Energiaren gaia «bereziki» landu nahi dute aurten

Imanol Garcia Landa 2017ko urt. 5a, 11:19
Abenduan egin zuten herri batzarra Orendaingo udaletxeko areto nagusian.

Herri batzarra egin dute Orendainen, besteak beste, iazko eta aurtengo udal aurrekontuak errepasatuz.

Herri batzarra egin berri dute Orendainen, 2016ko aurrekontuaren zein aurtengoaren berri izateko, aurretik etxez etxe banatutako galdetegiaren emaitzak jakiteko eta auzolanaren inguruan herritarrek beraien parte hartzea azaltzeko. Gorka Egia alkateak azaldu duenez, 2017an energiaren gaiari «bereziki» heldu nahi diote: «Proiektu nahiko osoa dugu horretarako».

Egia gustura azaldu da batzarrera azaltzeko herritarrek emandako erantzunarekin: «Kontuan hartuta 145 herritar gaudela 16 urtetik gorakoak, 43 pertsona azaltzearekin pozik gaude proportzioari dagokionez. Beti dago zer hobetu: helburua da gutxienez etxe bakoitzetik pertsona bat joatea, eta hori ohitura bihurtzea. Herritarrek halako ardura sentitzea, urtean behin jarraipena egiteko bai udalaren aurrekontuei, bai egin den galdetegiaren emaitzei, eta baita asmoa azaltzea ere urtean zehar auzolanean aritzeko».

Udal aurrekontua izan da jorratu den gaietako bat. «Galdetegian herritarrek eman duten erantzunen inguruan pentsatzen da aurrekontua», azaldu du Egiak. Zehazki 2017ko aurrekontua 310.000 euroko da. Gero aldaketak izan ditzakeela esan du alkateak, «jasotako diru laguntzen arabera». 2016ko aurrekontuaren itxiera nolakoa izango den ere irudikatu zen batzarrean. «2016ko hasieran 270.000 euroko aurrekontua bagenuen, bukaeran 350.000 eurora gerturatu da. Gerakina ez da nahi genuen bezain positiboa izan, gehienbat Ereineko diru laguntza, Europatik datorrena eta Eusko Jaurlaritzak onartzen duena, Arabara bideratu delako azken bi urteetan», esan du Egiak. «2016an Tolosaldeko hainbat herri diru laguntza hori gabe geratu gara. Orendainen 75.000 euroko gerakina baldin bagenuen, orain 20.000 eurokoa izango dugu. Hori izan da 2016ko tripako mina. Espero genuen diru laguntza ez dugu jaso». Espero dute 2017an iaz «galdutakoa berreskuratzea».

AURTEN EGITEKOAK

2017rari begira, herri bideen berriketak eta konponketak egiteko asmoa dute, aldundiak atera duen laguntza bati esker. Horrez gain, hilerrian hobekuntzak egin nahi dira, eta herri sarreran abiadura jaisteko neurriak hartzea. Bestalde, energiaren gaia jorratzea da udalaren asmo nagusietako bat. «Herritarrek aurreko galdetegietan lehentasuna jarri zien gaia da eta orain horri erantzutea tokatzen da», zehaztu du Egiak.

Hiru eremutan landu nahi dute energiaren gaia. «Batetik teknologia erabiliz erantzun nahi diogu energiaren arazoari, eta asmoa dugu udal azpiegiturek kontsumitzen duten energia sortzea plaka bidez. Horretaz gain, udal ibilgailua aldatu eta elektrikoa jartzeko asmoa dugu», esan du Egiak. Beste eremuak Transition Town mugimenduarekin lotura du. Orendainek bat egin du sare horrekin, eta horren bitartez «gizartearen aktibazioa» jarri nahi dute martxan: «Transition Town mugimenduarekin herritar talde bat gaiaren inguruan sentsibilizatzea, antolatzea eta prestatzea nahi dugu».

Hirugarren eremua da udaletik nola eragin dezaketen etxeetako ohitura aldaketetan. «Asmoa dugu diru laguntzak emateko jarrera jasangarria duten familiei», esan du alkateak. «Esaterako, energia berdea kontratatzeagatik, garraio publikoa egunerokotasunean erabiltzeagatik, ur kontsumo jasangarria izateagatik, auzolanean parte hartzeagatik...».

Herri batzarraren aurretik banatzen den galdetegian jasotako erantzunen berri eman zen. Horren harira, Leire Lopez Goiburu parte hartze teknikariak azaldu duenez, «hiru galdetegi mota zeuden. Horietako bat orokorra zen. Bazegoen beste bat irekia, herrian sortu nahi diren proposamenekin bizi kalitatea eta komunikazioa errazte aldera egindakoa, adibidez, kotxea konpartitzeko, denbora bankua sortzeko, bizilagun sarea sortzeko, kontsumo taldea indartzeko... Eta gero beste galdera batzuk ere bazeuden adin tartearen araberakoak, adin tarte bakoitzak dituen nahiak eta beharrak hobeto identifikatzeko».

Etxeetara banatutako 147 galdetegietatik 138 jaso ziren, 16 urtetik gorako herritarren %94ak erantzun zuen, beraz. Galdetegiaren ataletako batean, aurretik onartuta zeuden ekintzak zerrendatzen ziren herritarrek lehentasunen arabera ordenatzeko. Bost izan dira nabarmendu direnak: Lehen sektorearekin lotuta dauden proiektuak egitea herrian lanpostuak eta produktuak sortzeko; herri bideak berreskuratzea eta garbitzea; Orendaindik Abaltzisketara oinezkoen bidea egitea; herritarrentzako sutarako egurraren ustiaketa udaletik antolatzea; eta Ibiur aldera errepidea irekitzea Orendainek beste irteera bat izan dezan.

Beste atal bat 2015ean egindako proposamen berrien ingurukoa da. Gehienak baiezkoak atera dira, eta hauek nabarmendu dira: haurrentzako tailerrak jartzea Orendaingo ondare kulturala ezagutzeko, bertako zuhaitzen landaketa sustatzea, eta udaleko araudi eta aurrekontuak genero ikuspegitik berraztertzea.

Bestalde, galdera zehatz batzuk ere egin zitzaizkien herritarrei. Batetik errauste plantaren alde zeuden galdetu zitzaien, eta ezezkoa atera zen. Bestetik, rallyesprintaren inguruan berriro ere galdetzeko beharra ikusten zuten planteatu zitzaien, eta gehienek ezezkoa esan zuten. Beste galdera udalaren irudiaren inguruan izan zen. Betiko logoa eta beste bi berri zeuden aukeratzeko, eta betikoa izan da boto gehienak jaso zituena.

ORAIN ARTE EGINDAKOAK

2016an zer egin ere errepasatu zen batzarrean: fibra azpiegitura jarri da herrigune guztian, eta antenak Internet herri guztian abiadura egokia izan dadin; Jauregiko bidegurutzea bezala ezagutzen denean, ikusmena hobetu da eta autobus geltokia jarri da haurrentzako eskolara joateko; herrian loreak jarri dira eta webgunea berritu da. Bestalde, gauzatze prozesuan dauden proposamenen artean, gehienak urtarrilean zehar gauzatuko direla azaldu zen: eraikin berria herritarrei irekitzea, txartel elektronikoa bidez irekitzeko moduan jarriz eta giltza banatuz; gimnasio bat jartzea eta herrian hainbat zerbitzu emateko gela bat prestatzea.

Beste hainbat egitasmo ere egin direla azaldu du Egiak, galdetegian azaltzen ez zirenak: «Urtean zehar sortzen dira bestelako beharrak herritarrak identifikatu ez dituztenak. Adibidez, udal planoa berritu dugu, edota mantenu lanak egiten dira, hilerria margotu eta eserlekuak margotu esaterako, eta luizi bat konpondu da».

Batzarreko beste gaietako bat auzolana da. «Galdetegia zein ekintza egin daitezkeen galdetzeko erabiltzen da, eta udalak badu aurrekontu bat horretarako. Hainbat ekintza egiten ditugu, baina ez dut uste herri bat osatzen denik diruarekin egindako gauzekin», esan du Egiak. «Eskubideak ditugu betebeharrak bete ondoren, eta galdetegian balantzaren beste alde hori ere erakutsi nahi dugu: denon artean erabakiko dugu diruarekin zer egingo dugun, baina goazen pentsatzera ere zer egin dezakegun bakoitzak gure ahaleginetik zerbait jarrita». Egiak gaineratu duenez, «gaur egungo gizartean dagoen premietako bat komunitatearen zentzua sustatzea da. Norberaren zilborrari gero eta gehiago begiratzen diogun garai hauetan, ezinbestekoa da elkarrekin gauzak egitea, elkarbizitzan aritzea. Udalak sustatu nahi du auzolana neurri handi batean komunitatearen zentzu hori indartzeko».

Batzarrean, besteak beste, proposamen hauek jaso ziren, eta jende ugarik eman zuen izena: herri bideak garbitzea, herri bideen mapa bat egitea, landareak landatu eta inbaditzaileak kendu, mural bat margotu, bertako zuhaitzak landatu, herriko enpresentzat webguneak egin...

Egiak nabarmendu duenez, «ahalik eta herritar gehienek erabakitakoaren arabera egin nahi ditugu gauzak, eta orain arte egindakoak hori azalean jartzen du. Legealdiaren bukaera arte asmo horrekin jarraitzen dugu eta hori izango da gure konpromisoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!