Hitzaldi gutxiago eta ekitaldi gehiago

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 20a, 15:16
Sendabelarren ikastaroa egin zuten, iaz.

Jakoba Errekondok irekiko du Orexako Kultur Hamabostaldia urriaren 24an; azaroaren 5ean bukatuko da. 

Hitzaldi gutxiago eta ekitaldi gehiago antolatu dituztela. Horixe da aurtengo Orexako Kultur Hamabostaldiak duen berrikuntza nagusia, Josune Malkorra Kultura Batzordeko kideak azaldu duenez.
Kultur Hamabostaldira gonbidatu dituzten artista eta sortzaile guztiak dira bereziak, baina bada oihartzun handiagoa izaten duena, Kepa Junkera. Aurten Orexan izango da eta bere azken proiektua aurkeztuko du bertan, Kepa Junkera & Sorginak. Aipatu behar da, gainera, zazpi direla Sorginak eta horietako bi eskualdekoak direla; Zizurkilgo Maria Lasa eta Asteasuko Garazi Otaegi. Kontzertua doan izango da urriaren 31n 22:00etatik aurrera, udaletxe zaharreko ganberan. «Oso gustura gaude, aspalditik geunden atzetik eta lortu dugu azkenean», esan du Malkorrak.

Aurten ere ibilaldia egingo dute, baina noranzkoa aldatu diote. «Normalean Uitzitik Orexara egiten dugu ibilaldia eta beste data batean alderantziz, Orexatik Uitzira. Baina aurten ezin izan dugu azken hau egin eta horregatik Hamabostaldian egitea erabaki dugu. Uitzin bazkalduko dugu eta autobusa joango zaigu bila itzultzeko».

Haur, gazte eta helduei zuzendutako ekitaldiak antolatu dituzte, urteroko moduan, eta haurrei zuzendutakoetan esaterako, Ene Kantak taldearen azken ekarpena, Astonautak, egongo da. «Bideo emanaldia izango da eta gustatuz gero, bideoa erosteko aukera ere izango dugu», esan du batzordeko kideak. Haurrek azaroaren 5ean Joxe Moxe kitarraren kontuk eta komerik ere ikusi ahal izango dute Ixabel Agirresaroberen eskutik, eta ondoren, txokolate jatea eta puzgarriak izango dituzte.
Baina helduek ere izango dute antzerkiarekin gozatzeko aukera, izan ere azaroaren 4an Gilkitxaro taldeak Adarretatik zintzilik lana antzeztuko du.

Kultura Batzordeak orexarren behar eta nahiak hartu dituzte kontutan egitaraua prestatzeko eta hori dela eta, Jakoba Errekondo gonbidatu dute Bizi Baratzea liburu arrakastatsua aurkezteko. Era berean, Orexan gazta ezberdinen aurkezpena eta dastatzea ere egongo da, urriaren 28an. «Idiazabal da ezagunena guretzako, eta Orexan zer esanik ez, baina zein gazta mota desberdin dauden erakutsi nahi dugu eta horregatik gonbidatu dugu Montxo Lizeaga. Gazta desberdin dezente egiten ditu, denda bat dauka, munduko hainbat gazta ditu... eta hori erakutsi nahi dugu». Amama filma ere eskainiko dute urriaren 29an; «Amama landa inguruko jendeari zuzenean ukitzen dion pelikula da eta horregatik pentsatu dugu egokia izango dela».
Hamabostaldiak irauten duen bitartean Nekane Munduate Muneren Ilintia zeramika erakusketa ere egongo da ikusgai, ganberan.
Ekitaldi gehienak udaletxe zaharreko ganberan izango dira. Oinkarikoen emanaldia hala ere, frontoian izango da eta haurren txokolate jatea eta puzgarriak frontoian edo plazan izango dira, eguraldiaren arabera.

Erlazionatuak

Egitaraua

Rebeka Calvo Gonzalez 2016 urr 20 Orexa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!