«Nork esan dezake guztiok ez dugula osasunerako eskubiderik?»

Iñigo Terradillos 2016ko uzt. 22a, 08:02

Medicus Mundik Perun dituen proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango du tolosarrak, elkartearen 'Gazteak Hegoaren Bila' lehiaketa irabazi ondoren; bidaiaren ostean dokumentala egin asmo dute ikusitakoa erakusteko.

AEko Medicus Mundi elkarteak sentsibilizatzea helburu duen lehiaketa antolatzen du bi urtetik behin. Batetik, Hegoaldeko herrialdeetako errealitatearen inguruan gazteen ezagutza eta interesa areagotzea bilatu nahi du elkarteak ekimen honekin, eta bestetik, taldekako lehiaketa izaki, lankidetza, gogoeta eta sortze-lana sustatu nahi du, mundu bidezkoago baten aldeko borrokan gazteen konpromisoa bultzatuz. Bada, aurten egin duten bosgarren edizioan, osasun publiko eta unibertsalaren herritarren eskubidea jorratu dute gai moduan, eta Gipuzkoako Inkarri taldea izan da garailea. Sari moduan, Perura joango dira eta elkarteak bertan duen lankidetza lana ezagutzeko aukera izango dute. Lau pertsonek osatutako taldean, Olatz Godoy medikuntza ikasle tolosarra dago.

Gustura egoteko moduan zarete, hamabost egun igaroko dituzue Perun...

Oso gustura gaude. Egia esan, ez genuen saria irabazterik espero. Hasieran, lehiaketaren oinarriak kaleratu zituztenean, ez ziren talde gehiegi aurkeztu, baina gerora, komunikabideen bitartez oihartzuna izan zuen eta talde ugarik eman zuen izena.

Nolatan animatu zineten parte hartzera?

Medikuntza ikaslea naiz, eta fakultatean bertan izan nuen lehiaketaren berri. Beste gelakide batekin hitz egin nuen, eta parte hartzera animatu ginen.

'Gazteak Hegoaren Bila' lehiaketarekin Medicus Mundi elkarteak bere lana ezagutarazi eta gazteak sentsibilizatu nahi ditu.

Hala da. Osasunean eta osasunerako giza eskubideen inguruan egiten duen lana ezagutzera ematea da helburuetako bat. Egia da sari moduan dagoen hamabost eguneko bidaia batean beraiekin lan egiteko tarte handirik ez dagoela, baina Hego Amerikan dituzten proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du. Aurtengo edizioan gai berezia jorratu nahi izan dute; Perun osasun sexualaren eta erreproduktiboaren eskubideak gazteen artean aldarrikatzeko proiektua hasi berri dute, eta honen inguruan oinarritu dute lehiaketa. Oso interesgarria izan da.

Aurkeztu beharreko probetan beraz, gai hori jorratu beharra izan duzue.

Bai, baina gai gehiago ere landu behar ziren. Peru edo Hego Amerikako osasun egoeraz gain, Euskal Herriko eta estatuko egoera ezagutarazi nahi dute, eta horretarako hiru zati edo probatan banatzen da lehiaketa. Lehen atalean, esaterako, estatuko egoera hartu behar zen aintzat, 2012. urtean kaleratu zen 16-2012 Errege Dekretu Lege delakoaren ondoren sorturikoa. Horren ondorioz, paperik gabeko atzerritarrek ezin dute osasun zentroetan arretarik jaso, larrialdi edo haurdunaldi egoera bat ez baldin bada edota adingabea ez bada. Azken finean, Medicus Mundik aldarrikatzen duena da, osasuna eskubide unibertsala izan behar dela. Edonork osasunaz, zentzu zabalenean, gozatu ahal izateko eskubidea izatea; ongizate fisiko, mentala eta soziala ez dagoela sexu edo arrazari lotua aldarrikatzen du elkarteak. Hain justu, dekretu horrek osasun unibertsalaren aldarrikapen hori bortxatzen du. 

Komiki baten bitartez gai hori jorratu zenuten. Zer da komikian erakutsi duzuena?

Ildo metaforikotik jo genuen, hemengo egoera ikertuz. Aipaturiko dekretuaz hitz egiten denean, atzerritarren eskubideez eta paperik izan ezean arretarako eskubiderik ez dutela aipatzen da. Hori egia da, eta oso larria da. Euskal Herrian kontradekretu bat sortu zuten, larrialdi egoerez harago atzerritarrei babesa emateko. Espainiakoa baino egoera hobea utzi zuen, baina, oraindik ere hainbat gabezirekin. 

Guk komikiaren bitartez erakutsi nahi izan duguna da, ez dela soilik atzerritarren, 'beste horien' kalterako dekretu bat, baizik eta, bertako edozein biztanleri ere eragin ahal diola. Euskal Herrian bizi den neska baten istorioa kontatzen du komikiak. Atzerritarra da, eta meningitisa du. Bere gurasoen ezjakintasunagatik, arretarik emango ez zitzaiola edo ordaindu egin beharko zutela uste zutelako, neskari ez zitzaion atentziorik eman, eta gero beste neska bat kutsatu zuen, bertakoa. Honekin, kaosaren teoria nagusitu dela erakutsi nahi izan dugu; bi sistema konplexu egon dira, ekonomikoa eta osasun sistema, bi sistema horiek talka egin dute, pentsatuz dekretu horrekin dirua aurreztuko zela, eta horrelako kaosak sor ditzake. Sistema konplexu batean aldaketa bat ezarri, eta ondorio guztiak zure mesederako izango direla pentsatzeak horrelako arriskuak ditu.

Bigarren probarako bertsoak idazteari ekin zenioten.

Peruko osasun egoera oinarri hartuta idatzi behar genituen bertsoak. Egia esan, ezin izan genuen nahi beste sakondu, eta denetarik ukitu genuen, Perun dagoen aniztasuna oinarri hartuta. Esaterako, Euskal Herrian arreta euskaraz jasotzeko komeriak baldin badaude, pentsa Peru bezalako herrialde batean, non hizkuntza mordoa dauden eta indigenen hizkuntza asko ia ezezagunak diren. Bada, hizkuntza horietako asko ez dira osasun zentroetan erabiltzen. Garapenean murgilduta dagoen herrialde bat dela kontuan hartu behar da, eta baliabide falta nabaria du. Peruk Barne Produktu Gordinaren %4 eskaintzen dio soilik osasun garapenari, eta Latinoamerika osoari erreparatuta %7a. Peruren egoera, beraz, ez da batere ona osasunari dagokionez. Honetaz guztiaz hitz egin dugu gure bertsoan eta baita Manuela Ramos bezalako elkarteek burutzen duten lanaren inguruan ere, emakumeen ahalduntzeaz, osasun sexualaren eskubideez...

Hirugarren zatirako, berriz, 'lipdub' bat grabatzeko eginkizuna jarri zizueten.

Bai. Horretarako, gure lagunetatik jo genuen, eta azkenean talde polita lortu genuen. Donostiako San Sebastian hotelean grabatu genuen. Baimena eskatu genien, eta ez zuten inolako eragozpenik jarri. Gaiari dagokionean lehen aipaturiko Espainiako dekretuaren aurka hemen jarritako kontradekretuan zentratu ginen. Azken batean, osasun unibertsala aldarrikatu nahi izan genuen lan honetan, Medicus Mundi elkartearen aldarrikapen nagusia ere hori delako. 

Gasteizen izan zen sari banaketa ekitaldia, eta bertan jakin zenuten aurtengo irabazleak zaretela.

Taldeko beste hiru kideak egon ziren han. Ni lanean nintzen, eta ezin izan nuen joan. Areto bete batean eman zieten erantzunaren berri, gainontzeko guztiak txalotzen hasi ziren eta sinistu ezinik geratu ziren. Deia jaso nuenean nik ere pentsatu nuen adarra jotzen ari zirela. Oraindik orain ez dugu sinisten, eta bidaia egin artean ez dugu sinistuko. Sekulako poza jaso genuen.

Lehiaketarako lan hauek egiteak hausnarketarako bide eman al dizu? 

Komikian idatzi genuenak, nire pentsamendua laburbiltzen duela esan nezake. Osasunaz hitz egiterakoan, osasunaren definizioa bera konplexua da. Askotan osasun hitza esan eta gaixotasun egoera datorkigu burura, katarro bat edo gripea izatea, adibidez. Giza ingurunean gustura bizitzea ere osasuna da, baita osasun mentala izatea ere, askotan hori gutxietsi egiten den arren. Depresioa hitza entzuterakoan aurreiritzi ugari etortzen zaizkigu burura. Arazo ugari daude osasunean eragina izan dezaketenak. Sistema konplexua dugu, eta guztion osasuna lortzea hain zaila baldin bada, are zailagoa izango da sistemari trabak jartzen badizkiogu. Adibidez, kanpotarra izateagatik osasun zentroetan ez artatzeko erabakia hartzen da, antza, bertakoek dutelako lehentasuna; kanpotar hori gure errealitate sozialaren parte da, emakume horrek bere osasun sexualaren eskubidea lortzen baldin badu, eta ez bada kutsatzen ez du kidea kutsatuko... Kate bat da, eta azken finean, osasuna guztia da, gure ongizatea da. Nork esan dezake guztiok ez dugula osasunerako eskubiderik?

Medicus Mundiren proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango duzue orain, non eta Perun. 

Oraindik eguna zehazteko daukagu. Seguruenik hil honetan bertan, bukaera aldera joango gara, eta hamabost eguneko egonaldia egingo dugu han. Lehen esan moduan, bi astetan ezin da dena ikusi, eta zaila da Peru errealitatea ondo ezagutzea. Bitartean, Medicus Mundi han zein proiekturekin ari den lanean ikusten ari gara, eta interes handiena sortzen diguna Amazonia ingurukoak dira, gehien bat osasunaren irisgarritasuna zailagoa delako, emakumeen osasunaren eskubideak gehiago bortxatzen direlako eta hizkuntzaren aldetik ere zailtasunak daudelako. Oso interesgarria iruditzen zaigu zonalde hori gertutik ikusteko aukera izatea. 

Ondoren, dokumentala osatzeko asmoa duzue...

Bidaian zer nolako lana egingo dugun eurekin galdetu dugu, eta batik bat bisitatu, ikusi eta ikasi izango da gure egitekoa. Bada, bitartean proiektu bat garatzeko aukera izango dugu. Gure taldeko neska batek zine munduan egiten du lan, eta berak proposatu zuen dokumental moduko bat egitea. Bertan bildutako informazio guztia bildu nahi dugu, gero hemen zabaltzeko asmoz.

 

Erlazionatuak

CH'AKA DENA, TXARTATUZ JAK'UYAY

Tolosaldeko Ataria 2016 uzt 21 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!