Mende bete eta gero, bueltan da euskal jaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 11a, 17:21
Zerkausian iragarri dute hurrengo larunbateko festa, eta kofradiako kideekin batera izan dira, lagun izango dituzten eragileak ere.

Tolosako Babarrunaren Kofradiako lekuko aldaketak berrikuntzei bidea ireki die, babarrunaren egunean; ohiko azoka bereziarekin batera, euskal jaiaren egitarauak hartuko du eguna, datorren azaroaren 19an.

Akaso gehiegi litzateke esatea, Babarrunaren egunak ia-ia Ostegun Gizenak adina pisu duela tolosarren artean. Baina, zalantzarik ez da: azaro erdialdeko hitzordua asko itxarondako eguna izaten da, gastronomia zale, ekoizle, kuadrilla nahiz parrandazaleentzat. Aurten, azaroaren 19ak hartuko du egun handia, eta nobedadez beteta dator, gainera: euskal jaia ospatuko dute herritarrek, Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik.

Joan den udaberrian belaunaldi berri batek haize freskoa sartu zuen kofradiara, eta uzta berri horren lehen aleak jasotzen ari dira orain. Babarrun bat, bizitza bat kanpaina abiaraztea izan zen kofradia-kide gazteenen lehen egitekoa, perla beltza jaki izatetik harago doala ikustarazteko. Horrela, babarrunak Tolosako historia, hizkuntza, kultura, baserriak, sukaldeak eta familiak ere barnebiltzen dituela ikusi dute, haur, gaztetxo nahiz helduen eskutik.

"Kontzeptu horiek guztiak festa batean uztartzea ezinbestekotzat" jo dute, orain, kofradiako kideek, eta behar hori asetzera dator, hurrengo larunbatean, Tolosako euskal jaia; tolosarren ondarea ospakizun batean goratzearekin batera, ekoizleen lanari ere gorazarre egin nahi diote.

1913koak dira, Tolosan Fiestas Euskaras ospatu zireneko kartel eta afixak eta, mende bete eta gero, bueltan da hitzordua. Eguerdian hasiko da jaia, 12:00etan, kalejirarekin: Alde Zaharra kalez kale zeharkatuko dute plaza dantzekin, fanfarrearen doinura. Aldi berean, Basquefest gunea Alondegian jarriko dute; bertan, labeldun produktuak dastatzeko aukera izango da. Arratsaldean, berriz, musikarik eta kanturik ez da falta izango.

Tolosako Babarrunaren Kofradiarekin batera, hainbat eragilek – ekoizleak, Udaberri dantza taldea, Haurkizuna fundazioa, Galtzaundi euskara taldea eta Tolosaldeko Giltzarria– parte hartuko dute euskal jaian, eta guztiek ere dei egin diete herritarrei, azaroaren 19ko festa eguna artzain eta artzain-andre jantzita ospatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!