak sortzen ditugu euskaltegian, eta motibazioa argia da: euskaraz ez dakienak, ez daki zer galtzen ari den. Euskaraz egitea sekulakoa da, sekulakoa baita muga zeharkatu eta lapurtar batekin hizkuntza berean egin ahal izatea; mugak deuseztatzen ditu euskarak. Ez du ematen, baina ikaragarria da. Ikasteko prozesua ez da oso laburra, baina eskuratzen den altxorra betirako da".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!