Orexako Udalak herritarrekin landu du herriaren etorkizuna

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 11a, 10:03

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko prozesuan, hiru herri bilera egin dituzte; orain behin-behineko dokumentua osatzeko lanari ekin diote

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko prozesua abiatu zuten duela hilabete batzuk Orexan, eta herri bileretako herritarren parte hartzearen bidez etorkizunean nolako Orexa nahi duten erabakitzeko prozesua gauzatu dute.

Eneko Maioz, Orexako alkateak, herri bilera horien balorazio «oso positiboa» egiten du. Hiru bilera egin dituzte, eta Maiozek badaki ez dela «oso prozesu erraza» ulertzeko, baina, hala ere, herritarrek euren iritzia ematea, eta Orexak «behar duen dokumentua» osatzea «lortu» dutela uste du.

OREXAREN ETORKIZUNA

Herri gaztea da Orexa. Hain zuzen ere, une honetan 18 urtetik beherako «hogeita hamarretik gora» herritar dituzte, eta gazte horiek herrian geratzeko aukera izatea da euren «erronka». Hortik abiatuta landu dute Plan Orokorra, eta zentzu horretan herritarrengandik jasotako ekarpenak «oso interesgarriak» izan direla dio Maiozek. Helburu nagusia eta aurrera begirako erronka belaunaldi aldaketa horri «eustea» izan da: «Ez bakarrik etxe berriak egiteko aukera utziz, baita oraingoetan bizitza berriak egiteko aukerak erraztuz, etab.». Horrela, arau zaharkituak izateak dituen arazoei konponbide «nahiko txukuna» aurkitu dietela uste du Maiozek.

Hiru bileretarako prestatutako gai ordenak, aurreko planean identifikatutako «hutsuneetatik» abiatutakoak izan ziren. Gaiak banaka landu eta bakoitzari soluzioa emateko bete beharreko lege orokorrak Orexara nola egokitu aztertu zuten.

Azkeneko bost hilabeteetan bost bilera izan dituzte Orexan, Plan Orokorraz gain, gai orokorrak lantzeko bilerak ere izan dituztelako, baina hala ere jende «dezente» joan da, eta hori «eskertzekoa» dela uste du Maiozek; parte hartzearekin «oso gustura» daude.

Maiozek uste du herritarrek ulertu dutela, herri txiki batentzat horrelako planak aldatzea zaila dela «oso garestiak» direlako. Foru Aldundiaren laguntzei esker lortu dute prozesua aurrera eramatea.

Hain zuzen ere, duela hogei urte pasatxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra du egun Orexak, eta orduko errealitateak eta oraingoak «ez dute zerikusirik». Eta hori da, hain zuzen ere, oraingo plana berritzeko prozesu honetan egin beharreko «ariketarik zailena ere», zeren beste hogei urte inguruko perspektiba izatea garrantzitsua da. Nolabait «igarle» lana egitea eskatu diete, eta horrek herritarrengan kezka eragin du.

Hala ere, plana berritua izateak egunerokoan «zer garrantzi duen» ikusi dute herritarrek Maiozen ustez. Egunerokotasunean sor daitezkeen arazo horiek plan orokorrarekin zer zerikusia duten ikusteko balio izan diete: «Ariketa praktiko bezala oso interesgarria izan da, jendeak legeak nondik datozen, herriak zer aukera daukan... ikusi duelako».

PROZESU LUZEA

Hiru herri bileretan ateratako ondorioekin eta ideia nagusiekin «behin-behineko dokumentua» osatzeari ekin diote. Dokumentuari forma ematerakoan sortutako zalantzen ondorioz, herritarrekin beste bileraren bat egitea ere «oso posible» dela uste du Maiozek, zalantzak argitzeko.

Dokumentua idatzita, Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu aurretik «azkeneko onarpena» emateko ere herritarrekin bilera bat egitea aurreikusten du udalak.

Hala ere, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzea prozesu luzea da, eta Foru Aldundian aurkeztu eta gero ere, beste «bi urteko epea» eman daiteke plana onartu arte. Prozesua, hortaz, luzea da; zeren, azken bost hilabeteetan egindako hiru bilera horiek prestatzen ere «beste bi urte» daramatzate udalean, eta hortaz, lanketa luzea izan da.

Edonola ere, herritarrekin lortu nahi zuten helburu «pedagogikoa» ere lortu dute: «Garrantzitsua zen plan orokorra zein garrantzitsua den irudikatzea, batez ere horrelako herri txiki batentzat».

Honenbestez, burututako prozesua «oso txukuna» izan dela uste du Maiozek, eta helburu orokorragoa ere herritarrengana iristea lortu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!