Doinua: Badira hiru aste, Mikel Urdangarin
Neurria: Zortziko handia
I.
Jakina da Pachamama zainduz
Hazia ernaltzen dela,
adi entzun neskato zein mutil
herriaren fruitu bezela.
Babes gaberik sentituz gero
eguzkirik ez, uspela
jaiki, bota ozen garraxia
Goitik entzun zaitzatela!
II.
Giza Eskubideen Gutunak
oso argi jasotzen du,
herritar orok libre behar luke
sendagilera zuzendu.
Solidario behar lukenean
bazterkeria gailendu,
ta etxean dirua faltan bada
eskubiderik ez kendu.
III.
Hego Amerikako izkinan
nahita ote dago jarria?
Peruk ez baitio inoiz hartzen
osasunari neurria.
Ospitalez ta medikuz eskas
ez da inongo berria,
ta farmakoen prezio altua
da nahiko kezkagarria.
IV.
Pobrezia ta hezkuntza eza
gehiengoaren kaltean,
zailtasun asko pilatzen dira
lan mundura sarbidean.
Multinazionalak estatua
zulora daramanean,
sistema aldaketa bat behar da
herritarren mesedean.
V.
Machu Picchuz gain ere badira,
begi zorrotzarentzako,
Madre de Dios ta Nanay ibaian
arazo iluna franko.
Osasuna ongizatea bada,
bidea dago bistako.
Ezagutza eza oldartzerako
prestatu aldaketarako.
VI.
Manuela Ramosen erronka
hezkuntza ta pobrezia,
dignitatea, askatasuna
ikasiz irabazia.
Herrialde patriarkal hontan
ahalduntzearen grazia,
giza eskubide denen lorpena
bermatuko du(e)n hazia.
VII.
Emakume peruar heinean
berdintasuna buruan,
Feminismoa arma bezela
ta boterea eskuan.
Etorkizuna aldarrikatzeko
aurrera mugimenduan
mendekurik ez, elkarlanean,
bakoitza bere lekuan.
VIII.
Quechuaz, kawkiz edo aymaraz
Jaqaru zein gaztelera.
Hainbat hizkuntza, oihu bakarra
eta mezua berbera.
Ashánikaz edo aguarunaz,
egin dezazun aurrera!
Hoa gizarte perubiarra,
ernai eskutik batera!
INKARRI TALDEA