Egurra ta Kittok aurkeztu du disko berriko aurrerapen bideoklipa

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 18a, 15:38

Julen Arrieta Tarragona tolosarra taldeko kidea da. Iheskide taldeko abeslaria zen Xaguren kolaborazioarekin egin dute abestia.

Abestiak 1984ko martxoaren 22an gertutako gertakari bat du hizpide. Horrela azaltzen dute taldeko kideek:

Rosa Jimeno modu ilegalean atxilotu zuen Polizia Nazionalak. Ez zuten atxiloketaren berri eman eta, tortura bidez, Iparraldean zeuden Komando Autonomo Antikapitalistetako kideekin hitzordua jartzera behartu zuten.

1984ko martxoaren 22an Rosa Pasaiara eraman zuten. Badia poliziaz inguratuta zuten. Hanka sokaz lotu zioten seinalea egitera behartu zuten. Gaueko hamarretan iritsi ziren bost kideak Iparraldetik, zodiac batean. Rosa zegoen harkaitzetara iristear zirela tirokatu egin zituzten eta Pedro Mari Isart “Pelitxo” eta Jose Maria Izura “Pelu” momentuan hil zituzten. Bizirik harrapatu zituzten Dionisio Aizpuru “Kurro”, Rafael Delas “Txapas” eta Joseba Merino. Identifikatu ostean, Merino alde batera eraman eta “Kurro” eta “Txapas” harkaitzetan bertan fusilatu zituzten. Guztira 113 bala zulo aurkitu zituzten lau eraildakoen gorputzetan.

Diskoa Durangoko Azokan izango da eskuragarri eta abenduaren 5ean aurkeztuko dute Ahotsenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!