Txingarretatik sortutako lanak

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko aza. 2a, 09:00

Nekane Munduateren Ilintia erakusketa ikusi daiteke Orexan; bere sormen prozesua luzea dela dio, «jaso, barneratu eta bota egin behar dut».

Ilintia da Nekane Munduate Mun (Lazkao, 1972) artista goierritarrak Orexan jarri duen erakusketa. Zeramika lanak dira nagusi eta horien bidez ikuslea zirikatu nahi du, artista guztien nahia hori baita, «sormen edo artelan guztien helburua emozioa jasotzea da. Lan bat ikustera joaten garenean ikuspuntu desberdinak izan ditzakegu, baina sortu diguten horrekin geratzea da garrantzitsua. Jasotzen duzun iturri hori barneratu egin behar duzu eta barneratu duzun emozio horri forma ematea da gakoa, hori lortuz gero, bidea eginda dago. Prozesu luzea da, nik behintzat bizipenak jaso, barneratu eta bota egin behar ditut».
Erakusketa Kultur Hamabostaldiak irauten duen bitartean ikusi ahal da, azaroaren 5a arte hortaz. Lanak udaletxe zaharreko ganbaran daude ikusgai, behar bada ez da lekurik egokiena, baina garrantzitsua da artelanak galerietatik atera eta kalea zapaltzea ere. «Tokia baino, garrantzitsuena lanak jendearengana gerturatzea da», esan du.

Sarrionandia
Ilintia hitza modu «bitxian» ezagutu zuela dio Munek. «Joseba Sarrionandiaren Munduko zazpi herrialdetako ipuinak irakurtzen ari nintzen eta hor irakurri nuen. Ez nekien zer esan nahi zuen, baina banekien esanguratsua zela, testuinguruari begira. Sua itzaltzen denean geratzen den txingar hori askotan itzalita dagoela ematen du, baina haize putzada txiki batekin indartu eta sua berpizten da, eta hori da ilintia. Sarrionandiak aipatzen zuena da haize horiek pizten gaituztela edo aurrera eramaten gaituztela. Liburuan ilintia hitzak garrantzia berezia du eta hemen ere ilintia hitza badagoela jakin nuen, nahiz eta ez erabili. Orduan hasi nintzen ilintia hartu eta horri forma ematen». Erakusketa hain justu, Ilintia serieak irekitzen du. Zeramika lanak dira, eskultura multzo bat eta gorputzak sortzen hasten direneko momentua irudikatzen dute. «Metamorfosi hori hasten deneko momentua azaldu dut. Gorputz horretan adaxkak sortzen hasten dira».

Ibilbidearen bigarren geldialdiak Sarrionandiaren Gau ilunekoa du sorburu eta Nortzuk bezala batailatu ditu, egur eta zeramikaz eginak daude. «Haitzulotik pertsonaiak ateratzen dira eta batzuk izar berri baten bila abiatu nahi dute, eta beste batzuk galdetzen dute zertarako joan behar ote duten izar horren bila. ‘Nortzuk dira horiek, nortzuk dira izar bila joaten direnak beti?’, galdetu nion neure buruari. Gure herrian ere testuinguru asko du nortzuk horrek eta horregatik hasi nintzen erretratu hauek egiten, nortzuk hauek egiten».

Heldu da ibilbideko hurrengo lana; «bizi dugun inguruneak niri asko esan nahi dit; zein naizen, nondik natorren eta nora goazen. Lana Goierrin Gure Esku Dago dinamikarekin hasi ginenekoa da. Gure herriaren historian badugu ate bat eta denak ate horri begiratu beharko genioke. Lan honetan lotu egiten dira eskuak, denok ere langa horretara iristeko, ate horretara, izan ere, Gure Esku Dagorekin hasi ginenean bazegoen ere langa hori». Mural zeramikoak ere baditu. Erraiak du izena horietako batek. «Mikel Laboa gogoan egin nuen eta gure loturak adierazi nahi izan ditut», esan du.

Emea adierazteko lana ere jaso du Orexan; «emea naiz eta hori ere adierazi nahi izaten dut nire lanetan». «Lanetan garena azaltzen dugu eta kezkak ere horrela dira, garenaren ildotik», gaineratu du. Emehuts izeneko mural zeramikoa ere badago; Gazako genozidioa du iturburu. Lan gordina. «Emetik bizitzen ditugun bizipen horiek kontutan hartuta egindako lana da. Mina adierazten du». Komunikazioan oinarritutako Begiradak lana ere ikusi daiteke. «Begiradak garrantzitsuak dira, hitzen beharrik ez dute izaten askotan, eta horri heldu nahi izan nion».

Malko galduen lorategi bat ere egin du Munduatek. Instalazio bat da eta malkoak galduta ere, lorategi batetik berriz ere berpiztuko direla adierazi nahi zuen artistak. «Galduak dirudite malkoek, baina horietatik sortu ere egiten da». Zenduen lurraldea da azken lana. Gure herriaren historiaren zati bat adierazi nahi izan du; «gure herrian zenduak egon dira, bi munduko zenduak, baina mundu bakarrean jarri beharko genituzke. Hausnarketa horren ondorioa da lan hau».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!