«Langileok dugun tresnarik eraginkorrena borroka da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 15a, 15:54

Insaluseko langileek bi orduko lanuzteak egin zituzten bi astez; mobilizazioak erantzuna izan duela esan dute

Gaurko eta orain hilabeteko aurpegiek ez dute zer ikusirik. Insaluseko langileek bi orduko lanuzteak hasi zituzten otsailaren 9an eta hil horretako 24n hasi ziren «normal» lan egiten. Bi astez egon ziren beraz, «borrokan». Izan ere, hitzarmen gabe zeuden, soldatak kobratzeko atzerapenak zituzten eta egoera hori gainera, ez zen berria. «Urte luzez gure lan baldintzak kaltetzen ikusi ondoren, soldata jaitsiera nabarmen batekin eta soldataren izoztearekin, Insaluseko langileok horrela ezin genuela jarraitu erabaki eta greba egiteko konpromisoa hartu genuen», esan dute gaur, enpresaren atarian, borrokaldiak merezi izan duela adierazteko egindako agerraldian. «Oraingoan argi dugu borrokak merezi duela. Jakin bagenekien jarrera itxiaren aurrean borroka zela geratzen zitzaigun bidea, eta halaxe izan da», gaineratu du Jose Soroa langileen ordezkariak.

Bi astez egin zituzten lanuzteak eta greba mugagabe batera joateko aukera ere ez zuten baztertu. Baina enpresak azkenean, jarrera aldatu eta hitzarmen duin bat sinatzea lortu dutela nabarmendu zuten. Hitzarmenarekin batera aurtengorako soldatetan %4,4ko igoera adostu dute eta gainontzeko urteetarako KPIa + %1eko igoera. Insaluseko langileek bazuten beste eskaerarik ere, langile berrien lan baldintzak defendatu nahi zituzten. «Langile berriak bigarren hilabetetik aurrera urtean 20.000 euroko soldata gordina jasoko dute, hau da, 1.200 euro hilean», esan dute. Era berean, lan erreformen aurrean hitzarmena blindatzea lortu dute eta baita baldintzak betetzen dituzten langileei txandakatze kontratua egiteko konpromisoa ere. Guzti honekin batera, enpresak langileekin zuen zorra kentzea ere lortu dutela esan dute. «Insaluseko langileok emaitzarekin pozik gaude eta argi esaten dugu enpresen immobilismo bidegabearen aurrean langileok dugun tresnatik eraginkorrena borroka dela», gaineratu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!