Mendi lasterketa berria, Tolosaldean

Asier Imaz 2016ko urr. 12a, 10:32

I. Eltxo Trail igandean korrituko da Orendain, Gaintza eta Baliarrain artean. Behobiarako test egokia izan daiteke, ibilbidearen baldintzak kontuan hartuta. 200 parte hartzailerentzat prestatu dute proba.

Aimar Agirresarobe Orendainen bizi da egun, eta bertako beste bost kirolarirekin batera, mendi lasterketa bat martxan jartzea erabaki zuten. «Talde antolatzailea sei lagunek osatzen dugu, baina egunean bertan herritar gehiagoren laguntza izango dugu. Kirol zaletasuna bultzatu nahi dugu, Orendain eta bere inguruneak ezagutaraziz». Horrela hasi ziren Eltxo Trailen lehen edizioa prestatzen. Eta lanketa txukuna egin dutela agerikoa da, www.eltrotrail.com webgunean ikus daitekeenez.

Urriaren 16a, igandea, egutegian markatutako eguna da. Urduritasun pixka bat ere sentitzen duela onartzen du Agirresarobek. «Ahoz eta hitza emanda jende asko ditugu, eta ea parte hartzaile kopuruan nabaritzen den hori». Hasiera batean 200 lagunentzat zabaldu dute izen emateko aukera. Kupoa ez baldin bada aurrez betetzen, egunean bertan ere inskripzioa zabalik izango da irteera orduaren aurretik. Hala eta guztiz ere, badaezpada, hobe izena aurrez ematea.

Bi ibilbide prestatu dituzte iganderako. Lehenak maratoi erdi baten distantzia izango du. «20,5 kilometroko itzulia izango da, 690 metroko batez besteko malda positiboarekin. Metro gutxi batzuk faltako zaizkio maratoi erdira iristeko. Ez da ibilbide oso gogorra, baina erraza ere ez. Korri egiteko aukera egongo da, eta lehenak oso azkar ibiliko direlakoan gaude». Itzuli luzean ateratzen direnak 10:00etan hartuko dute irteera Orendainen. Ibiur urtegira jaitsiko dira hasiera horretan, ondoren Gaintzara igotzeko San Joan iturritik barrena. Bertatik Baliarrainera joango dira, berriro Ibiurrera jaitsiz. Azken igoera, Orendain herrira iristeko igo beharko dutena izango da. «Txindokiraino ez da iritsiko ibilbidea, baina Aralarko bistaz gozatzeko aukera izango da», azaldu du Agirresarobek. Lasterketa egokia izan daiteke Behobia prestatzeko, izan ere, korri lasai egiteko eremuak aurreikusten dituzte antolatzaileek.

Bigarren ibilbidea laburra da, 5,4 kilometrokoa. Orendain ondoan dagoen Urkola mendira joan eta itzuli egingo dira parte hartzaileak. Irteera 10:30ean hartuko dute, Orendaingo plazatik. Bigarren ibilbide bat antolatzailearen arrazoia honela azaltzen du Agirresarobek: «20 kilometroko ibilbideak maila eta diziplina pixka bat eskatzen du. Lasterketa herrikoia izatea ere nahi dugu, eta horregatik, ibilbide laburra antolatzea pentsatu genuen. Hasiberrientzat edo mendi lasterketa zer den ezagutu nahi dutenentzat izango litzateke bigarren aukera hau. Edonork bere erritmoa egiteko modukoa dela uste dugu». 

IZENA EMATEKO

Eltxo Trail mendi lasterketaren inguruko informazio zabala eltxotrail.com webgunean zintzilikatu dute orendaindarrek. Izena nola eman behar den ere bertan adierazten da. Webgunetik lotura zuzena jarri dute herrikrosa.eus webgunearekin. Hain justu, hor eman daiteke izena. Gero, egunean bertan ere aukera izango da, beti ere 200 parte hartzaileren kopurua beterik ez baldin bada.

Parte hartzaileek ohiko sariez gain, opariak izango dituzte, eta baita bazkarirako txartela ere. Lasterketak amaitzen direnean, herritarrekin batera, bazkaria egingo dute igandean. Zuzenean bazkarira joan nahi duenak txartela 5 euroren truke izango du salgai.

Azkenik, mendi lasterketa antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie antolakuntzako kideek. Egunean bertan lanean ibiliko direnak gogoan izan dituzte, eta baita babesleak ere. Inguruko enpresa txiki eta udalak, eta batez ere, Orendaingo Udala eta Natur Bero aipatu dituzte babesle nagusi bezala.

 

HAINBAT DATU

Probaren eguna: Urriak 16, igandea.

Izen ematea: www.herrikrosa.eus webgunean. Egunean bertan, parte hartzaile kopurua ez baldin bada 200era iritsi.

Bazkaria: 14:30ean parte hartzaileentzat eta gerturatu nahi duenarentzat.

Ibilbide luzea

Irteera ordua: 10:00etan.

Distantzia: 20,5 kilometro.

Batez besteko malda: + 698 metro.

Ibilbidea: Orendain-Ibiur-Gaintza- Baliarrain-Orendain.

Ibilbide laburra

Irteera ordua: 10:30ean.

Distantzia: 5,4 kilometro.

Batez besteko malda: +180 metro.

Ibilbidea: Orendain-Urkola mendia-Orendain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!