Galdutakoa berreskuratu nahi dute Insaluseko langileek

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ots. 9a, 15:04

Lizartzako Insalus enpresako langileek bi orduko lanuzteak hasi dituzte, gaur; enpresa hitzarmenaren indarraldia 2015ean bukatu zen eta ordutik ez dira akordioetara iritsi.

Krisiaren mamuaren aitzakian soldata jaitsierak izan zituzten Insaluseko 25 langileek. Beldurtu ere egin ziren, enpresa gehienetan krisia gora eta krisia behera hasi ziren. Lantokiak itxiko zituztela, ezin eutsiko ziotela... hasi ziren zuzendaritza asko, eta guztien onerako edo, jaitsierak onartu zituzten. Baina galdutako hori berreskuratzeko garaia ere heldu dela uste dute eta hori eskatzen diote enpresari. «Enpresa hitzarmena itxi ezinik gabiltza. 2015ean bukatu zen eta iazko urtea negoziaketan eman genuen, akordioetara iritsi gabe. Soldata ere jaitsi ziguten eta enplegua berregituratzeko plana izan genuen. Galdutakoa berreskuratzeko borrokatu behar dugula uste dugu, iritsi dela unea», esan du Joxe Soroa Ibarluzea langileen ordezkariak. «Guk hiru urtetan galdutakoa berreskuratzea planteatu genuen eta enpresak KPIa eta pixka bat gehixeago bakarrik eman nahi digu. Ez dira gure proposamenera gerturatzen», gaineratu du.

Krisiaren aitzakian kendutakoa, egoera hobetzerakoan itzuliko zietela agindu bai, baina hitza ez dutela bete nabarmendu du Soroak, «hiru urtetan berreskuratuko genuela esan zuten, baina ez dute ezer egin». Egoera honi urtarrileko nomina oraindik ez dutela kobratu gehitu behar zaio. Bestelako eskaerarik ere badute lan hitzarmenean sartzeko, lantokira sartzen diren langile berriek beste langileekin berdintzearena. «Gutxiago kobratzen hasten dira eta gure lan bera egiten dute, egoera orekatzea eskatzen dugu». Astelehenean bilera dute hitzarmenaren harira eta emaitzaren zain daude. Enpresak langileek galdutakoa bueltatzeko pausorik emango ez balu lanuzteekin jarraituko lukete. Bihar eta datorren astean 2 ordukoak egingo dituzte, otsailaren 20ko astean 4 orduz egingo lituzkete lanuzteak eta hilabete bukaeran erabateko lanuztea egingo lukete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!