Ekoizleak eta merkatariak eskutik, kanpaina berria plazaratzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 30a, 18:36
Arrate Iturbe, Nestor Errasti, Nerea Letamendia eta Gorka Arregi izan dira kanpainaren aurkezpenean.

Tolosako Udalak, azokako ekoizleek eta Tolosa&Co elkarteak kanpaina bateratua abiarazi dute; gazteak azokara erakarri eta ekonomia garatzea dute helburu

Tolosako dendetan kontsumitzeak saria izango du, ekainean, Tolosako azokan ere kontsumitu ahal izateko. Lehenengo eta hirugarren sektoreen arteko zubiaren erakusle da, Tolosako Udalak, azokako ekoizleek eta Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak aurkeztu berri duten kanpaina, eta erosketa txekeak, erosketa poltsa berrerabilgarriak nahiz erosketa orgatxoak oparituko dituzte bezeroen artean.
Nerea Letamendia azoka eta turismo zinegotziak nabarmendu duenez, Tolosak eskualdean duen «erreferentzia izaera oso baliagarria da jarduera ekonomikoak garatzeko». Horrela, beraz, larunbatek tolosarren astean duten garrantziari heldu, eta hiru eragilek bat egin dute, ekainean barrena tokiko ekonomiari bultzadatxoa emateko.
Berdura plazako nahiz Zerkausiko azoketan erosketak sustatzea da aurkeztu berri duten egitasmoaren jomuga eta, horrekin batera, bezero gazteak azokara erakartzea. Bestelako sustapenekin batera, beraz, ekainean barrena Tolosa&Co Visa txartela erabiltzen duten bezeroek hainbat sari eskuratu ahal izango dituzte.
Batetik, 10 euroko 150 erosketa txartel zozkatuko dituzte, eta txartel horiekin Berdura plazako nahiz Zerkausiko postuetan barazki nahiz bestelako produktuak erosi ahal izango dira; erosteak oparia izango du, beraz, berriro erosteko.
Halaber, 500 erosketa poltsa berrerabilgarri eta 30 erosketa orgatxo ere irabazi ahal izango dituzte Tolosa&Co Visa txartelaren erabiltzaileek. Saridunek erosketa bera ordaintzerakoan jakingo dute zorteko izan direla, eta erosketa papertxoarekin Oriaburu eraikinera –Tolosa&Co elkartearen egoitzara– bertaratu beharko dute, saria jasotzera.

Bertakoa eta saretutakoa

Bertako ekonomiaren joan-etorriak sekula gera ez daitezen, udalak lankidetza mahaia osatu du aurten. Horrela, urtarrilaz geroztik elkarlanean ari dira, Merkataritza, Azoka eta Turismo sailak dinamizaturiko mahaian, Tolosa&Co elkartea, Tolomendi eta Topic zentroa: «Udalak argi dauka elkarlanerako zubiak sortzea dela bidea eta, oinarri-oinarrian, merkataritza, ostalaritza, azoka eta turismo eragileekin zuzeneko harremana izatea dago», Letamendiaren arabera.
Guztiak ere helburu berberaren alde, aipaturiko lankidetza mahaia lerro estrategikoak zehazten eta tokiko ekonomiarekin zerikusia duten esparruak koordinatzen ari da. Baina, horrez gain, udalak hiru urterako akordio markoak martxan ditu: Tolosa&Co elkartearekin otsailean sinatu zuten, eta ostegunean bertan gauza berbera egingo dute Tolomendirekin.
Azkenik, aipatzekoa da Tolosako azokak eta dendek sortzen duten eragin edo inpaktu ekonomikoa neurtzeko EHUk egindako ikerketa ia amaituta dagoela; 12 hilabetetako neurketetan lortutako datuak datozen asteotan plazaratuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!