«Argi dago plan lasai bat nahi duten bidaiariak etortzen direla hona»

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 30a, 16:33

Bidaiatzeko filosofiatzat du etxea etxearekin trukatzearena, aurrezteko bidea baino, Maider Aizpurua Home for Home-eko erabiltzaileak. Duela zazpi urte ekin zioten abenturari, eta Tolosaldea uste baino jende gehiagoren oporleku dela ikusi dute.

 

Nolatan hasi zineten oporretarako etxea trukatzen?

Kuadrillako lagun batek kontatu zidan etxe truke bat egin zutela oporretara joateko. Segituan pentsatu nuen nik ere gauza bera egin nezakeela, eta galdera pilo bat egin nizkion. Bikotearekin hitz egin eta, ideia bikaina iruditu zitzaionez, webgunean sartu eta lehen pausoari ekin genion: erregistratu, eta ea zer gertatzen den.

Eta?

Lehenengo mezua iritsi zitzaigunean harrituta geratu ginen, oso denbora gutxian iritsi baitzen. Edozein opor lekutara joateko prest dagoenak erraztasun handiagoak ditu, eta horixe zen gure kasua. Horrela, gure lehen aldian Sitges-en (Herrialde Katalanak) izan ginen. Hasieran oso urduri geunden, baina behin hara iritsita, oso ondo joan zen guztia. Emakume batek eta haren amak egin ziguten harrera, eta sekulakoa izan zen: bi pastel prestatu zizkiguten, xanpain botila bat ere jarri zuten mahaian eta izozkailuan txuletak utzi zituzten guretzat [barreak]. Bi etxe zituzten, eta bigarrena prestatuta zeukaten trukerako. Jende askok egiten du hori, eta badu alde on bat: trukea errazagoa da, bi familia-unitateen oporrek ez dutelako, ezinbestean, bat etorri behar.

Geroztik, truke asko egin al dituzue?

Bai, zazpi bat egin ditugu. Sitges-ekoa lehena izan zen eta, gero, Sardiniara (Italia) joan ginen. Etxe hura sekulakoa zen, eta jabea aireporturaino joan zen gure gila; oso atsegina zen. Azkena duela zenbait aste egin dugu, eta Calpen (Valentzia, Herrialde Katalanak) izan gara.

Eta, zenbat aldiz etorri dira zuen etxera, Tolosara?

Gasteizko batzuk izan ziren, eta galiziarrak ere bai. Bartzelonako familia bat ere etorri zen Eguberrietan, eta oso-oso gustura itzuli ziren: giroa, jendea,... Zoratzen ibili ziren. Deniako (Alacant, Herrialde Katalanak) batzuk ere izan dira, eta Calpeko familia Aste Santuan etorriko da, ziurrenik.

Zure ustez, zeren bila bertaratzen dira Tolosaldera?

Denagatik. Nik, hasieran, nire artean pentsatzen nuen: «Zein etorriko da Tolosara, Donostia hor egonda?». Baina jendea Tolosara etortzen da, eta hemendik mugitzen da eguneroko planak egiteko. Donostiara joaten dira, bai, baina baita mendira ere. Gastronomiak erakarrita etortzen dira asko, edo freskuragatik. Bakoitzak gauza desberdinak bilatzen ditu, baina argi dago plan lasai bat nahi duten bidaiariak etortzen direla hona.

Zein da oporretarako etxea trukatzearen alderik onena?

Bidaiatzea jende askoren zaletasuna da eta, horrelako egitasmoei esker, ez da urtebete edo bi urte lehenago hasi behar oporretarako dirua aurrezten. Daukazunarekin egiten duzu, suertatzen denaren arabera.

Gomendatuko zenuke?

Noski baietz. Jende askok beldurra izaten du bere etxean jende ezezaguna sartzeko, baina, oporretara joaten garenean, lekua ezagutzera joaten gara, eta ostatua oinarrizko beharretarako izaten da: janaria prestatzeko, dutxatzeko eta lo egiteko. Inor ez da, besteen etxean, armairuak eta kajoiak zabaltzen hasten, beraz, nik ez dut horren beldurrik.

Erlazionatuak

Opor egunen zerrendan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016 urr 30 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!