Hirukidek KIDE proiektua aurkeztuko du Tabakaleran

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 30a, 12:26

Adimen emozionala abiapuntu hartuta, bullyinga nahiz bestelako gatazkak konpontzeari begira jarriko dira, bizikidetza lantzeko egitasmoan.

Tolosako Hirukide ikastetxeak urteak daramatza bizikidetzaren inguruko eragile eta erakundeekin harreman sareak sustatzen, eskola barruko proiektua elikatzeko. Orain arte world cafe edo tertulia formatoan egindako lana, ordea, beste forma eta neurri batean aurkeztuko dute aurten: Tabakaleran ekitaldi irekia egingo dute gaur goizean.

Txaro Etxeberria eta Pello Agirrezabal arduradunek nabarmendu dutenez, bizikidetza nahiz jazarpenaren bullyingaren prebentzioa lantzeko «hainbat programa» dituzte ikastetxean, eta lanketa horiek guztiak biltzen dituen egitasmoa aurkeztuko dute gaur: KIDE (Kidetasunerako Dinamikak Eskolan).

Besteak beste, «ikasleak gure gizartean bizitzeko» hezten dituztela dio Agirrezabalek, helburu garbi batekin: «Gatazka baten aurrean erabili ahal izateko tresnak eskaini nahi dizkiegu, eta horretarako adimen emozionalean oinarritutako programa bat sistematizatuta dugu, 3 urtetik 12 urtera bitarteko gaztetxoentzat».

Lanketa horren guztiaren esperientzia, beraz, Aritz Anasagasti adimen emozionalean adituaren hitzaldiarekin biribilduko dute, eta ikasleek jazarpena azaltzeko antzerki mutua ere eskainiko dute, Elena Aranbarriren zuzendaritzapean. Azkenik, erakundeetako ordezkarien mahai ingurua ere izango dute, Iker Usonek moderatuta.

Tabakalean Kutxa Kultur fundazioak duen egoitzan izango da ekitaldia, eta Hirukiderekin lotura dutenei gonbidapena iritsi bazaie ere, «hitzordu irekia» izango dela azaldu dute arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!