Pilula sozial bat

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 10a, 07:56
Argazkia: Chroma Branding

Mende berriko gaixotasun zaharren artean sailka liteke, momentuaz gozatzeko gaitasunik eza; utikan, Horacioren 'carpe diem'-a. Jai egunek -ustez- dakarten pozari begira eraikitako sistemak, ordea, aurkitu du lan egunak arindu eta asteburuak luzatzeko sendagaia: pintxo potea.

Unibertsitate garaia Gasteizen bizi izandako askok ernetzen ezagutuko zuten ziur aski. Gorbea kalea lehen pausoak ematen hasi zen euskal asteburuak luzatzeko, eta asteko laugarren egunak -gauak ez horrenbeste- ikasleen monopolio izateari utzi zion: pintxo potea jaio zen.

Errezeta sinplea diseinatu zuten ostalariek, arrakastara bidean: zuek edaria eta guk oparia. Eta, gauza jakina da, oparitutako edozer gurtzeko gai dela gizakia.

Branding-ean aditu direnei kontsultarik egin gabe ere baieztatu liteke, gainera, marka bikaina sortu zutela: logikoa, erraza eta erakargarria.

Hain erakargarria, ezen goi-mailako pintxo ekoizpenaren lurraldeak ere konkistatu baitzituen low cost poteoak. Beasain, Arrasate eta Donostia ezer ez eta festaren trenean sartu, eta Tolosak ez zuen denbora gehiegi behar izan, tren berbera hartu eta ostegunak goitik behera aldatzeko.

Ostegunak eta zazpiak

Artean pintxo poterik ez zela, literatura sortzeko ere eman zuen ostegunen sokak, Jon Arretxeren umore beltzaz (Ostegunak, 1998). Egia baita: ostegunak bereziki literario bihur daitezke.

19:00ak: guztia hasten den unea. Tabernariek pintxoak barra gainean jartzen dituzten garaia; kuadrilletako Whatsapp taldeak borborka hasten direnekoa; beharbada, maitemintzera doan bikote baten lehen hitzordua ere bai. Edo albiste txar bat emateko aukeratutako momentua, festa giroak zerbait arinduko duelakoan. Baina guztia zazpietan, zazpietarako edo zazpietatik aurrera; literatura unibertsalean zenbaki magikoa baita zazpia.

Akaso horrek emango dio, ostegun ilunabarrari, xarma berezi hori, tolosar askok onartu duten moduan, pintxo potea «aitzakia baino ez baita bilakatzen» adiskide eta ezagunekin honetaz edo hartaz aritzeko: «Pintxo poteak aukera ematen du astean zehar bizitza soziala egiteko», diote Jone Amonarrizek eta Juan Urretabizkaiak.

Harreman sare horiek dira, hain justu, ostalarien gozamena. Ramon Urkijo Asteasuarra tabernako sukaldaria da, eta duela bi ikasturte ekin zioten pintxo poteari: «Ostegunak ahul samar zeudela ikusita, giroa suspertzeko eta bezeroak erakartzeko modu bikaina iruditu zitzaigun, beste zenbait herritan hartua zuten bidea. Askok esan izan digute pintxoak oparitu egiten ditugula baina, azken finean, inbertsio bat da: pintxo poteak jendea ateratzen du etxetik, eta tabernarioi bezeroekin harremana estutzeko aukera ematen digu», dio.

Behin jendea etxetik aterata, pintxo poteak lege bakarra ezartzen die herritarrei: ibilbidea aukeratzea. Paradoxa dirudi, baina ohitura berria izanagatik, betiko txikiteoaren zantzu nabarmenak ditu pintxo poteak, Tolosan behinik behin: «Normalean Ieltxun hasten gara, edo bestela The Nest garagardotegian. Gero Orbelatik pasatzen gara, handik Asteasuarrara joan eta Babesen amaitzeko», azaldu du Xabier Arzelusek.

Ostegunero ibilbide berbera errepikatzen dute kuadrilla gehienek, eta irizpidea norberak aukeratzen du. Badira kokapenaren arabera mugitzen direnak, eta baita taberna bakoitzak eskaintzen duen jakiaren arabera batean edo bestean hasten direnak ere: «Garagardotegiko kroketak arratsaldeko ordu horretan izaten den gosea ederki asetzen du eta, hanburgesa txikiarekin ezbaian izaten naizen arren, kroketa aukeratzen dut ia beti», dio Antton Telleriak.

Azkenik, badira irizpide horietako bakar bati erreparatu gabe, pintxo potera giroaren beroagatik soilik ateratzen direnak ere; ostegunen xarma.

Zein krisi?

Bi Bala taldeak Kursaaleko publikoari nola, pintxo potean zebiltzan tolosarrei hala galdetzea bururatuko zitzaion bati baino gehiagori: «Ze krisi?». Izan ere, pentsa liteke sozializazioak garunari ekar diezaiokeen onuraren parekoa dela poltsikoan sortzen duen zuloa. Baina, zenbat diru joaten da, egiazki, pintxo potean?

«10 edo 12 euro gastatzen ditugu batez beste, pintxo poteak irauten duen bi ordu horietan», dio Iker Agirrek. Bost euro jarriz hasten da guztia eta, giroaren ederraz, beste billetetxoa ere jarraian jarri ohi dute Irene Arinek eta lagunek.

Pintxo poteari pintxoa kendu eta gau txorien erritmoa gehitzen dionik ere bada, ordea, eta orduan aldatzen dira zenbakiak, Alain San Sebastianek aitortu duenez: «Orduan auskalo, 20 edo 30 euro inguru».

Antza, krisiak gehiago eragin du beste zenbait herritako esparru sozialean, tolosarrenean baino, Ramon Urkijoren ustez: «Duela 25 urte beste kontu bat zen, noski, baina Donostian eta Hernanin, esaterako, asko nabaritu da jaitsiera. Azpeitira ere joaten naiz lanera, eta han ostalaritza baxu dabil. Tolosan, berriz, komertzio txiki asko dagoelako, edo astebururo zerbait izaten delako, oso-oso ondo mantendu da erritmoa».

Ostalariek pintxo poteari etekina ateratzen dioten bezala ateratzen baitute zukua, bezeroek ere: «Zuritoa hartzen dugu beti, edari merkeena delako eta, bestela, ardoa», diote Juan Urretabizkaiak eta Iker Agirrek.

Baina, errentagarritasunak errentagarritasun, bi urte atzera herritarren agendetan ez zen hitzordu bat astero ageri da orain; hitzordua eta gastua. Eta zenbait galdera, airera: bestelako lehentasunak eta, ondorioz, ekonomia kudeatzeko moduak al dituzte XXI. mendeko herritarrek? Adituek hizpide duten patu indibidualista horretatik ihes egiteko zirrikitua ote da pintxo potea? Edo, kontsumismoaren tanta bat gehiago? Erantzunak, noski, pintxo eta edariak bezalaxe, buruaren eta aburuaren araberakoak.

Birformulazioen sehaska

Ez da, ez, gutxitan errepikatu izan, zortearen bila joan beharrean, momentu jakin batean leku zehatz batean egonda, zorteak berak bilatzen duela zorteduna. Bada, sineste horretatik ere edaten du pintxo poteak.

Asteburuari aurretik egun bat itsatsi eta aisiarako egunei ostegunean ekiteko olatuak aparretan harrapatu zituen zenbait taberna eta plaza, baina ez guztiak. Dela pintxo potearekin beranduago hasi zirelako, dela ostegunetako bezero-eredua haien eskaintzetara hurbildu ez delako, Tolosan pintxo potea larunbat zein igandetan ere egin daiteke, besteak beste, Bikutz eta Beti Alai tabernetan, hurrenez hurren.

Zalantzarik ez da: pintxo potearen arrakasta eta fenomenoa birformulazioen sehaska ere bilakatu da, eta bakoitzak bere babak ateratzen ditu eltzetik, nola edo hala, olatua harrapatzeko.

Gehienek, edari freskoena zerbitzatuz edo mokadutxo tentagarriagoak prestatzen trebatuz egingo dute ahalegina, eta negu hitsa izan liteke pintxo potearekin esperimentatu eta hurrengo goi-denboraldia prestatzeko garaia, «eguraldiak eragin handia izaten baitu pintxo potean».

Eskaintza eta eskari horretatik haragoko bideak ireki dituenik ere bada, ordea, eta donostiarrek badute jada, pintxo poteaz behar bezala gozatu ahal izateko mugikorretarako aplikazioa, Alvaro Lopezen eskutik.

Batek daki, pintxo pote tolosarrak sekula halako trikimailuen beharrik izango ote duen. Gaur-gaurkoz, nahikoa du ostegun iluntzeak mimoz zaintzearekin, 21:00ak iritsi eta tabernariak eguna barre txikiarekin amaitu dezan; kuadrilletan bi orduz hitz egindakoek beste hamaika elkarrizketa sortu ditzaten; maitemintzera zihoan bikotea tabernatik eskutik helduta irten dadin. Eta, iragarritako albisterik beltzenek argi pixka bat ikusten dutenerako, topa eginez ospatu daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!