[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] «Horrelako proiektu batean murgiltzeko 'pasta' berezi batekoa izan behar dela uste dut»

Iosu Iturrioz 2016ko abu. 12a, 11:16

Duela hiru urte itzuli ziren Izaskun Zeberio, Andu Martinez de Rituerto eta beraien bost seme-alabak Maren, Eunate, Libe, Ander eta Xabier AEBetan bizitako bi urteko esperientzia «ahaztezinetik». Zeberiori egindako lan eskaintza bat zela eta joan ziren New York hirira eta bi urtetan gisa guztietako bizipenak bizitzeko aukera izan zuten.

Hamabost urtez hematologo lanetan aritu ostean, arlo profesional zein pertsonalean Izaskun Zeberiok esperientzia berri bat bizi nahi zuen. New Yorkeko Memorial Sloan-Ketterin Cancer Center-ek bertako proiektu batzuetan murgiltzeko eskaera egin eta bi aldiz pentsatu gabe familia guztia AEBetara joan zen.

Pilar Lois Dk. II. Saria irabazi berri du Zeberiok, aldizkari mediko batean argitaratutako artikulu zientifiko onenarengatik. Bere lana, Safety of Voriconazole and Sirolimus Coadministration after Allogeneic Hematopoietic Stem Cell Transplantation, AEB-etan egindako ikerketa baten ondorioz argitaratu zen.

Desira, azkenean errealitate. 

Betidanik izan dut atzerrian formatzeko irrika. Herrialde batetik bestera, medikuntzaren alorrean aldaketak nabarmenak dira. Batik bat, erabiltzen ditugun tekniketan nabari da hori. Teknika berrien berri izateko, bertara joan eta lehen pertsonan bizitzea bezalakorik ez dago. Horixe beti izan dut buruan. Eta lortu arte, ez dut etsi.

Noiz eta nola hasi zen guztia?

2010. urtean AEBetara joan nintzen ikastaro bat egitera. Bertan nengoela, Memorial Sloan-Ketterin Cancer Center-ekin harremanetan jarri eta hematologia unitateko jabeak elkarrizketa bat egin zidan. Une horretan hasi zen guztia. Orduz geroztik, Andu (Martinez de Rituerto -senarra-) eta biok AEBetara joateko aukerak aztertzen aritu ginen.

Egoera ez zen batere erraza. Aukera gehienak ez ziren bideragarriak. AEBetan hemengo medikuntzako tituluak mediku gisa lan egiteko ez baitu balio. Hainbat azterketa eta buruhausteren ostean, ikertzaile kliniko gisa lan egiteko aukera izan nezakeenaren berri izan genuen. Horri heldu genion. Gauzak horrela, 2011n familia guztia New Yorkera joan ginen.



Erantzukizun handiko erabakia, ezta? Are eta handiagoa bost seme-alaba dituzunean.

Horrelako proiektu batean murgiltzeko pasta berezi batekoa izan behar dela uste dut. Bai senarra eta bai ni, lanean ari ginen eta seme-alabak jada ikastolan hasita zeuden. Hasieran izututa joan ginen, hemen guztia utzi eta topatuko genuenaren beldur. Soilik nire lana genuen lotuta.

Hala eta guztiz ere, Memorial Sloan-Ketterin Cancer Center erakundean lan egiteak hainbat ate irekitzen lagundu zigun. Nire hainbat lankide bizilagun ere bagenituen. Ospitalean lan egiten genuen atzerritar asko ospitalaren eraikin batean bizi ginen. Lehen unetik munduko hainbat lekuetako jendea ezagutzeko zortea izan genuen. Guztiak etxetik urrun geunden eta elkar asko laguntzen ginen. Horrek ere asko lagundu zigun.

Gutxi dira gurea bezalako egoeran horrelako bizipen batean murgiltzen direnak. Normalean doktoretza tesia bukatu berri duten gazteak joaten dira. Nire kasua guztiz bestelakoa da. Hamabost urtez hematologo lanetan aritu ostean, horrelako bizipen batean murgiltzea oso interesgarria zela iruditzen zitzaidan. Urte horietan bizi izandakoak, AEBetan ikusitakoa errazagoa asimilatzeko balio izan zidan. Segur aski doktoretza amaitu ostean joan izan banintz, esperientzia ez zen berdina izango. Duela hamabost urteko nire ezagutzak eta egungoak, ez baitira berdinak. Horren gazteak (barre algarez) ez direnak ere horrelako bizipenak izatera bultzatzen ditut!

Zergatik AEBak?

Hizkuntza bide, Britainia Handira edo AEBetara joan nahi genuela argi genuen. Kontaktu ugari nituen AEBetan, ez ordea Britainia Handian. Ospitale egitura eta kanpotarrak hartzeko dituzten azpiegiturak erakargarriagoak dira. Umeentzako ere AEBak, Britainia Handia baino egokiagoa iruditzen zitzaigun. Lanerako duten filosofia ere asko miresten dut. Talde lana oinarri hartuta sinergia bilatzea baitute helburu. Arrazoi horiek bitarteko joan ginen. 

Hasierak gogorrak izan ohi dira.

Gure kasuan bai, egia esan. Senarrak lana utzi eta bost seme-alabekin joan ginen. Lehen hilabetea gogorra izan zen. Baina, aurrez esan bezala nirea bezalako erakunde batean lanean aritzeak guztia errazago eramaten lagundu zigun. Une gogorretatik igarotzen ari ginenean, sarritan oroitzen nintzen gure aurreko belaunaldiez. Nire aitona-amonez eta beste hainbatez. Asko eta asko joan ziren Ameriketara hizkuntza menperatu gabe, bisarik gabe eta horrelako erakunde baten babesik gabe. Horiekin alderatuta, guk zorte handia genuen.



Nire bizi profesionala zela eta joan ginen. Baina, famili guztiak bizi pertsonalean jasandako aldaketa izugarria izan zen. Senarrak hizkuntza ez zuen menperatzen, seme-alabak hiri handi batean inoiz ez ziren bizi izan... Tolosan genuen erosotasunari aurre egitea lehen hilabetean gogorra izan zen. Baina, behin pare bat hilabete pasata guztia aldatu eta oso-oso gustura egon ginen. Jolastu gabe ez dago irabazterik. Eta gure kasuan, jolasa irabazi egin genuen.

Memorial Sloan-Ketterin Cancer Center-eko jolasean, zein zen zure egitekoa?

Ikerkuntzako proiektu kliniko zehatz batzuetan aritu nintzen lanean. Guztietan nire ezagutzak ugaritzea eta bertako berezitasunen berri izatea nuen helburu. Memorial Sloan-Ketterin Cancer Center-ek, besteak beste, hezur muineko zelulan transplante berezi batzuk egiten ditu. Horretarako, hemen erabiltzen ez ditugun teknika berezi batzuk erabiltzen dituzte. Horiexek ikastera joan nintzen. Baita zilbor hesteko zelulako transplanteen inguruan ikastera ere. Bertan, umeak jaiotzean zilbor hesteko zelula amak izozteko aukera eskaintzen dute. Ondoren, beste pertsona bati transplantea egin ahal izateko. Bestalde, linfomako unitatean ere aritu nintzen.



Hiru horiek izan ziren nire egiteko nagusiak. Normalean astean egun bat linfomari, beste bat transplanteari eta gainerako hiru egunak ikerkuntzari eskaintzen nizkion.

Ikaskuntza prozesuan bidelagunik izan zenuen?

Bai, asko gainera. Estatubatuarrak oso-oso eskuzabalak dira. Beti laguntzeko prest daude. Oso erraz onartzen zaituzte eta berehala irekitzen dizkizute etxeko ateak. Ez dira batere lehiakorrak. Elkarlanean egiten dute guztia.

Hori bai, egunero lan ordu asko; hamabi ordu, bataz beste. Hasieran proban jartzen zaituzte eta erantzuten baduzu izugarrizko babesa ematen dizute. Inoiz baino baloratuago sentitu naiz. Iritsi eta jada bi urtez aztertzen ari ziren bi proiektuetan murgiltzeko aukera eman zidaten. Bi urtez lanik ez egin eta beraiek egindako guztia nire izenean ere jarri zuten. Lankide guztiak izan nituen bidelagun. Asko lagundu zidaten.



Egindako esfortzu guztiaren fruiturik jaso duzue?

Maila profesionalean zein pertsonalean askorako balio izan digu. Sekulako maila duen jendearekin lanean aritzeko eta beraiengandik ikasteko aukera izatea egundokoa da. 

AEBetatik etorri eta Nafarroako Ospitalean ari nintzen lanean. Bertan nengoela, Donostiako Ospitaleko hematologiako jabea nirekin harremanetan jarri zen. Transplantean lanean aritzeko pertsona bat behar zuten. Agian bi urteko esperientzia hau izango ez banu, ez nuen egun Donostian lanean aritzeko aukera izango.

AEBetan erabilitako teknikak beranduxeago baina hemen ere erabili ditzakegu. Guzti horien berri izateak hona iristen direnerako teknika horiek menperatzeko balio dit. Medikuntzan aurreratuagoa daude eta haiekin harremana izateak hainbatetan asko laguntzen dit. Oraindik ere arazoren bat izanez gero, beraiekin hitz egin eta irtenbidea bilatzen diogu. Ate asko ireki dizkit esperientzia honek.

Inplikaziorik gabe ez dago fruiturik, ordea. 

Ez noski. Zentzu batean, bokaziozko lana da. Zientziak aurrera egitea nahi dugu, gaixotasun guztiei aurre egin ahal izateko. Eta horrek inplikazio handia eskatzen du. Gaur egun, askotan sartzen ditut hamar ordu lanean eta ondoren etxera joan eta beste bizpahiru bat ordu. Hori etxekoei esker egiteko aukera dut. Nire bizi pertsonalari ordu asko kentzen dizkiot, nire ingurukoek onartzen didatelako. Zorte handia dut!



Aski jakina da AEBak munduko herrialde aurreratuenetakoa dela, baina ez gizarte-segurantzaren alorrean. Zer diozu?

Alor horretan gu baino atzeratuago daude. Obamak hainbat aurrerapauso eman arren, oraindik asko dago egiteko. Nik neuk leuzemia, linfoma, transplanteak... bezalako gaixotasunak tratatzen nituen. Diru askoko kostua duten gaixotasunak. Bertako hainbat herritarrek gaixotasun hauen aurrean nolabaiteko kobertura izatea behintzat lortu dute.

Zortedunak gu, hortaz.

Zalantzarik gabe. Ikusitakoa ikusita, hemen izugarrizko zortea dugu. Gurea bezalako gizarte solidario batean, segurantza publikoak hainbat laguntza eskaintzen dizkigu. Hilero soldataren zati bat gizarte-segurantzara bideratzea ez da guztion gustukoa. Baina, diru horren erabilerak duen garrantzia izugarria da. Nahiz eta inoiz horren beharrik ez izan, bizilagunarena denon artean ordaintzea zoragarria da. Kasuak kasu, ideia bat egitearren, transplante batek 150.000 euro inguru balio ditu. Kontuan hartu guzti hori pertsona batek kolpetik ordaintzeak zer nolako gastua dakarren.

Etorkizunari begira, horrelako proiekturik baduzue esku artean?

Joan aurretik argi genuen bueltatu nahi genuela. Bost seme-alaba ditugu eta horien heziketa bi urtez AEBetan aurrera eramatea bideragarri ikusten genuen, baina ez luzaroan. Zahartzen doazen heinean guztia zailagoa da. Gainera, hemengo bizitza osasuntsuagoa iruditzen zaigu. Eta gure seme-alabak hemen hezi nahi genituen. Bakarrik egon izan banintz, agian geratuko nintzen. Niretzat profesionalki oso-oso garrantzitsua izan baita.

Momentu honetan Donostiako Ospitalean nire ekarpena egitea gustatuko litzaidake. AEBetan hemen emandako beka baten bitartez izan naiz. Zorretan sentitzen naiz. Ikasitako guzti horrek bere fruitua eman behar du.

Hala eta guztiz ere, zerbait sortutakoan atzerrira joateko aukera izatea gustatuko litzaidake. Ikusiko da!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!