Urteko batzarrera etxe bakoitzetik pertsona bana joateko eskaria

Imanol Garcia Landa 2016ko abe. 8a, 08:00
Zaborra jasotzeko kartelak jarri dituzte auzolanean.

Ahal den herritar gehienak parte hartzeko eskatu du udalak; igande honetan izango da batzarra, 11:00etan hasita.

«Helburua da etxe bakoitzetik norbait azaltzea urteko batzarrera. Askotan aldarrikatzen dugu erakunde publikoak irekita egon behar dutela parte hartzeko. Aldarrikatzea erraza da, baina gero aldarrikatzen duzun horrekin koherente izateko, behintzat aukera dagoenean parte hartu beharko genuke». Gorka Egia Orendaingo alkateak hitz horiekin egin die deialdia herritarrei igandean, abenduak 11, udaletxeko areto nagusian egingo den urteko batzarrera. 11:00etan hasiko da batzarra, eta ondoren, hamaiketakoa izango da bertan, Ostatuak eskainia.

Egiak gaineratu duenez, batzarraren helburua «urtean behin udalean zer diru mugimendu egon den, zer gertatu den, udalaren martxa egokia dela, ez dagoela egin behar ez denik, eta zalantzak argitzea» da. «Denon dirua dela kontuan hartuta, ezinbestekoa iruditzen zait horrelako jarraipen bat egitea udalean gertatzen denarekin».

Batzarraren aurretik egiten den galdetegian 16 urtetik gorako herritarren %85ek bete duela nabarmendu du Egiak. «Urtero ditugu horrelako datuak. Galdetegiaren bidez herrian egiten dena herritarren gehiengo nagusi batek aukeratutakoa dela esatea lortu dugun bezala, gustatuko litzaiguke urteko batzar horrek halako portzentajeak lortzea».

Herri batzarrak hainbat atal ditu. Lehenengoan, 2017ko aurrekontuak aurkeztuko dira, galdetegian jasotakoa kontuan hartuz osatzen direnak. Bigarrenean 2016ko aurrekontuen balizko itxiera bat planteatzen da, hau da, nola bukatuko den, zer gastatu den eta zer diru laguntzak izan diren. «Hirugarrengo atalean egiten dena da aurreko parte hartze prozesuetan erabaki zena zertan datzan azaldu», esan du alkateak. «Esaterako, gimnasioa egitea eskatu zen, bada aurten gimnasioa eginda egongo dela azalduko da. Beraz, zer egin dugun aurten azalduko da eta zer dagoen egiteko herritarrek eman dituzten erantzunen arabera. Horrez gain, datorren urtera begira zer egiteko aukera dagoen esango da».

Aurten ere galdetegia herritarrak koordinatzeko erabili dela gaineratu du Egiak: «Gauza pila bat egin daitezke herrian dirurik gabe. Askotan, gure saiakera da behintzat parte hartze prozesuetan azaltzen diren proposamenak ez izatea bakarrik gauzak egiteko, baita ere gizarte perspektiba irekitzea, eta balioetan oinarritutako proposamenak jasotzea. Horri begira halako galdetegi bat pasa diegu herritarrei eta horren emaitzak ere komentatuko ditugu: autoa elkarbanatzeko egitasmoa, denboraren bankua aurkeztea...».

AUZOLANA

Batzarraren azken partean hurrengo urteko auzolanen proposamenak aurkezteko dira, eta batzarrera joaten direnen artean auzolanen batean edo bestean parte hartzeko konpromisoa egiteko. Azkeneko auzolana orain gutxi egin dute Orendainen. Egiak azaldu duenez, «urtero saiatzen gara behin edo bitan auzolana antolatzen. Azkeneko honekin oso gustura gaude, 23 pertsona izan ginen parte hartzen, gure ahaleginarekin herriaren alde zerbait egiteko, eta uste dut eskertu behar zaiela etorri ziren guztiei. Etorri ez zirenei animatu hurrengoan parte hartzera, herriarentzako gauzak egiteko biltzea ezinbestekoa delako urtean behin konpromisoa izateko bizi diren leku eta eremuarekiko».

Azkeneko auzolanean, batetik, baserrietako izenekin dauden kartelak berritzen aritu dira. Bestalde, martxan jarri dute kanpaina bat herrian, jendeak zaborra lurrera bota ez dezan. Mezu hori adierazteko kartel batzuk jarri zituzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!