Belarren jakinduria berreskuratzeko

Imanol Garcia Landa 2017ko mar. 3a, 11:46
Clara Gutierrez Aranak emango ditu tailerrak.

Sendabelarrei buruzko tailer espezializatuak antolatu ditu Orendaingo Udalak, eta martxoaren 11n izango da lehenengo saioa.

Orendaingo Udalak sendabelarrei buruzko tailer espezializatuak antolatu ditu. Clara Gutierrez Arana biologoa eta etnobotanikan aditua izango da irakaslea. Lehenengo tailerra Amatasunerako eta hazkuntzarako landare lagungarriak izango da, eta martxoaren 11n egingo da. Bigarrenak Landare aromatikoak: baratzerako, aromaterapia, edariak... izena du eta martxoaren 18an egingo da. Hirugarren tailerra bi egunetan egingo da, martxoaren 25ean eta maiatzaren 6an, eta Familia botikina (2. maila) izango da. Azken tailerra Emakumeen zikloetarako landareak; nerabezaroa, hilekoa, menopausia... izango da eta maiatzaren 7an egingo da.

Tailerren ordutegia 09:30etik 14:00etara izango da, eta 24 euro inguruko kostua izango dute, ikasle kopuruaren arabera zehaztuko dena. Izena emateko Orendaingo udaletxera jo daiteke, 943654064 zenbakira deitu edo agenda21@orendain.eus helbidera idatzi. Izena emateko epea tailerraren eguna baino bi egun lehenago bukatuko da, eta tailer bakoitzerako matrikula bana egin behar da.

Ikasturte honetan aurretik ere eman ditu tailerrak Clara Gutierrez Aranak Orendainen. Hain justu, familia botikinari buruzko tailerra eman zuen, lau saiotan. «Gaitz arinei aurre egiteko sendabelarren inguruan izan zen».

Tailerretan praktika asko sartzen dela dio Gutierrez Aranak: «Landareak hartu, ikusi nola lehortu behar diren, nola erabili freskoan, lehorrean, nola egin tinturak, nola prestatu infusio bat, kremak, plasteak,... Eta hori modu ez konplexuan». Tailerretan informazio asko ematen dela dio, «baina gustatzen zait bertan egitea gauzak, jendeak probatzeko, eta sentitzeko hori dena egitea posible dela. Ez dela zaila. Eta ezin baduzu egin, behintzat jakin zer erremedio komeni zaizun».

Lehenengo tailerrean, haurdunaldiaren eta hazkuntzaren inguruan ariko dira. «Adibidez, haurdunaldian zein landare ez den komeni hartzea azalduko dut, eta zeinek laguntzen duten adibidez goragalea daukazunean», esan du.

Bigarren tailerrean, landare aromatikoek dituzten hainbat aukeren inguruan ariko da Gutierrez Arana: «Baratzearekin lotura dutenak, hau da, inguruan izateko edota barazkiei botatzeko. Bestalde, aromaterapian alde emozionala lantzeko zein erabiltzen diren. Eta baita ere gastronomian ere».

Hirugarren tailerrean familia botikinari buruz izango da, bigarren mailakoa. «Landareei buruz ezagutza bat dutenei zuzendua da. Hain ezagunak ez diren sendabelarrei buruz ariko gara, besteak beste». Bertan parte hartzeko, aurretik Orendainen egindako familia botikinaren tailerretan parte hartu izana edo aurretik landareen inguruan oinarrizko ezagutza izatea beharrezkoa da.

Laugarren tailerrean emakumeak bizitzan zehar behar dituen landareen inguruan ariko dela esan du Gutierrez Aranak: «Orekan egoteko behar direnak landuko ditugu, ziklo bakoitzari lotutakoak. Batez ere emakumeei zuzendutako tailerra izango da».

Gutierrez Aranak hamar urte daramatza sendabelarren inguruko ezagutza zabaltzen. «Amarengandik eta amonarengandik jaso dut ezagutza, eta jakin-mina izan dudalako, handik eta hemendik galdetu dut, eta ikertu ere bai», azaldu du. «Ikusten dut gai honetan gabezi handi bat dagoela. Jendeak ez daki, eta zekitenak ahazten ari dira. Beraz, landareen inguruko ezagutza hori berreskuratzea da tailer hauen helburua. Gainera parte hartzaileek tailerretara ere bere ezagutza ekartzen dute, eta hori dena elkarbanatzen da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!